Frank Bascombe

literartea 1456440692268 literartea | 2010-09-27 22:53

Frank Bascombe da Richard Ford idazle estatubatuarraren hiru eleberriren protagonista nagusia: trilogiak The Sportswriter lanarekin hartu zuen bide, eta , Independence Day eta The Lay of the Land testuekin osatu zuen. Guztietan eskema bera jarraitzen du Fordek: hiruzpalau egunetik gora ez doan narrazioan, pertsonaiak edozelako gogoeta egingo du, erakutsitako paisaiek argitutakoa edo bertan paratutako lagunen harira, bizitzari buruzko eta joandako garaien gaineko hausnarketa. Burges ederra dugu Bascombe, eta nahiz eta bere kezka, ardura, sentipen edo aldarteak gauza handirik ez iradoki, Forden kontatzeko modua bikaina da.

 

-          Gaurko Parade irakurri duzu? –egin dit galdera, soinekoari tiraka eta gelako beste aldeari begira, horma ondoan organoa duen lekuari, Van Gogh loretsu eta gazbakoak apainduari.

-          Ez dut uste –ezin baitut ondo gogoratu zer egin dudan. Izan ere, izan dudan kezka bakarra hona etorri aurretik denbora edozelan ematea izan da.

-          Walter Scott zutabegileak horrela azaldu du: andre batek ezti-xanpuaz garbitu ei du ilea eta lorategira ateratakoan, ilaia heze artean, erleek ia hiltzeraino egin diote zizt. – Mesfidati begiratzen nau-. Ez ote gezur galanta?

-          Eta zer gertatu zitzaion garagardoz ilea garbitu zuen andreari? Poloniar madarikatu batekin ezkondu ote zen?

-          Hara, Red Skeleton berori dugu hemen, bai, horixe! –esan du, alboetara burua mugituz.

 

The Sportswriter, VINTAGE, 1986.

Red Skelton (1913ko uztailaren 13a – 1997ko irailaren 17a) Ameriketako Estatu Batuetako komediantea izan zen, telebistan eta irratian ezaguna oso izan zena, 1937tik 1971ra arteko epealdian. Skeltonek zirkuan eman zituen aurreneko urratsak. Antzezle lanez aparte, margolari ere jardun zuen.