Corcovado
Pianoak ezin dira lekuz aldatu. Europan ez dakit nola izango den. Europan agian bai, baina ez hemen. Europan agian txistu egin eta pianoek lau hankatan jarri eta egunkaria ekarriko dizute, magaleko zakur esanekoek bezala. Baina hemen ez. Pianoak. Monumentu tzar horiek. Corcovadoko Kristoa bezala. Nori pasako litzaioke burutik Corcovadoko Kristoa lekuz mugitzea? Pianoekin berdin. Corcovadoko Kristoari begiratzen diodan bakoitzean pianoaren musika datorkit niri belarrira. Enparau tzarrak, biak.
Harkaitz Cano, ‘Houdiniren anaia’ in Neguko Zirkoa, Susa Narratiba, 2005. 117. orr.
Corcovadoko muinoa (713 metro) Rio de Janeiron da. Eta izen bereko mendixkan ikusgai dugu Corcovadoko Kristoa deritzona. 1926 eta 1931 bitartean aritu ziren Paul Landowski (1875-1961) jatorri poloniarreko irudigile frantsesaren lana aipatu lekuan egokitzen, Brasileko independentziaren 100. urteurrena ospatzeko asmoz. Datuak hauexek dira: 38 metro luze, 6 metroko oinarria, eta 700 tona inguruko pisua. Harria: granitoa. Lana Frantzian egin zuten, gerora Rion harriak bata besteari lotzeko. Egileak 1931n zegozkion eskubideei muzin egin zien, eta haren ondorengoak behin eta berriro saiatu dira berreskuratzen, zorioneko copyrigthak aberats bihurtuko dituelakoan. Talaia horretatik Rio dugu ikusgai, Guanabarako badia eta Niteori. Ziurrenik hara behin igota, dena lainopean ikusiko du bisitariak; lainoa barik, kutsadura da paisaia mozorrotzen duena.