Euskarazko prentsaren sorrera Hego Euskal Herrian
Ipar Euskal Herrian xuri eta gorrien artean bezala, Hego Euskal Herrian ere gizartea karlisten eta liberalen artean zatituta zegoen euskara kazetetan agertzen hasi zen garaian (protohistoria interesatzen bazaizue, irakur ezazue Javier Diaz Nociren testu hau). Egin kontu 1876an II. Karlistaldia amaitu eta pare bat urtera kaleratu zutela Kanpion eta enparauek euren Revista Euskara (1878tik 1883ra plazaratu zen Iruñean, edukiaren %25 inguru euskaraz zeukala).
Karlistaldien biharamunak, gauza jakina da, eragin latza izan zuen Hego Euskal Herrian: aduanak Ebrotik kentzea, derrigorrezko soldadutza, foruen galera, derrigorrezko eskolatzea (gaztelaniaz, bistan denez)... Liberalek, neurri horiez guztiez gainera, ekoizpen-modu berria zekarten eurekin: garai hartan abiatu zen industrializazioa Hegoaldean (Bizkaian eta Gipuzkoan batik bat), eta fenomeno berriak jende-mugimendu itzela eragin zuen (Euskal Herriko landaguneetatik hirietarakoa ez ezik, baita Espainia aldetik Euskal Herrirakoa ere).
Euskara gai zen mundu-ordena zaharra azaltzeko; are: ordena hartako eguneroko bizimodurako ere balio zuen (bai inguruko mundua izendatzeko, bai inguru horretako biztanleekin komunikatzeko). Landaguneetatik aldendu ahala, ordea, ordena horrek indarra galtzen zuen eta industria-sistema gailentzen zen. Eta han euskarak ezer gutxirako balio zuen.
Paradigma berria ari zen gailentzen, eta, berarekin batera, euskararen iraupenari buruzko kezka. Ordukoa da, adibidez, Felipe Arrese Beitiaren "Ama euskeriari azken agurrak" olerkia (1879), eta apur bat geroagokoak Unamuno eta Barojak euskarak mundu modernorako zeukan baliagarritasun ezaz esanikoak. Ordukoa da, halaber, horren guztiaren aurkako erreakzio modura, Euzko Alderdi Jeltzalearen sorrera. Sabindarrek kazeta ugari sortu zituzten euren ideiak zabaltzeko, baina euskara bazter-hizkuntza izan zen beti lehen urteetako kazeta horietan (ez zuen %15 inguruko langarik gainditu).
Jeltzaleez gain, ordea, baziren beste sektore filoabertzale batzuk ere, foruzaleen artean batik bat. Sektore horretako lagunek Euskalduna kazeta foruzalea argitaratzeari ekin zioten Bilbon 1896an. Ramon M. Sota abokatu eta ontzigilea zuten buru. Sotak, besteak beste, Arrese Beitia eta Resurreccion Maria Azkue erakarri zituen bere aldamenera.
Azkue gizon pragmatikoa zen: berba-jardun hutsean geratu beharrean, euskararen aldeko egitasmoak gauzatzea zuen lehentasun, eta horretarako agintari eta dirudunekin tratuan jardun behar bazuen, hala egingo zuen (horrela jarri zuen berriro Euskaltzaindia martxan, berbarako, 1936ko gerraosteko estreinako urteetan). Estrategia horri jarraiki hainbat sos eskuratu ahal izan zuen Sota eta beste batzuengandik Bilbon sortzeko Euskal Ikastetxea, Euskaldun Biltokia, Euskeria abesbatza eta Alkartasuna elkartea.
Ez zen hor amaitu ordea bere lana: prentsa lortzen ari zen indarraz jabetuta, euskarak ere tresna hori baliatu beharra zeukala iritzi zion, eta, horretarako behar zuen dirua bilduta, Hego Euskal Herriko estreinako euskara hutsezko astekaria plazaratu zuen Bilbon 1897ko urtarrilaren 3an: Euskalzale, zortzi orrialdeko kazeta iragarki eta argazkiduna.
Zuhurra zen Azkue, ez zuen bere egitasmoa arriskuan jarri gura; hori dela eta, hasiera-hasieratik saihestu zituen politika-gaiak. Horien ordez, kantuak, pasadizoak, xelebrekeriak eta erlijio-kontuak bildu zituen aldizkari berriaren orrietara, eta baita Hego zein Ipar Euskal Herriko eta atzerriko berri laburrak ere. Alabaina, haren zuhurtzia gorabehera, 1899ko irailaren 27an Bizkaiko Gobernadore Zibilak Euskalzale ele bitan argitaratzera behartu zuen Azkue; ez hori bakarrik: urrian garai hartako 100 pezetako isuna ezarri zion agindua ez betetzeagatik.
Pare bat hilabete aldizkaria ele bitan argitaratzen eman ostean (orriak bi zutabetan banatu zituen horretarako: ezkerrean euskarazko testua jarri ohi zuen eta eskuinean gaztelaniazko itzulpena), 1899ko abenduaren 24an argitaratu zuen azken zenbakia: gehiegizko lanak eta diru-galerek mendean hartu zuten Azkue.
Egoskorra izan gizona ordea, eta ez zuen beste barik etsi. Tomas Epalzaren arrimura hurreratuta, sos-bilketari ekin zion berriro. Horrez gain, euskarazko kazetaritzaren erreferentzia saihestezin baten laguntza ere erdietsi zuen: Ebaristo Bustintza Kirikiño-rena, hain zuzen. Bataren zein bestearen laguntzari esker, Ibaizabal astekaria atera zuen Bilbon, 1902ko errege-bezperan.
Honela mintzo zen Azkue Ibaizabal-en lehen zenbakian: "(...) minduteko gauzea da izan be, Europa guztiko izkuntzetan albistariak ikustea, gueu bakarrik gareala ainbakoak. Gure anaia Prantzes-Euskaldunak daukee bat Donibane Lohitzunen (San Juan de Luz) amabost urte onetan, Eskualduna derichona, erdizka Prantzesez eta Euskeraz eguiña; beste bat eidaukee Kalifornian, ara bizi izaten joan direanak sorturikoa (...)"
Kirikiñoren aholkuei jarraiki, gipuzkera eta bizkaieraren arteko hizkera laua, ulerterraza hobetsi zuen Azkuek Ibaizabal-erako, garai hartako jeltzaleen neologismo ulergaitzetarako joera baztertuta. Haren aholkuei jarraiki, halaber, gaztelaniatik aldenarazi zuen ortografia, ordura arteko catu-ak katu eta cecen-ak zezen bihurtuta (hala ere, guizon eta dericho bezalako grafiei eutsi zien).
Edukiei gagozkiela, politika-kontuetatik eta alderdikerietatik ihesi ibili zen Ibaizabal, haren aitzindari Euskalzale moduan (hala ere, ohar hau argitaratu zuen Kirikiñok 1903ko azaroaren 29ko 99. zenbakian, Sabin Arana Goiri hil ostean: "Aziak emon dau landarea, ta landara onek bota dauz sustarr sendoak Bilbon, da emendik zabaldu dira ia Bizkaiko ta Guipuzkoako erri askotara, ta gaurko gazteria guizondu daitenean ikusiko dau bizi izango danak zelango sendotasuna ta indarrra artuko daben landara onek (...))"
Ibaizabal-en aldean, bestalde, berriemaileago zen Euskalzale: pasadizo eta ipuin gutxiago eta han-hemengo albiste gehiago ageri zen bere orrietan. Horretarako, hainbat herritako 22 berriemailek osaturiko laguntzaile-sarea eratu zuen Azkuek: euretako15 Gipuzkoako herrietakoak eta gainerako zazpiak bizkaitarrak. Horri loturik, esan dezagun Bizkaiko zortzi herritan eta Gipuzkoako 12tan banatu ohi zela aldizkaria. Bilbon zeukan bezerorik gehien, eta, horren ostean, Errenterian (zenbakiko 160 ale saldu ohi zuen herri horretan).
Ez zeukan, dena dela, Baionako Eskualduna-k izan zuen zabalkunderik, ezta hurrik eman ere. Ez dago horri buruzko datu zehatzik, baina batez beste zenbakiko 2.000 ale bota ohi zuela aipatzen da. Kopuru horiek ez zuten haren iraupena bermatu eta 1903 hondarrean desagertu zen, abenduaren 27an 103. zenbakia kaleratu eta gero.
Bai Euskalzale-ri bai Ibaizabal-i Hego Euskal Herrian euskara hutsezko kazetaritzaren bidea urratu izana aitortu behar zaie, beraz. Aldizkari jeltzaleren batek ere segiko zuen gerora ildo hori, baina horien kasuan euskara ideologia baten zerbitzura jarri zuten, kazetaritzaren zerbitzura beharrean. Azkuek Bilbon zabaldutako ildo hori Donostiako Argia astekariak jarraitu zuen urte batzuk geroago, 1920ko hamarralditik 1936ko gerraurrera arte. Hori, ordea, beste kontu bat da eta aurrerago jorratuko dugu.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: