BLOGAK DIRELA ETA….
Blogen mundua mundu arraro samarra iruditu zait berti niri. Hala ere, badira ohikotasunez bisitatu ohi ditudan blog batzuk. Guztiok daukagu iraganaldia eta nireak filologiara narama. Filologoa naiz ni eta horrek Ricardo Gomezen bloga (irakasle ohia) sarri bisitatzera narama. Blog hartan gertutik jarraitu nuen Iruña-Veleiako glosen berri, eta eztabaida oso garrantzitsuak irakurri ahal izan nituen. Berriki, Joxe Arantzabalen aurkikuntzari buruz ere izan dut Ricardorenean, Googleen irudi bilatzaileari buruzkoa. Bertatik, ikasle baten bloga ezagutzeko aukera ere izan dut, Ekaitz Santazeziliarena hain zuzen ere. Asko harritu nau blog honek, gure garaian ez zen horrelakorik ikusten! Baina garaiak aldatuz doaz eta ikasle berriak gogor datoz…
Aurki bilatzailearen bidez aldiz, beste zenbait blog ezagutzeko aukera ere izan dut. Bertan jira eta buelta nenbilela, aspalditik gainetik ezagututako batzuk topatzeko aukera izan dut, Volgako batelariak adibidez. Egunerokoak gauzak nabarmen ahaztera garamatza eta hori. Blog zabal eta interesgarria dela iruditu zait.
Interesak bultzatuta, hedabideak atalean sartu eta bi blogei erreparatu diet bereziki. Batetik, lehenagotik ezagutzen nuen Hala bedi irratiarena, Gasteizko irrati librearena. Irrati hau, egia esan, nahi baina gutxiago entzuten dut baina oso irrati interesgarria da, anitza, librea eta euskalduna. Haien bloga asko zaintzen dutela eta eguneratzeko lan izugarria egiten dutela ikusita izugarri poztu naiz, eta hemendik nire zorionik beroena eman nahi diet. Gero, izenez ezaguna zela eta telezaborra blogean sartu naiz. Denbora bat blogaren nondik norakoak aztertzen eman ostean gauza xelebre bat topatu dut. Goenkaleri buruzko artikulua da azken artikuluen artean eragin handiena izan duena! Argi dago Goenkalek ez duela inor axolagabe uzten. Hainbeste urte eta gero oraindik horrela! Harrigarria da baina baita miresgarria ere!
Beno, lanak behartu nauelako aritu naiz blogen munduan “miatzen” baina hemendik aurrera, tarte bat dudanean, “saltseatzen” sarriago arituko naizela uste dut, internetek guk uste baino gauza gehiago baititu guri eskaintzeko.
Egun ederra pasa guztiok eta zoriontsu bizi (edo saia zaitezte behinik behin)!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: