Zeruko Argia-tik Argia-ra, Argia-tik Euskaldunon Egunkaria-ra

lehengaia 1456150995227 Lehengaia | 2007-01-08 15:57

Kaixo guztioi. Bagatoz bueltan, parentesi luze samar baten ostean (lan-zama handia eta blogintza elkarren etsai dira, bistan denez). Onintza, Joseba, Amaia, Oihana, Nerea eta Maitane: pentsatzen dut nahiko zeregin izango duzuela tokiko telebistei, digitalizazioari eta EITBren estrategiei buruzko lanak prestatzen. Edozelan ere, memoria freskatze aldera, eskolan ikusitako zenbait ikasgairen gorabeherak zintzilikatuko dizkizuet datozen egunotan. Ikasgai horietan lehenak (posta luuuze-luuuzea izango da hau; hurrengoak, aldiz, eskematikoagoak) Espainiako Trantsizio garaira garamatza (iturriei dagokienez, hemendik eta hemendik edan dugu batik bat). 

Blog honetan bertan eskegitako beste posta batean azaldu genuen zelan euskarazko aldizkariak 1950eko hamarraldian hasi ziren loratzen Hego Euskal Herrian, ordena erlijiosoen magalean ia-ia beti. Kazetaritza berriemailerako benetako jauzia, dena dela, 1960ko hamarraldian eman zuen Hego Euskal Herriko euskarazko prentsak, Espainiako legeak apur bat malgutu zirela baliatuta: Goiz-Argi-k erlijioaz gain bestelako gaiak jorratzeari ekin zion 1960an; Zeruko Argia-k ere, 1963an astekari bihurtuta, erlijio-gaien pisua arindu eta garaiko eztabaidei heldu zien (beste posta hartan genioen moduan, aldaketa handia izan zen hura eta horri esker tokiko informazioan erreferentzialtasuna eskuratu zuen donostiar astekariak, bere orrialdeetara gazte-jendea erakartzeaz gain); Anaitasuna bilbotarra, azkenik, hamaboskari bihurtu zen 1967an eta belaunaldi berriek hartu zuten haren ardura. 1970eko hamarraldiak are aldaketa handiagoak ekarri zituen: frankismoaren amaierarekin batera, informazio orokorreko kazeta izatea lortu zuten hiru aldizkari horiek, formatua ere aldatu egin zuten, argazkien erabilera areagotu, titulu eta gai ausartagoei leku egin…

Goiz-Argi-k molde zaharreko perspektiba euskaltzale eskuindar-samar batetik jorratzen zituen berriak eta jarrera militantea zeukan euskara batuaren kontra eta erribideko euskararen alde (aldizkari honetako lagunek Erria izeneko egunkariaren egitasmoa ere ondu zuten hamarkada erdian, baina azkenean ez zuten proiektua gauzatu). Goiz-Argi-koek lagun izan zituzten Agur astekarikoak (euskara batuaren aurkako euskaltzale tradiziozaleak hauek ere) Bizkaian; aldizkari horrek 1975ean azken zenbakia atera zuenean irakurleei dei egin zien Goiz-Argi-ren egitasmoa finkatzen lagun zezaten. Bestemoduzkoa zen Anaitasunaren optika, euskara batuaren alde argi eta garbi lerratuta egoteaz gain, aldizkari horrek bere burua sozialistatzat baitzeukan. Zeruko Argia-k, azkenik, Anaitasuna-k baino malguago jokatu zuen ideologia zein hizkuntza kontuetan, baina berak ere euskara baturantz eta ezker alderantz egiten zuen herren (geroz eta nabarmenago gainera, urteek aurrera egin ahala).

Hiru kazeta horietatik landa, hutsaren hurrengo zen euskararen presentzia. Hori argi eta garbi geratzen da Xabier Aranburuk 1976an Eukaltzaindiarentzat apailaturiko txostentxoan. Beste datu deigarri batzuk ere ageri dira bertan; esate baterako, Hegoaldeko egunkarietan beharrean ziharduten 178 kazetarietatik zazpik baino ez zekitela euskaraz (egunkari horietako zuzendariei dagokienez, berriz, bakar batek ere ez zekien hizkuntza hori).

Euskarak ezer gutxi espero zezakeen, beraz, gainerako kazeta horiengandik. Anaitasuna, Zeruko Argia eta Goiz-Argi ziren Hegoaldean bere nagusitasuna bermatzen zuten bakarrak, eta ematen zuen hiru aldizkari horiek indartsu ekin ziotela aro politiko berriari: formatu aldaketaren eta kazetaritza ausartagoaren aldeko apustua egin izana horren isla dira, baina baita Zeruko Argia-k 1976a Euskal Kazetaritzaren Urtea izendatzea ere.

Aro politiko berriak, alabaina, beste elementu bat ere ekarri zien aldizkari horiei: Hego Euskal Herriko erdarazko kazeten lehia. Bat-batean hainbat kazeta sortu zen bazterretan (Garaia, Punto y Hora eta Berriak 1976an, Deia eta Egin 1977an, Ere 1979an…), abertzale-jendeak eginikoak euretariko gehienak, euren orrietan euskara apurren bat ere sartzen zutenak eta euren buruak euskal prentsa modura aurkezten zituztenak. Hona pare bat adibide: 

Deia77

Egin77 Kazeta berrien sorrerak sekulako mina egin zien Anaitasuna, Zeruko Argia eta Goiz-Argi-ri, irakurleek ez ezik iragarleek eta kazetariek eurek ere arrapaladan egin zutelako ihes egunkari eta aldizkari sorberri haietara, merkatu handiagoen bila. Zeruko Argia-n, berbarako, kazetari eta beharginen ihesa nabarmena izan zen: Amatiño Deia-ra joan zen (hala ere, bera ez zen sekula Zeruko Argia-ko kontratupeko behargin izan), Mikel Atxaga bezala; Donato Unanue eta Xalbador Garmendia Egin-era; beste batzuk, azkenik, aldizkari elebidun abertzaleetara (Garaia-rako jauzia, adibidez, Zeruko Argia-n idatzi ohi zuen idazle dezentek eman zuen). Hein batean logikoa ere bada hori gertatu izana, euskarazko kazetaritzatik bizitzea ia-ia ezinezkoa zelako garai hartan. Mikel Atxagak, berbarako, zera aitortua digu: “Liberatu bakarrak Zeruko Argia astekarian geunden. Hiru ginela, uste dut, kazetaritzatik bizi ginenak, soldata, aseguru eta guzti.” Atxagak zera ere badiosku: “Orduan ekin zitzaion profesionaltzeari. Zeruko Argia kaputxinoena zen. Beste batzuen eskuetan uzteko gogoa zuten. Kooperatiba gisako elkarte bat sortu genuen, bakoitzak diru piska bat jarriz, Franco hiltzen zenean aldaketa hori egiteko asmoz. Orduan erregistratu genuen Argia izena ere. Baina ez zen behar ziren guztiak liberatzeko modurik ikusten”.

