Fake

literartea 1456440692268 literartea | 2006-06-17 23:50

Morroiak apalategian utziriko hutsunea aprobetxatu nuen Fake eta Moulin Rouge pelikuletako bideoak eskuetan hartzeko. Fake ezagutzen ? galdetu zidan. Ezetz erantzun nuen buruz, aurrena gezurra esateko ohitura ez galtzeko, batez ere. Orson Wellesen pelikula bat da, erdi erreportaia, erdi fikzioa, erdi adar-jotze moduan antolatua, erritmo bizikoa. Munduan izan diren hainbat faltsifikazio handiren errepasoa egiten da filmean, eta margoen faltsifikazioak protagonismo handia hatzen du. Pelikularen bukaera aldera Wellesek hogei Picassoren faltsifikazioaren berri ematen du. Ikusleak amua jan duenean atzera egin eta Picassoren faltsifikazioena gezurra dela aitortzen du. Baina ordurako berdin da Wellesek zer esaten duen, eta are, gutxienekoa da Picasso faltsuen historia egiazkoa edo gezurrezkoa den. Berdin da, gutxienekoa da, ordurako Wellesek lortu duelako bere helburua, hau da, ikuslea mesfidantzan eta susmo txarrean instalatzea, “faltsu” eta “autentiko” kategorien arteko muga ezabatzea, bi kategoria horiek izatea bera zuzena ote den zalantza eginarazteraino. Wellesen pelikula gurtzeko objektua da nor den faltsifikatzaile-jendearen artean. Harritzen nau zuk ez ezagutzeak. Dudarik gabe Beliakovek eta biok elkar ongi ulertzen genuen.

 

Jon Alonso, Camembert helburu, Susa Liburuak, 1998. 142-143 orr.

 

 


 

 

Vérités et mensonges (1974), F for Fake izenez ere ezaguna, Orson Wellesek eginiko azken filma dugu eta artearen harian idatzitako jolasa da. Iruzurra eta iruzurgileak ditu aztergai eta Elmyr de Hory faltsifikatzaile hungariarra ezagutzeko aukera izango dugu. Filmaren hasieran Wellesen oharrak bide okerrean ipin gaitzake: erabat egiazkoa da hurrengo orduan ikusiko duzuena dio zinemagileak. Sinetsiko? Adibiderako filmaren azken partean kontaturiko istorio ederra: asmatua bada ere, itxura batean benetakoa ematen du. Oja Kodar aktoreak faltsifikatzaile baten iloba dugu filmean. Picassoren modelo izandakoa, pintoreak hainbat artelan oparitu zizkion, eta neskatoak aitona faltsugilearen esku jarri. Honek Picassoren lanak behin kopiatuta, jatorrizkoak suntsiarazi zituen. Zer dugu bada orain Picassoren lan horietan, agurearen trebezia ez bada.