Batetik bestera
Herriaren bizkarra bailitzan, herriari eutsola egoan mendiska batera igo eben. Hantxe eukan Nikanorrek beretzat zerturik gordelekutxu bat, erdi harpe, erdi aterpe. Berezi sarratu baten hegal batean, haitz haundi biri txapeltzat ezarririk, gurbiz-adar moltzoa, teilatua bailitzan. Bazter zulo hori eukan babes antzera; hantxe izten zituan bere gauzatxuak, atxaren irrikitu batean.
Harako Robinson-en entzutea edo, ba eban Nikanorrek; eta bere modua, Diego Montes-en irudiaren errainu-distirak amesez ezarten zituan, bere asmamen zoranga gaztean.
Barregarriak izan eitekezan koskondua edo aginak bardindua zan edonorentzat, Nikanorrek han zokoraturik eukazan zertxuak. Baina, hamar-hamaika urteko mutikoak, birlora-lainoz ta sorgin-lanbropean ikusi ta irudipetu ohi ditue egunero mila gorabehera, gertakari misteriozko bihurturik.
Lakirio ta zepuak, tiragonak, manopla ugartuak, txakur-hilgarri zan pistolatxua bere bai… Sinistu eraginda eukazan menpeko mutikoak: Nick Carter eta Buffalo Bill-en jazoerak eta! Indioen tomahawk zoragarriak bere, berberak egiten zituala, eta han, egileor haretan gorderik zituala-ta! Anbotoko Damea berbera bere!... Irudidun paper zikindu hareetan irakurriak, eta baita beste lagun zaharrago batzuei entzuniko kontu garratzak eta… Egia. Ta orduko filme izugarriak, hainbeste domekatan amaitu ezinik erakusten zituenak, West-eko mintz baltz, isil, hitzik bakoak…
Eusebio Erkiaga, Batetik bestera, Sutondoan bilduma, Labayru. 1985. Moldakuntza eta aurkezlana: Iñaki Sarriugarte. 55-56 orrialdeak. (Jatorrizkoa, 1961).
XIX. mendearen akabuan munduratu zen Nick Carter, Sherlock Holmesen pareko izan nahian, ñabardurak ñabardura, eta ordutik hona pertsonaia bilakatuz joan da, idatzi duten idazleek gorpuztuta eta logika barik ezaugarrituta, nork bere modura, haren izaera ez baita denbora tarte honetan inondik ere molde bakarrean itxuratu. Ezinezkoa da pertsonaiaren ibilbidean kronologia taxuzkorik antzeman.
"The old detective's Pupil or the Mysterious Crime of Madison Square", 1886ko iraila. Horixe dugu abiapuntua. Street and Smith editoreen ‘New York Weekly Story Paper’ argitalpenean agertu ohi zen, ‘dime novels’ horietako batean, hamar zentaboko eleberriak zirenak hain zuzen ere. 1889an, izandako arrakastaren ondorioz, aldizkari berariazkoa bihurtu zuten Nick Carterren agerlekua, eta pertsonaia sortu zuen idazleak, John Coryellek, ezin izan zion eutsi halako ekoizpen jarraikiari. Hartara, Frederick Marmaduke Van Rensselaer Dey-k sailari segida ematen jardun zuen. 25.000 berba zuen asteroko langintza eta eskakizun, eta horretan eman zituen 17 urte. Egin kontu! 1915 arte aipatu hamar zentaboko nobelen modura argitaratu zuten. 20. eta 30. hamarkadetan PULP izenez ezagunak diren aldizkari trazakoetan kaleratuko dute. Halako edizioak, kostuei ondo erreparatuta, kalitate eskaseko paperean argitara eman dira, eta hortik datorkie izendapena: ingelesezko ‘pulp’ horrek zelulosaren ekaiari egiten dio aipu. Estatuan antzeko euskarria ezagutu zuen Nick Carterrek, eta horren isla dugu Erkiagaren aipua. Antzeko aldizkarietan ezagunak egin ziren, tamainako arrakastarekin, Sherlock Holmes eta Erkiagak berak aitatutako Buffalo Bill.
Itxura ederrekoa, onbera, berba zantarrik esango ez zuena, ez-erretzailea eta edan bakoa, andreengandik beti urrun, … halakoxea zen Nick Carter. Mozorrotzen maisua, haren sakela hondo bakoetatik edozer gauzak irten zezakeen atakak hala eskatuta: soka, arma, lanabes… edozerk.
1940tik aurrera zinemak ere bide egin zion pertsonaiari eta hainbat filmetan ezagun dugu. 1960. urtera heldu eta James Bonden arrakastaren ildotik berorren ezaugarriak zituen pertsonaia lantzen saiatu ziren aldian-aldian etorri ezin hobea zuten gidoilariak, eta gisa horretan aurkeztu zuten 200 eleberritan edo. Egun pertsonaiak bizirik dirau eta, denborari egokitzeko ahalegin horretan, imitatzekoak ditu Marvelen pertsonaiak.