Kontuak kontu, kazeta elebidun abertzaleen lehorreratzearekin batera, gurmaz bete ziren bazterrak: Egin-en, adibidez, ordurako Zeruko Argia eta Anaitasuna-ko irakurleek ondo ezagun zituzten bi marrazkigileren (Antton Olariaga eta Jon Zabaleta) marrazkiak ikus zitezkeen, sailen izenak euskaraz zekartzan egunkari berriak, albiste batzuk ere bai, estreinako zenbakian Euskal Herriko zazpi herrialdeetako egunkaria zela zioen gainera... Deia-k ere `Gure Lurraren Deia´ goiburua zerabilen, Mikel Atxaga eta Amatiñok idazten zuten bertan... Urtebete lehenago sortutako Punto y Hora, Berriak eta Garaia-k ere euskal prentsa zirela eta ikuspegi abertzaletik idazten zutela zioten... Zelan ez zen izango hori ere euskal prentsa, haiek ere `gureak´ baziren? Hori guztia zela-eta, definizio-arazoa sortu zen bat-batean: zer da euskal prentsa? Bertoko hedabideek egiten dutena? Ala bertoko hedabide abertzaleek egiten dutena? Ala euskara hutsez egiten dena? Kazetaelebidunak77 Kazeta abertzale diglosikoen lehorreratzeak nahasmen hori eragin zuela ikusita, autobaieztapen saioari ekin zioten Anaitasuna-tik eta argi utzi zuten euskara hutsez egiten zena baino ez zela euskal prentsa. Amatiñok, aurretiaz, zera idatzi zuen 1976 hasieran Zeruko Argia-n: “(...) euskal kazetaritzaren hauzia erdaraz konponduko denik ez dut uste (...)”. Zeruko Argia-n bertan, zera irakur zitekeen astebete geroago: “(...) Euskal kazetaritza ahultzeko eta zapuzteko bide bilakatzen den erdal aldizkaririk euskaldunena ere ez bait daiteke onar”. Joan Mari Torrealdaik, berriz, honako hau idatzi zuen Anaitasuna-n urte horretan bertan: “Euskal prentsa euskaraz dela aitortu, onhartu eta laguntzen ez duen erdal prentsak diglosia finkarazten du. Aldizkarien euskal izenak eta tituluak ez daitezela inoren engainutarako izan. Hona hemen euskal kazetaritzaren puntu larri batzu. Aztertzeak merezi du, eta aurrez aurre ez ikusi nahia geure buruaren kaltetan da. Erdal eta euskal prentsaren arteko erlazio hau, euskal kazetaritzaren urtea amaitu orduko argitan jarri behar genukeen arazo bat da.” Pare bat urte igarota, euskarazko prentsan zihardunetek oraindik ozenago burutu zuten nahasmena gainditzea helburu zuen autobaieztapen-saioa. Hara adibidez zer zioen Zeruko Argiak 1978a hasi berritan: “(...) gauza jakin bat esan beharrean gaude: euskal prentsa euskaraz eginikoa da. Egun [Hego] Euskal Herrian Anaitasuna eta Zeruko Argia dira bakarrik euskal prentsa hori. Gustatu ala ez, baina hala da. Beste guztiak, bai egunkariak eta baita aldizkariak ere, Euskadin eginikoak –euskal ikuspegitik nahi baduzue- dira baina ez euskal prentsa”. Pare bat hilabete geroago, gisa berean mintzo zen Anaitasuna, baina hori bai, Jakin eta Herria ere euskal prentsaren zakuan sartuta (Goiz-Argi zakutik kanpo utzi izanak, argi dago, euren arteko harremana onegia ez zela adierazten digu). Bi aldizkariok sasoi hartan kaleratu ohi zuten orri beteko iragarki hau zen aldarri horren adierazpen grafikoa: Geugara Kanpaina horri zenbait hilabetetan eutsi zioten bi aldizkari horiek, baina ez zuen egoera konpontzeko balio izan. Argia-koek 1987ko Euskal Kulturaren Urtekaria-n ziotenaren arabera, bi arrazoi nagusi izan zituen 1980 hamarraldi hasierako euskal prentsaren krisiak: batetik, kazeta elebidun diglosikoen lehia; bestetik, Eusko Jaurlaritza sortu berriaren laguntzarik eza: “Azken bi faktore horiek euskal prentsaren behin-behineko porrota sortu zuten, eta 1980an aldizkariek antolatutako Prentsa Euskaraz kanpaina dugu berorren lekuko. Krisi horren ondorioz, Anaitasuna itxi behar izan zen [Anaitasuna-k ez ezik, Goiz-Argi-k ere erreka jo zuen 1982an], eta Argia ere zenbait hilabetez kaleratu ezinik izan zen. Krisi horren azken datua hauxe izan zela esan genezake: prentsa elebiduna prentsa erdalduna bilakatzearen porrota. Deia-n hasiera batetan egin zen planteamendu serioa (11 kazetari euskaldun), eta Egin-en egindako estraineko saioa ere, pikutara joan ziren urtebete pasa baino lehen. Astekari elebidunen etorkizuna ere ez zen goxoagoa izan: Garaia eta Berriak berehala desagertu ziren, eta Punto y Hora-k berrestrukturaketa gogor bat behar izan zuen iraun ahal izateko.” Prentsa Euskaraz kanpaina aipatzen dute Argia-koek. Jexuxmari Zalakainek zera utzi digu idatzirik hemen kanpaina horri buruz: “Egoera kaxkar honek eraginik, Prentsa Euskaraz kanpaina antolatu zen 1980ko azaroaren 14-16rako `euskal prentsa berriro ostrazismoa gainditu nahirik´. Anaitasuna, Argia, Herria, Jakin eta Saski Naski aldizkariek bultzatutako kanpaina haren publizitateak `harpidedun berririk gabe euskal prentsak ez du etorkizunik´ zioen, eta sloganak `Euskal Prentsarik gabe ez dago Euskal Herririk´. Argi baitzegoen euskal prentsak herri euskaldunaren nortasuna gauzatzeko zuen garrantzia.”

Prentsaeuskaraz1 Ideia horiek zabaltze aldera, orotara 10.000 afixa eta 800.000 eranskailu atera zituzten antolatzaileek. Horrez gain, Hego Euskal Herrian zehar diru-bilketa ere egin zen azaroaren 14, 15 eta 16an. Ipar Euskal Herriari dagokionez, hara zer zioen Ere aldizkariak, kanpainaren atarian ateratako 61. zenbakian (1980-XI-12): “En todo caso, en Euskadi Norte la campaña tendrá un carácter distinto: será sólo de concienciación, pero no de recaudación.” Estrategiak estrategia, Zalakainen arabera kanpaina hark ez zuen antolatzaileek gogoan zerabilten helburua erdiesterik lortu: “Kanpainak ez zituen lortu aldizkari bakoitzarentzat helburu ziren 4.000 (sic) harpidedun haiek. Neurtzekoa da kanpainaren izaerak berak izan ote zuen eraginik. Bai Euskarari kanpaina antolatu zuten berberaiek bultzatu zuten. Ramon Labaien eta Pedro Miguel Etxenikeren oneritzia izan zuen. (...) Kanpaina frakaso bat izan zen. Argia 1981-IXtik 1982-Iera bitartean atera ezinik egon zen. (...) Anaitasuna okerrago ibili zen, berriz, beherakada geldiezinean sartu baitzen." Prentsaeuskaraz2

