Euskarazko irratigintza 1980ko hamarraldira arte

lehengaia 1456150995227 Lehengaia | 2006-12-04 15:52

Ez dakigu asko euskarazko irratigintzaren hastapenez. Posta honetan protohistoriatik 1980ko hamarraldira arteko kontuak jorratuko ditugu, hortik aurrerako euskarazko irratigintza ezagunago baitzaigu (edozelan ere, 1980tik gaur egun arteko beste kontu batzuk aurrerago aztertuko ditugu: Iparraldean euskal irratiek eginiko bidea, Hegoaldean EITBtik sorturiko adarrak eta irrati elektronikoak, batik bat). Horretarako, Arantza Gutierrezen liburu hau izan dugu informazio-iturri nagusi, baina baita beste webgune hau ere.

Beste berrikuntza batzuk gurera berandu samar iritsi ziren arren, ezin dugu gauza bera esan irrati bidezko komunikazioari dagokionez. Egin kontu Guglielmo Marconik 1897an patentatu zuela hari bako telegrafia eta 1920ko hamarraldi hasierarako irrati-entzuleen elkarteak sortu zirela Bilbo eta Donostian, komunikabide berriaren hedapena hauspotu guran.

Ordukoa da, halaber (1924koa, hain justu), irrati-komunikazioa arautzeko Espainiako estreinako legea. Behin legea ezarrita eta irrati-entzuleen elkarteek hazia ereinda, laster erne ziren Euskal Herriko lehen kateak ere: Radio Club de Vizcaya, Radio Vizcaya SA eta Radio San Sebastián, hurrenez hurren.

Radio Club de Vizcayari dagokionez, 1925eko martxoaren 4an ekin zion lanari, Bilboko Carlton Hoteletik ekin ere. 19:00etatik 21:00etara jardun ohi zuen egunero; 415 metroko uhin luzera zeukan, eta 1kw-ko indarra (50-60 kilometrotan entzun ohi zen, baina 2.500 km haratagora arte ere iritsi ohi zen batzuetan haren seinalea). Zer zeukan, baina, irrati honek euskaldunetik? Domeketan izan ohi zuen euskarak presentzia apurren bat bere programazioan, egun horretan irrati bidezko euskara eta esperanto eskolak ematen zituzten eta.

Aurrerago ikusiko dugunez, hori baino apur bat euskaldunagoa zen Radio San Sebastián (hau izan zen Euskal Herriko estreinako irrati lizentziaduna, 1924ko azaroan erdietsi baitzuen emititzeko baimena; urtebete geroago ekin zien emanaldiei). Atzerritik ere entzuten zenez, gaztelaniaz ez ezik frantsesez ere jardun ohi zuen irrati horrek, eta, batzuetan, baita euskaraz ere. Orduko kroniken arabera, 1925eko irailaren 29an zabaldu zen euskara aurrenekoz irrati bidez (errepara egiozue liburu elektroniko honen 21. orrialdeari).

Edozelan ere, hamarraldi amaieran Unión Radio espainiar taldeak irentsi egin zituen Hego Euskal Herriko irratiak oro. Horrenbestez, lehen aipaturiko hiru irratiak Espainiakoekin katean emititzen hasi ziren.

Ez zen hori izan hurrengo urteetako aldaketa bakarra:1930eko hamarraldia hastearekin batera bilbotar irrati biak desagertu egin ziren, Unión Radio San Sebastián bakarrik utzita. Donostiar irratia aitzindari izan zen euskara uhinetara eroateko zereginean; eta hala izan zen, batez ere, Argia astekarikoek ulertu zutelako hura euskara hedatzeko tresna ezin hobea zela (paralelismoak egin daitezke Interneten estreinako hedapen urteetan Luistxo Fernandez, Pello Zubiria eta beste zenbaitek izaniko jarrerarekin). Ander Arzeluz Luzear, Joseba Zubimendi (azpiko argazkian ikus dezakezue estropaden berri ematen Radio San Sebastian-entzat) eta beste zenbaiten lana tarteko, 1932an euskarazko lehenengo programa finkoa (ordubete astean) lortu zuten: herrietako kronikak, hango eta hemengo txistulari eta abeslariak eta sona handiko esatariak (Lizardi, Aitzol, Monzon…) bildu ohi ziren bertan (egin kontu saioak zuzenean egin behar zirela, ezinbestean; hona hemen saio haietako baten egitura).

0035201

 1936ko gerra baino lehen beste irrati batzuk ere sortu ziren Hegoaldean (Radio Navarra 1932an, Radio Emisora Bilbaína 1933an –ingelesari eta frantsesari adina leku egin ohi zioten bertan euskarari: minutu batzuetako eskolak astean eta kitto- eta Radio Vitoria eta Radio Tudela 1934an.

1936ko gerrak, bistan denez, bazterrak astindu zituen: Donostia faxisten esku geratu zenean, Radio Requeté hasi zen emititzen Radio San Sebastian-en lizentzian. Radio San Sebastián bera, berriz, Radio Euzkadi-Euzkadi Irratia bihurtu zuen Jaurlaritzak. Errepublikak, bestalde, Radio Emisora Bilbaína bahitu zuen.

Frankistak Hego Euskal Herri guztian gailentzean ihes egin behar izan zuten galtzaileek. Jaurlaritzak mezuak Radio Paristik zabaltzeari ekin zion hasiera batean, hark utzitako tarteetan; oposizio komunistak, aldiz, Radio España Independiente (La Pirenaica gaitzizenez ezagunagoa) baliatu zuen, Moskutik hasieran eta Bukarestetik gero, baina euskara hutsaren hurrengo zen bertan.

Han baino apur bat euskara gehiago (ez askoz gehiago, hala ere) entzun zitekeen 1946an uhin laburrean emititzen hasitako Euzkadi Irratian: Akizetik hasi zen proban, Mugerrera aldatu zen gero eta Ziburura 1949an. Han izan zen 1954ra arte. Haatik, aliatuak Francorekin eskuzabalago jokatzen hastearekin batera, Frantziako estatua utzi behar izan zuen. Ez zen hor amaitu bere jarduna, 1965etik 1977ra arte Caracastik jardun baitzuen (harrezkeroko kontuak beste posta batean aletuko ditugu).

Komeni da gogoratzea, bestalde, gerraosteak Espainian ez ezik Frantzian ere utzi zuela ondoriorik (kasu honetan, II, Mundu Gerrak): naziek irratia gerra-propagandarako baliatu zutenez, Estatuak bitarteko hori aurrerantzean bere kontrolpean izan behar zela ebatzi zuen. Hori zela eta, 1980ko hamarraldi hasierara arte RTFRk izan zuen irratigintzaren monopolioa estatu hartan. Irrati publiko frantsesa 1963an hasi zen Baionatik emititzen; turistei zuzendutako emankizunak ziren batik bat, eta euskarazko meza ere sartzen zuten tartean. Hala ere, hango egoitza ez zen 1967ra arte finkatu; orduan abiatu ziren euskarazko emankizunak ere, Maite Barnetxe esatari eta Ramuntxo Kanblong, Gexan Lantziri eta beste zenbait laguntzaile zituela: bost minutu izaten zituzten egunero 12:15ean eta ordu erdiko elkarrizketak igandeetan.

Espainiako gerraostean ere monopolioa zen nagusi: 1936ko gerra betean sortutako Radio Nacionalena eta Unión Radio-ren oinordeko zen SER irrati-katearena, hain zuzen (azken hori 1940an sortu zen eta zentro bana zeukan Bilbon eta Donostian). 1952ko dekretu batek eman zuen monopolio hori arrakalatzen hasteko bidea, hiru irrati mota sailkatu baitzituen: estatalak (publikoak), eskualdekoak eta lokalak (publiko zein pribatuak). Horri esker, Red de Emisoras del Movimiento (REM) kate barruko La Voz de Guipúzcoak bere programazioan euskara apur bat sartzeari ekin zion 1956an, “Jose Miguel eta Don Antonio” saioaren bidez.

Garai berean hasi ziren sortzen eliza-irratiak. Horietako batzuek euskarari lekua egiten saiatu ziren: Segura Irratia (1956) eta Arrate Irratia (1959ko abenduan), berbarako. 1959an sorturiko Cadena de Ondas Populares-en (COPE) baitan, bestalde, Iruñeko, Bilboko eta Donostiako gotzaitegien ardurapean irrati bana sortu zen hiriburu horietan; Jesusen Lagundiak, berriz, laugarren bat sortu zuen Loiolako Santutegian. Herri Irratien sarea abian zegoen. Irrati horiek garrantzitsu izan ziren euskararentzat, oztopo ugariren artean bazen ere, uhinetan geroz eta leku gehiago irabaztea ahalbidetu zioten eta: Bilboko Herri Irratia, adibidez, euskara ikasteko saioa emititzen hasi zen 1965ean, Xabier Peñaren gramatika liburuan oinarrituta (sekulako arrakasta izan zuen saioak eta jende-ilarak eragin zituen irratiaren atarian); Iruñeko Herri Irratiak ere euskarazko eskolak eskaintzeari ekin zion 1969an; Loiolako eta Donostiako Herri Irratietan, azkenik, sator-lan handia egin zuten gerora beste arlo batzuetan ere nabarmendu diren profesional batzuek, hala nola Jose Mari Iriondok, Iñaki Zubizarretak, Jose Ramon Belokik, Jose Mari Oterminek edota Txaro Arteagak (eurak izan ziren, besteak beste, 1976ko martxoaren 27an Donostian 24 ordu euskaraz irratsaio/jaialdi arrakastatsua antolatu zutenak).

Euren lanari esker, haria, mehea izanagatik, ez zen eten. Behin 1980ko hamarraldi hasierarekin batera Iparraldean zein Hegoaldean politikaren haizeek beste norabide bat hartutakoan, euskarak errazago egin zuen lekua uhin artean, geroago ikusiko dugun moduan.


Utzi iruzkina: