Ipar Euskal Herria, elebitasun diglosikoaren bidetik

lehengaia 1456150995227 Lehengaia | 2006-10-20 23:26

Ipar Euskal Herrian 1930 ingurutik 1960ko hamarraldira arte doan denbora-tartea aztertuko dugu posta honetan. Atal honetarako informazioa hiru iturritatik atera dugu batik bat: Xipri Arbelbideren liburu honetatik (XX. mendean euskaltzaletasunak Iparraldean izaniko bilakaera ulertzeko ezinbestekoa), Piarres Lafitteren  "Euskal astekariaren ixtorioa (1887-1969)" idazlanetik eta, azkenik, Jean-Louis Davanten eta Janbattitt Dirassarren komunikazio pertsonalak.

Euskarazko literatura bezala, euskarazko kazetaritza ere Ipar Euskal Herrian abiatu zela ikusi genuen aurreko posta batean. Ikusi genuen, halaber, zelan Baionako Eskualduna kazeta zen beronen bandera-ontzi nagusi. Aztertu ditugu honezkero haren ezaugarriak: euskaltzaletasuna (haren euskara arrotz samarra egin bazaizue ere, komeni da ohitzea; besteak beste, Ibon Sarasolak ondo esan zuen moduan, Hegoaldekoon euskara ulertzeko gaztelania larregi jakin behar delako), euskaltzaletasuna, genioen, tokian tokiko informazioa eta erlijioaren eta mundu-ordena zaharraren defentsa sutsua, liberalismoaren aurkako salaketa apokaliptiko samarrekin batera.

Eskualduna-ren jarrera integrista ez zen urteekin bigundu; horren froga da, berbarako, 1936ko gerran Francoren alde agertu izana (ez hori bakarrik: baita Hegoaldetik Iparraldera ihesi joan zirenen kontrako giroa hauspotu izana ere). Horren froga da, halaber, II. Mundu Gerran izan zuen joera alemanzalea (oso lagun zuten, adibidez, Ibarnegarai ministro uhartiarra). Lafittek dioenez, Xalbat Arotzarena Eskualduna-ren azken zuzendaria "Libération-ean arrestatu eta jujetarat jaulkitu" zuten. Horren ostean, Lafitte beraren arabera, "Arotçarena preso hartu zutelarik, Eskualduna ere kondenatu zuten, haren sosak eta liburuak norapait ereman. Eta hola bururatu zen haren iraupen luzea!"

Alabaina, ordura arteko ibilbide luze horren lekukoa hartu zuen berehala beste kazeta batek. Hara zelan kontatzen duen hori Lafittek: "L. Léon, Uztaritzeko jaun erretor nausia penatua zen Eskualdunek ez zutela gehiago beren kazetarik. Ez zitakela hola egon deus egin gabe, adixkide eskualzale zonbait asaldatu zituen, hala nola Mgr Saint-Pierre, Louis Dassance, Oxobi, Zerbitzari, Duhour, Dufau... Eta pentsatu zuten Lafitte ezarri behar zutela kazeta berri baten moldatzaile: inprimeriako lanetan ez omen zen hain arrotz eta bertzale orok jakinki ez zela behin ere Alemanen aldekoa izan, memento hartan gauza premiatsua baitzen. L. Léon, jin zen bada Uztaritzeko Semenariorat Lafitten mintzatzerat. Hunek ez zuen ezetz erran (...). Bilkura egin zen. Oro akort, behar zela eskuarazko astekari bat muntatu, eta dotzen-erdi bat izenen artetik hautatu zuten Herria. (...) Eta Lafitte kargatu zuten Herria delakoaren jalgi-arazteko urhatsez."

Eskualduna zarratu zuten urte berean abiatu zen, beraz, Herria, Baionan bertan eta Lafitteren zuzendaritzapean. Zenbakiko 2.000 ale pasatxo botaz ekin zion astekari berriak bere ibilbideari. Garairik onenean (Aljeriako gerra sasoian, hara joaniko hainbat euskaldun harpidetu egin baitziren) 5.000 botatzera heldu ziren. Gaur egun, sorrera-garaietan bezala dabiltza, 3.300 ale inguruko botaldiarekin.

Eskualduna-ren oinordeko da Herria gauza askori dagokionez: euskara da nagusi bere orrietan (zenbaki bakoitzean artikulu bat frantsesez sartu izan zuten 1990eko hamarkadara arte, frantses legeek hartara behartzen zituztela pentsaturik; gaur egun, aldiz, euskara hutsez plazaratzen dute kazeta), eta, Eskualduna-n bezala, garrantzi berezia ematen diote tokian tokiko informazioari, berriemaile-sare zabal batek lagundurik.

Haatik, Eskualduna ez bezala, Herria ez da integrista, ez da hura bezain mitineroa. Demokrazia kristau euskaltzalea du ipar. Joera horrek izan zuen aitzindaririk Iparraldeko kazetetan. Izan ere, Lafittek berak eta Eskualduna-ren orduko joerarekin bat ez zetozen beste zenbaitek, Aintzina hilabetekari elebiduna sortu zuten 1934an (kazeta horri eta Lafitteri buruz gehiago jakiteko aukera egokia duzue hau). Kultura eta politika gaiak jorratu ohi zituen kazeta horrek, eta bere testuetan nabarmena zen Hegoaldean sortu berria zen abertzaletasun modernoaren eragina. Erreparatu bestela irudi hauei.

Jean-Louis Davantek 1963ko urrian laster ezagutuko dugun Enbata-ren 29. zenbakian zioenez, "(...) hamalaueko gerlaren ondoriozko frantses nazionalismo gogor baten pean zagon ipar aldea: bere abertzaletasuna errejionalisma epel batean ito behar zuen Aintzinak. Laster etorri zen hogoi-ta-hamaseieko guda eta hemengo abertzaleak Franco-ren kontra oldartzea oso gaizki hartu zuten hango Eskualdunek, ezen hori komunista agertzea zakoten. Fin gaixto egin zuen Aintzinak."

Zuberotar euskaltzainak berak esana digu beste hau ere: "Espainiako gerla denboran Aintzina ezabatu zen ezin baitzuten pentsatzen zutena agertu." Baiki: 1937an bertan behera utzi zuten aldizkaria, Ipar Euskal Herriko gizarteak ez baitzien barkatu Hegoaldeko iheslarien aldeko jarrera hartu izana.

Edozelan ere, handik urte batzuetara, 1942an, kazeta kaleratzeko beste saiakera bat egin zuten Piarres Larzabal, Marc Legasse, Piarres Xarriton, Eugene Goihenetxe, Mixel Labeguerie eta beste hainbatek. Ez zuen luze iraun euren ahaleginak; Davanten arabera, Larzabalen eta Legasseren arteko ika-mikek moztu zioten bidea: "Bigarren Aintzina hori berek ezabatu zuten. Izan ere, ez baitzeuden ados; batetik zen Legasse (separatista), eta bestetik Larzabal (ordu haietan erregionalista)." Konponezin horren ondorioz, 1943an plazaratzeari utzi zion Aintzina-k.

Aintzina-k, dena dela, hautu garbia egin zuen bere garaian: gizartean eragin politikoa izan guran, frantsesaren aldeko elebitasun diglosikoa hobetsi zuen, jende gehiagorengana ailegatze aldera. Bide berari ekin zion berak baino lehen Gure Herria kultur hilabetekariak (gerora bi hilero kaleratuko zuten). 1921etik 1939ra arteko lehen aro bat izan zuen kazeta horrek, eta II. Mundu Gerra amaitutakoan berragertu zen, 1950ean.

Elebitasun diglosikoaren hazia hedatua zen, beraz, Iparraldeko sektore euskaltzaleen artean ere: 1950ean bertan, berbarako, Embata izeneko kazeta atera zuten Iparraldeko ikasle batzuek. Kazeta apolitiko horri, ordea, lema-kolpe bortitza eman zioten Ximun Haran, Mixel Labeguerie eta beste zenbait lagunek 1960 amaieran. Sortu berri zuten mugimendu abertzalearen dekalogoa paratu zuten kazetaren azalean. Ikasle-elkarteko gainerako kideek ez zuten begi onez ikusi lema-kolpe hori, eta Embata izena erabiltzea debekatu zieten Haran eta konpainiari. Hauek, berriz, hizki bat aldatu eta kazeta Enbata izenez kaleratzeari ekin zioten. Euren mugimendu politikoaren bozeramaile izan zen aurrerantzean hilebetekari hura (ikus honetaz gehiago dokumentu interesgarri honetan).

Enbata astekaria da gaur egun, eta, orduan bezala, bigarren mailakoa da bertan euskararen presentzia. Ezen Gure Herria-k, Aintzina-k eta Enbata-k ateak parez pare zabaldu baitzizkioten elebitasun diglosikoari, eta Ipar Euskal Herrian harrezkero sorturiko kazeta gehienek bide hori urratu dute.

Salbuespenen artean, jada izendatua dugun Herria da nagusi. Izan dira euskarazko beste saio batzuk ere, bizitza laburrekoak guztiak (1945eko Oiarzuna. Eskualdun Emazten kazeta, 1950eko Pottolo. Eskualdun haurren agerkaria, 1960 eta 1962 artean plazaratu zen Pan-Pin hilabetekaria edo 1970eko hamarraldiko Hitz eta Zabal, besteak beste; Zabal-i buruz gehiago hemen), baina, ahaleginak ahalegin, kontua da euskarazko prentsak erreferentzialtasuna galdu duela Ipar Euskal Herrian, eta, itxura guztien arabera, senperrenak egin beharko ditu erreferentzialtasun hori berreskuratzeko.     


Utzi iruzkina: