Bloglines

lehengaia 1456150995227 Lehengaia | 2007-05-11 15:56

Kaixo berriro guztioi. Oro har ondo erantzun dio Julenek Bloglines-i buruzko galdera-sortari. Agregatzaile bat zer den norbaiti argi geratu ez bazaio, Joxe Aranzabalek erantzungo dio bere Farotik:

"Agregatzaile batek biltzen ditu albisteen izenburuak edo historiak RSS edo Atom formatuan eskainiak, eta horrela irakurleak ez du zertan kontsultatu banan-banan orrialde bakoitzak eskaintzen dituen berriak. Agregatzaileak zentralizatu egiten du informazio guztia kontsulta leku bakar batean. Agregatzailetan erabiliena Bloglines da. Euskaraz, berriz, Aurki.com dugu horietako bat, nahiz eta beste ezaugarri batzuk ere badituen".

Bloglinesi buruz zera diosku Joxek:

"Mark Fletcher-ek sortu zuen 2003an, eta bi urte geroago saldu egin zion Ask Jeeves enpresari. Doakoa da eta erabiltzen da albisteak sortu, partekatu eta berauetara harpidetzeko edo, horrela nahi izanez gero, baita blogak sortzeko ere. Plazaratu eta berehala, arrakasta izugarria izan zuen."

Hauek dira, bere ustez, Bloglinesek eskaintzen dituen aukerak:

  • "Harpidetu. Zerbitzu honekin harpidetu gaitezke gure gustuko blog, posta zerrenda, del.icio.us kontu edo webgunetan. Hasiera honetan, guk aukera hau erabiliko dugu gehien.
  • Partekatu. Honi esker partekatu ahal ditugu geure informazio iturririk gogokoenak gure lagunekin edo lankideekin.
  • Bilatu. Blog guztien artean, sarean edo norberaren harpidetzen artean bila dezakegu. Horrezaz gain, behin erabiltzaileak kontu bat sortu duenean, programak perfil moduko bat sortzen du (aintzat hartuta kontu horrek zer hizkuntza eta gai aukeratzen dituen), eta noizbehinka proposamenak egingo ditu antzeko informazio iturriak eskainita.
  • Argitaratu. Blog bat egin nahi izanez gero, Bloglinesek aukera hori eskaintzen du."

Ez hori bakarrik: Aranzabalen ustez, irakurtzeko modua ere aldatu egin du Bloglinesek:

"Bloglines zerbitzuari esker, beste modu batean irakurri ahal dugu sarean. Goizeko lehen orduan pizten dugunean ordenagailua, Bloglines aukeratu eta hortxe ditugu geuk aukeratutako informazio iturri guztiak, karpetatan antolatuta.

  • Bizkorrago. Bloglinesi esker askoz ere bizkorrago irakurriko ditugu albisteak, klik egingo dugu-eta benetan interesatzen zaizkigunetan. Besteetan, izenburua gainbegiratu, akaso sarrera ere bai, baina sartu ere ez gara egingo.
  • Gehiago. Sistema horrekin askoz ere albiste gehiago gainbegiratuko ditugu, ito beharrik barik. Denbora berean, albiste iturri gehiago.
  • Lasaiago. Bloglinesi esker gutxiagotan sartuko gara blogetan, bakarrik gure intereseko zerbait aurkitzen dugunean.

Egunaren hasieran begiratzen badugu Bloglines, egunaren bukaeran ere beste begirada bat egin ahal diogu. Orduan leitzeko aukera izango dugu goizetik irakurri gabe ditugun albisteak."

Kontu horiek guztiak eta beste asko datorren urteko Web 2.0 ikasgaian azalduko dizkizue Joxek; edozelan ere, baten batek ordura arte itxaroteko gogorik ez balu, hona hemen aukera. On egin dagizuela.


Utzi iruzkina: