Ibaizabal-en osteko hutsunetik 1936ko gerrara arte

lehengaia 1456150995227 Lehengaia | 2006-10-20 03:59

Kaixo, ikasle zein kanpoko bisitari. Aurreko postan ikusi genuenez, eredu interesgarria abiatu zuten Hegoaldean Euskalzale eta Ibaizabal-ek (Euskalzale-ren garrantziaren berri ematen digu, besteak beste, artikulu honek). Haatik, azken hori desagertu ostean, basamortuko zeharkaldia egin behar izan zuen euskarazko prentsak Hegoaldean (Iparraldean, bien bitartean, bere garairik onenak bizi zituen Eskualduna-k), harik eta 1910eko hamarraldian euskarazko kazetak berriro agertzen hasi ziren arte.

Momentu horretatik 1936ra arteko epea da posta honetan hizpide izango duguna. Horretarako batez ere hiru iturri hauetatik edan dugu: batetik, lehen ere aipatua dugun lan hau; bestetik, UEUk laster sarean (hemen) jarriko duen beste hau; eta, hirugarrenik, Jesus Mari Zalakainen doktorego tesia laburbiltzen duen liburua; horiez gain, Bilboko Udalak aurki kaleratuko duen Bertan Bilbo. Bizkaiko hiriburua eta euskara: XX. mendeko historia lanetik ere (sarean zein paperean izango da eskuragai) edan dugu.

Behin horiek argituta, gatozen harira. Esandako moduan, Euskalzale eta Ibaizabal desagertu eta gero hamarraldi luze bateko hutsunea egon zen Hegoaldeko euskarazko prentsan. Azkuek sorturiko kazeta horiek ez zeukaten sor-marka estuegirik (ez politikari ez erlijioari zegokienez), ahalik eta jende-esparru zabalenarengana iriste aldera. Hurrengo hamarkadakoak, aldiz, Elizaren edota Euzko Alderdi Jeltzalearen gerizpean sortu ziren. 

Horren lekuko da isilaldiaren ostean jaiotako lehena, 1916an Bilbon kaleratutako Euzko-Deya, euskara hutsezko kultur hamaboskaria. Haren mantxetan azpititulu modura ageri zen leloak ez zuen zalantzarako tarterik uzten: Jaungoikua eta Lagi-Zarra. Arsenio Beaskoetxea eta Josu Telletxeak sortu zuten; haren 12 orrialdeak, berriz, Bizkaiko hiriburuan 1910ean jaiotako Euzkeltzale Bazkuna-koek (ikus horri buruzko informazioa artikulu honen amaieran) bete ohi zituzten.

Zelako gaiekin bete ohi zituzten, baina, orriok? Tira, eduki zehatzeko atal batzuen aldamenean, (Lugintza-gayak baserritarrentzat, Itxaskuntza-gayak, Goizparki edo ebanjeliua, Euzkadi'ko izparrak, Osasun-gayak) autore atzerritarren itzulpenak eta ipuin eta kontakizunak tartekatzen zituzten. Politika, berriz, Jel-Azija eta Idazki aberkoyak ataletan jorratzen zuten, eta Kirikiñok berak ere bere ekarria isuri zuen Barriketak sailera. Azpimarratzeko modukoa da, halaber, Xabier Lizardik bertan eman zituela argitara bere estreinako olerkiak (Zarautz'tar Sabin sinadurapean), Kepa Enbeitaren bertsoak ere sarritan agertu zirela orrialde horietan, eta baita zenabit emakumeren poemak ere (Tene Mujika eta Irene Gorosabelenak, besteak beste). 

Etapa bi izan zituen kazeta honek: lehena, 1916tik 1920ra; bigarrena, 1920tik 1923ra. Urte horretan hamaboskaria desagertu izanaren arrazoiak, berriz, hemen topatuko dituzue. Anekdota modura baino ez bada ere, bestalde, hona datu bitxi bat: bere estreinako zenbakian euskarazko kazetaritzaren aitzindarietako baten heriotzaren berri eman zuen Euzko-Deya-k; Juan Bautista Bilbao Batxi-ren heriotzaren berri, hain zuzen. Hona estrainako zenbaki horren azala, http://www.argia.com/mendea/index.htm webgunetik hartua:

Jelkidea zen, beraz, Euzko-Deya. Alabaina, haren ondoren plazaratu ziren kazetak elizkoiak izan ziren jelkideak baino gehiago. Egin kontu: 1920ko hamarraldi hasieran euskarazko hamar kazeta zeuden Euskal Herrian, eta euretako zazpi elizkoiak ziren. Honako hauek, hain zuzen: Jaungoiko-Zale, Irugarrengo Prantziskotarra, Irugarrengoen Irakaslea, San Francesen Deia, Jesus'en Biotzaren Deya, Fedearen Propagacioneco Urtecaria eta Zeruko Argia (1919an kaputxinoek sortua eta 1980ko hamarkadan, Zeruko hitza bidean galdu, kaputxinoen magaletik irten eta kooperatiba bihurtuta, gaur egungo Argia bihurtu zena).

Erlijiosoak ez ziren beste hiruretako bi ezagun ditugu honezkero: Euzko-Deya eta Baionako Eskualduna. Hirugarrenak, berriz, Donostiako Argia astekariak, Euskalzale eta Ibaizabal-en eredua jarraitu zuen: ez zen politika-kontuetan itsu-itsuan sartzen, ez zen Elizaren gerizpean sorturikoa (haren zuzendaritzako sei kideetatik hiru elizgizonak izan arren) eta berriemailea zen iritzi-emailea baino gehiago.

Laster jarraituko dugu Argia-ri buruzko kontuekin. Hori baino lehen, esan dezagun 1920ko hamarkadan euskarazko kazetak ugaldu ziren arren, irakurleak ez zirela hein berean hazi. Hara bestela Jaungoiko-Zale-ren 206. zenbakian (1922-XI-15) agerturiko kexua: "Baña irakurgayak geituten diran neurrijan geitu ete dira irakurliak be? Agirijan dago gaur euskaldunak zerbait irakurten dabela, orain ogetamar urte baño askoz geyago. Baña ondiño asko dira ezertxu be irakurten ez dabenak (...)"

Parentesia itxita, jarrai dezagun Argia-ri buruz berbetan. Donostiar astekariaren ekarpen nagusienetako bat da Hegoaldeko ordura arteko beste euskarazko kazetek baino askoz zabalkunde handiagoa erdietsi izana (eta, beraz, jendea euskaraz irakurtzera ohitu izana: egin kontu ia 800 zenbaki atera zituela eta garairik onenetan 7.000 bezero zeuzkala).

Badago, ordea, azpimarratu beharreko beste kontu bat ere kazeta honi buruz ari garela: haren eragileek ez zuten bertan-goxo egin eta gogotsu saiatu ziren astekaria ateratzeaz gain beste egitasmo batzuk ere bultzatzen. Horren adierazgarri da 1927an atera zuten Txistu izeneko komiki-aldizkaria, eta, batez ere, eurek (Lizardiren eta beste zenbaiten laguntzarekin batera) sustaturiko euskarazko egunkari-egitasmoa.

Kontua lehenagotik zetorren eta 1929ko ekainean egitasmoa gauzatzear zegoela ematen zuen, Euskaltzaleak elkarteak gaiari buruzko txostena argitaratu baitzuen Argia-n (euskarazko egunkariaren jaiotza iragarri zuten bertan). Uztailaren 14an, aldiz, euskal egunkariaren lagin bat kaleratu zuten Argia-koek, eta abuztuan diru-bilketari ekin zioten; ez hori bakarrik: estiloa, itxura, edukiak eta enparauak zehazten ere ibili ziren.

Enparau horien artean, erosle kopuruaz ere egin zen berba. Lizardik 1929ko uztaileko iritzi-artikulu batean idatzitakoaren arabera, 3.000 erosle behar zituen euskarazko egunkariak bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko.

Dena prest zegoela ematen zuenean, ordea, beste hautu bat hobetsi zuen garai hartako kultur eragile nagusi eta EAJren factotum Jose Ariztimuño Aitzol-ek: egunkari elebidun (diglosiko, bistan denez) baten alde egitea, jende gehiagorengana heltzeko asmoz. Apustu horren ondorioz sortu zen El Día egunkaria Gipuzkoan 1930ean (hemen hari buruzko informazio gehiago). Bai igarri ere Argia-k egunkari berriaren sorrerari: batetik, astekariaren zuzendari Ander Artzeluz Luzear-ek El Día-ra alde egin zuen, bertako euskarazko eguneroko orrialde erdiaren ardura hartzera; bestetik, Argia-ren salmentak jaitsi egin ziren, irakurle asko egunkari berriko bezero izatera pasa baitzen (aurreragoko posta batean ikusiko dugun moduan, urte asko geroago ere antzeko kinketatik pasa behar izan zuten euskarazko kazetek).

Politika horrek zenbait euskaltzaleren kexuak eragin zituen. Nemesio Etxanizenak, esate baterako. Zera idatzi zion honek Ander Artzeluzi, El Día-ren euskara-kopuru urria (orrialde erdi) gogoan: "Gutxitxo dugu hori, gutxitxo eguneroko euskaltzale batek eskeintzeko. Ez ote da hori ejenplo txarra ematea herriari? Gure esanak esan, euskara txoko estu batean gordetzen badugu alperrik herriari jardungo diogu euskaltzaletasunean aurreratzeko deadarka."

Aitzoli, berriz, modu honetan zuzendu zitzaion Etxaniz: "Eguneroko euskaltzaleenak ere euskara hain gutxi ekartzeak herria erderara gehiago erakarri du: nere ustez (barkatu) gure artean izan ditugun erdal irakasle guztiak baiño erdera gehiago sartu digute herrian El Día-k eta Euzkadi-k. (...) Jauregik zuzen dioenez, erderaz egin beharra ere badugu: baiña beti edo ia beti erderaz idatzi beharrik eztugu. Hasi bada Jauregi, Artetxe, Aitzol ta beste idazle izen haunditxoa duzutenok, euskeraz sarri eskribitzen."     

El Día-k, dena dela, bide-erakuslea izan zuen Bizkaian: 1913an Bilbon sortutako Euzkadi egunkari jeltzalea, hain zuzen. Zabalkunde handiko kazeta zen hura (10.000 ale zenbakiko) eta Euskal Orria izeneko euskarazko atala zeukan. Sail horri esker, euskarak estreinakoz egin zuen leku bat eguneroko prentsan. Laster ezagutuko dugun Eguna jaiotzearekin batera desagertu zen Euskal Orria Euzkadi-tik, baina ordura arte itzal handiko jendeak hartu zuen sail horren ardura (Kirikiñok lehenengo, Orixek ondoren eta Lauaxetak azkenik).  

Egia esan, aurrez ere izan zuen eten bat egunkari horren euskal atalak: Primo de Riveraren diktadura garaian, hain justu. Behin diktadura hori amaituta, Euzkadi-ren euskarazko atalarekin batera, beste hainbat argitalpen eta ekimen iritsi ziren (ez alferrik, Pizkundea deitu ohi zaio orduan hasi eta 1936ko gerrara arte iraun zuen aro laburrari; horri buruzko ohar interesgarri batzuk dituzue hemen).

Argitalpenen artean pare bat nabarmen daitezke: batetik, 1929ko Euzkerea kultur hilabetekari elebidun bilbotarra (bi hilero kaleratuko zen gerora), 1919an sortutako Euskaltzaindiaren Euskera aldizkariari aurre egin gura ziona, ez baitzetorren haren hizkuntza-irizpideekin bat (Euzkerea sabindarra zen, goitik behera; Euskaltzaindiaren agerkarian, aldiz, Azkueren irizpideak ziren nagusi). Bilbotar kazeta horretan garai hartan euskal kulturan nor ziren gehienek idatzi zuten, hala nola Kirikiñok, Kepa Enbeitak, Sebero Altubek, Lizardik, Lauaxetak...

Bestetik, arestian ezagutu dugun Euzkeltzale Bazkuna-koek, diktadurarekin batera Euzko-Deya galdu eta gero, beste egitasmo bat ontzeari ekin zioten behin Primo de Riveraren agintaldia amaituta; ahalegin horren ondorio izan zen 1932an plazaraturiko euskara hutsezko Euzko astekari politiko bilbotarra. Jeltzalea zen, goitik behera, bere aitzindari Euzko-Deya moduan, eta kazetaritza-munduan Kirikiñorekin trebaturiko Manu Ziarsolo Abeletxe zeukan zuzendari. Astekariarekin batera, gainera, Gastetxu komiki-orria ere banatzen zuten.

Ez luzaroan, ordea, 1934an hondoa jo baitzuen astekariak, zorrek itota. Urtebete lehenago, 1933ko martxoaren 4an, Ogoñope-k emana zuen abisua: "Zenbat Euzko euzkal-izparringi-aberrtzale saltzen dira Bilbao'ko 30.000 euskaldun artian? Berrehun (200) baño ez, eta au lotsagarrijetan be lotsagarrija da (...)".

Hain markatua ez zen Argia-k, aldiz, sekulako arrakasta zeukan garai berean, baita Bizkaian bertan ere (Ondarroan, berbarako, 70 harpidetik gora zeuzkan). Gerora ere Deia eta Egin-i antzeko zer edo zer gertatu ez ote zitzaien (hautu politiko batzuen alde lerratuegi agertzeak merkatuan gehiago sartzea eragotzi ez ote zien, alegia), horra gogoetarako gaia...

Edozelan ere, Euzkerea eta Euzko baino askoz garrantzitsuago izan zen 1937ko Urteberri egunean jaiotako beste kazeta bat: Eguna, euskarazko lehenengo egunkaria. Gauzak zer diren, garai lasaiagoetan bazter utzitako egitasmoa bultzatzea erabaki zuten jeltzaleek, noiz eta Hego Euskal Herria gerran zenean (gerra garaian, halaber, EAE-ANVk gobernatzen zuen Nekazaritza Sailak Ereintza aldizkaria atera zuen euskara hutsean, baserritarrei zuzendurik).

Eguna-ren azal bat: www.argia.com/mendea/irudiak/37eguna.jpg

Jaurlaritza sortu berriaren aginpidea baliatuta antolatu zuten jeltzaleek Eguna, eta eurengandik gertu-gertuko pertsonak jarri zituzten ardura karguetan: Abeletxe zuzendari, Agustin Zubikarai erredakzio-buru eta Eusebio Erkiaga, Alexander Mendizabal eta Jose Maria Arizmendiarrieta kazetari. Lana beltz egin behar izan zuten denek ere; dena dela, ezin ahaztu laguntzaile-talde zabala zeukatela (Iñaki Eizmendi Basarri, Jesus Insausti Uzturre edota Ander Artzeluz Luzear, besteak beste).

Unerik onenetan 20.000 ale bota zituzten zenbakiko eta gehien-gehienak dohainik banatzen ziren fronteko gudarien artean. 1937ko ekainaren 13an kaleratu zen azkenengo biderrez, faxistek Bilbo mendean hartu baino egun batzuk lehenago. Bere kasua ez zen salbuespena izan, gerrak Hegoaldeko euskarazko kazeta guztiak desagerrarazi baitzituen. Aurrerago ikusiko dugun moduan, urte batzuk behar izan ziren apurka-apurka behartutako lozorro hartatik ateratzen hasteko.


Utzi iruzkina: