Odile Kruzeta eta beste

lehengaia 1456150995227 Lehengaia | 2006-11-09 09:56

Kaixo Maitane, Nerea, Amaia, Joseba, Onintza eta Oihana. Atzo aipatu zenizkidaten arazoek gaur ere jarraitzen dute: neuk ere ezin ditut eskegi erantzun modura zuek bidalitako artikuluak. Hori dela eta, post berri honetan zintzilikatu ditut Joseba, Onintza eta Nereak Odile Kruzetari buruz esanikoak; honen ostean topatuko duzuen beste artikulu batean, berriz, Amaiak XX. mendeko euskal irratigintzari buruz eginiko eskema (biba zu etxeko lanak hain txukun egiteagatik!) topatuko duzue. Testu horri nahi duzuen informazio guztia erants diezaiokezue (beste daturen bat, ñabarduraren bat...), eta ondoren, datorren astean, zuek eraikitako hezurdura horretan eta neure uzta propioan oinarrituta zintzilikatuko dut 1980ra arteko euskal irratigintzaren ibilbidea laburbilduko duen artikulua (lotura askorekin).

Azken kontu bat: atzo nahastu egin nintzen etxerako lanak agintzerakoan. Ahaztu Labaien eta Iriondoren elkarrizketak (horiek aurrerago ikusiko ditugu): talde batek ikus dezala Joan Mari Torrealdairena eta besteak Mikel Atxagarena (1976, abagune hura gogoan: gu gara euskal prentsa epigrafearen barruan topatuko dituzue), eta datorren asteko eskolan komentatuko ditugu biak.

Beste barik, hona Odile Kruzetaren elkarrizketaz idatzi duzuena (bide batez esanda: ondo jaso duzue mamia eta txukun idatzita aurkeztu duzue):

  ODILE KRUZETA

            Odile Kruzeta 1958an jaio zen Eibarren. Hamalau urterekin Zeruko Argiarako Eibarreko kronikak egiten hasi zen. 1976an, euskal kazetaritzaren urtean, Zeruko Argian kolaboratzaile lanak egin zituen. Franco hil berria zen eta demokraziarako bidean euforia giroa zabaldu zen gizartean. Askatasun giroa gailendu zen eta horri esker diktadurapean euskal kazetaritzan egindako lana gorpuzten eta errotzen hasi zen. Ordura arte euskarazko kazetaritza oso apala eta xumea zen. Garai berean eman ziren, baita ere, euskara batuaren lehen urratsak eta hizkuntzaren batasunak bultzada handia eman zion euskal kazetaritzari.

 

Gizartean saltsa handia zegoen: sekulako eztabaidak zeuden mahai gainean, ideologiak pil-pilean zeuden eta abar. Aldi berean, ordea, sormenerako eta lanerako gogo handia zegoen. Lan horren fruitu izan ziren Anaitasuna, Argia eta Deiak ateratako euskarazko atala, besteak beste. Hala ere, mugimendua ez zen prentsa idatzira mugatu irratian ere gauza berriak egiten hasi baitziren.

 

1976an Herri Irratiak “24 orduak euskaraz” antolatu zuen. Belodromoan bildu ziren euskal gizarteko hainbat eta hainbat estamentu: kantariak, pentsalariak, artistak, herritar soilak... Ekimen horren bitartez ordura arte ametsa zena errealitate bihurtzea lortu zen, hots, 24 orduz euskaraz egitea irratian. “24 orduak euskaraz” ekitaldiaren izenak ere aldarrikapen argi bat zekarren bere baitan: eguneko 24 orduak euskaraz bizi nahi zituztela eta euskara etxeko txokotik kalera atera nahi zutela aldarrikatu zuten milaka eta milaka pertsonek. Joxe Ramon Beloki ekimen horren koordinatzaileak esan zuen egun hartan egindakoa anti-irratia izan zela, programazioa kazetaritzaren aurkakoa izan zelako. Momentu hartan, hala ere, helburua ez zen irrati programazio bikain bat egitea, baizik eta erakustea posible zela irratian egun osoz euskaraz jardutea eta erakustea atzetik herri oso bat zegoela horri arnasa emateko, hauspoa emateko.

 

24 orduko ekimenak jarraipena izan du gaur arte. Bai Euskadi Irratiak, bai Euskadi Gazteak eta baita euskaraz ari diren herri mailako hainbat irratik egiten dutena honakoa da: orduko hari muturra jarraitzea. Hori guztia ez da goizetik gauera gertatu. Harrezkero euskal hedabideek zerbait egin badute izan da euskal komunitatea sortzea. Hain zuzen ere, euskaraz hitz egin dezaketen biologoak, medikuak, idazleak... azaleratzea zeren egon bazeuden, baina inork ez zituen ezagutzen.

 

Euskadi Irratia sortu aurretik lan bat edo beste egin zuen irratirako: musika programazio bat euskaraz, saio berezi bat edo beste eta abar. Euskadi Irratian 1982-83 inguruan hasi zen lanean. Hasiera batean informatiboetan jardun zuen, beranduago informatiboen ardura hartu zuen eta 2000. urtetik aurrera Euskadi Irratiko zuzendaria da. Irratiak euskara batuari ekarpen asko egin dizkiola uste du: hizkuntza goxatu egin du, ertzak limatu ditu (idatzizko euskara jasoaren eta etxeko euskara informalaren tartean jarri da).

 

Euskadi Gazteako zuzendaria ere izan da. Odile Kruzetaren aburuz Euskadi Gaztearen sorrera beharrezkoa izan zen gazteen komunikazio beharrak asetzeko. Hala ere, hasiera ez zen arrosaz beteriko bide bat izan. Zailtasun ugari izan zituzten, besteak beste: esatari onak aurkitzea, irudi bat lantzea eta abar.

 

Etorkizunera begira euskal irratigintzak gainditu beharreko erronka nagusi bat azpimarratu du: irrati pribatuak sortzea. Irrati publikoek irrati pribatuen beharra dute, lehiakortasuna areagotu eta zerbitzua hobetzeko. Une honetan hutsune handia ikusten du arlo horretan. Hala ere, itxaropentsu begiratzen dio etorkizunari, euskal kazetaritzak bere historiako unerik oparoen eta indartsuena bizi baitu: bai komunikatzaile kopuruari dagokionez, bai euskara batuak gizartean duen onarpenari dagokionez eta abar.

 

Nerea Barrutia

Joseba Orella

Onintza Ayestaran


Utzi iruzkina: