Hockney
Hala ere, gehien harritu zintuena, korridore baten amaieran ikusitako koadro bat izan zen. Hura, edo, behinik behin, haren oso antzekoak ikusiak zenituen katalogoetan. David Hockney-ren aspaldiko piszinetako bat zen, eta bat-batean otu zitzaizun oraindik ez zeniola neurri egokia hartu Joaquin Aldazi. Hockneyren lanak baldin bazituen etxean, bazitekeela zeu baino gazteagoa izatea gizon zahar hura.
Koadroa atsegin zitzaizula esan zenionean, beste bi lan txikiago ere bazituela erantzun zion, tartean autorretratu bat, gazte zenekoa. Erakutsiko zizkizula geroago, bere logelan zintzilikatuta. Egia esan behar bazuen, Hockneyren lanak asebetetzen zuela denen artetik gehien, baina, zoritxarrez, garestiegiak zirela berarentzat.
Hasier Etxeberria, Mutuaren hitzak. Susa narratiba, 2005. 134 or.
Self-portrait
David Hockney (Bradford, 1937), pintore britainiarra. Autobiografikotzat jotzen dira haren artelanak. Lagun hurkoak, maitaleak, sendikoak, eta bere objektu kutunak pintatu ohi ditu. Paisaia eguzkitsuak, igerilekuak eta igerilariak, palmondoak eta artez jagondako zelaiak ere gai izan ditu sarri.