Kanpainak porrot egin zuen, beraz, eta euskarazko prentsari ere gutxi falta izan zitzaion harekin batera hondoratzeko: 1982an Anaitasuna eta Goiz-Argi desagertu ziren, eta Zeruko Argia-k ere gorriak ikusi zituen. Hara zer zioten bertako beharginek 1987ko Euskal Kulturaren Urtekaria-n:

“1980an susmatzen dira dagoeneko Argia-ren krisirik handiena suposatuko zuen egoeraren lehen datuak. Egin eta Deia egunkariak alde batetatik, eta erderazko astekari andana bestetik, 1977-78an sortu berriak izanik, astekariaren harpidedun-kopurua piska bat gutxitu zen, horrekin batera aurretik zetorren diru-zuloa irtenbideak aurkitzeko arazo larriak planteatuz. 1980an izenez eta jabegoz aldatzen da. Argia sortzen da eta jabegoa kaputxinoengandik Zeruko Argia Kooperatibara pasatzen da. Urtebete buruan ordurarteko ekipo guztiak utzi egiten zuen, eta lekukoa hartuko zutenak gaur egungo Argia-ko ekipoaren hazia edo aintzindariak izan ziren. 1981 urte bukaeran hilabete batzuz eten egiten da astekariaren argitalpena, instituzioekiko tirabira gogor baten erdian. 1982an –eta instituzioen begirune minimorik gabe- berriz ere abiatzen da Argia, bost urteren buruan harpidedunen kopurua bikoiztuz, eta horrek (taldearen jarrera militantearen laguntzaz) segurtatzen dio astekariari iraupena”.

Laguntzaeske Urte gogor batzuk pasatu eta gero, beraz, Argia-k, `Zeruko' izenlaguna galduta, egoerari buelta ematea lortu zuen: produktua kaleratzeko beharrezko zen azpiegituraz jabetu zen, kazetari gazteen talde zabala prestatu zuen eta baita irakurle-esparru berrietara iritsi ere. Oinarri horiek ezarrita, hamarraldi amaieran hurrengo pausoa emateari ekin zion: Euskaldunon Egunkaria sortzeari, alegia. Orduko gorabeherak ere Zalakainen liburuan irakur ditzakezue. Amaitzeko, euskarazko komunikazioak 1970etik gaur egun arte izaniko bilakaeraren berri ematen duten hiru anekdota ekarriko ditugu posta honetara. Hirurak ere Amatiñok kontaturikoak dira eta ez dute bestelako azalpenik behar:

 “1.- Deia-ren bi erredaktore-buruetako batek, guztiz kazetari ona eta Unibertsitateko irakasle, benetan uste zuen (eta jendaurrean esaten zuen) euskara ez zela komunikazio-hizkuntza (`el euskara no es lengua de comunicación´), eta, ondorioz, alferrik ari ginela, euskara ez baitzen sekula komunikabideetan zabalduko eta normalduko. Hau 1977an esaten zuen, ETB sortu baino bost urte lehenago.

2.- ETB 1983an hasi zenean, ez genuen uste egunero albistegi bat euskaraz egiteko gauza izango ginenik eta, hortaz, ETBren lehen programazioa telebista elebidun bezala prestatu zen. Gero, azkenengo momentuan, Eusko Jaurlaritzak hartu zuen euskaraz bakarrik egitearen erabakia, irrati zein prentsa elebidunaren porrota aztertu ondoren.

3.- Euskaltzaindiak [Espainiako] Real Academia-ren titulua jaso zuenean (1975 inguruan), Euskaltzaindiak berak prentsaurrekoa eskaini zuen Durangon eta den-dena gaztelaniaz izan zen. Prentsaurrea amaitzear zela, galdera gehiago ez zegoela-eta, nik euskaraz galdetu nuen ea euskaraz galderarik egiterik ote zegoen. Inguruan nituen kazetariek irain edo probokaziotzat hartu zuten nire ausardia hura.”


Utzi iruzkina: