Abian da ikasgaia
Egun on, Oihana, Onintza, Nerea, Joseba, Amaia eta Nekane.
Ba bai, atzo abiatu genuen Euskarazko komunikazioaren historia ikasgaia, neronek botatako ordu eta erdi inguruko txaparekin. Dena dela, lasai: klasean esandako moduan, lehen eguna izaki, salbuespena izan zen atzokoa. Aurrerantzean (normalean bai behintzat) baliatuko dugun eskema beste hau izango da: klasearen %50 eskola magistrala egun horretako gaiari buruzko argibideak ematen, kontua kokatze aldera (zuen ahalik eta partehartzerik zabalena bilatzen betiere); gainerako %50ean, aldiz, beharrean jarriko zaituztet, zuen eskuhartze aktiboa sustatzeko: dela ariketaren bat eginez, dela testu batzuk irakurri eta komentatuz, dela bideoren bat ikusiz edo artxiboren batzuk entzunez eta gero denon artean eztabaidatuz, dela hurrengo klaserako zuei gai bati buruzko informazioa bilatzeko eskatuz...
Helburua, atzo bertan aurreratutakoa: eskolaz eskola lan eginez joatea, klasean bertan jarrera aktiboari esker edukiak barneratzea, eta ez uztea ikaste-prozesu guztia azterketa-aurreko azken momentuko ikas-saio neketsu eta astun horietarako. Izan ere, ez duzue azterketarik izango (baldin eta ikasturtean zehar ganoraz lan egiten baduzue, noski).
Eskola-egun bakoitzean egingo duzuen lanaz eta blog honetan zintzilikatuko dituzuen ariketez gain, esandako moduan, azken klase-egunean (urtarrilaren 10ean) taldekako lana aurkeztu beharko duzue: talde batek Lurreko Telebista Digitalaren Espainiako legea aztertu beharko du, eta baita euskarazko telebistek (dela Tokiko erakundean bildutakoek - ikus hau eta hau-, dela Hamaika taldearen bultzadaz sortuko direnek) horri zelan egingo dioten aurre ere (hona hemen eta hemen horri buruzko aztarna batzuk). Beste taldeak, berriz, digitalizazioak dakartzan aldaketa orokorrak aztertu beharko ditu (gogoratu datozen urteetan inguruko telebistak pasa beharko direla seinalea modu analogikoan igortzetik modu digitalean igortzera), aldaketa horiei EITB taldeak zelan egingo dien aurre azaltzeaz gain. Ez ahaztu datorren asterako esan behar didazuela nortzuek osatzen dituzuen talde biak eta zein gai jorratuko duen talde bakoitzak.
Tira, hori ebaluazio-kontuei dagokienez. Amaitzeko, eskematikoki bada ere, ikasgaiaren helburu nagusiak ekarriko ditut berriro akordura:
- Inguruko ekosistema mediatikoa ezagutzea. Hau da, argitzea lanera ateratzen zaretenean zer talde mediatiko eta hedabiderekin topo egingo duzuen eta zeintzuk diren egungo joera nagusiak.
- Euskarazko komunikazioaren historia ezagutzea eta inguruko komunikazio-mundua historia horren arabera interpretatzea.
- Hastea baliatzen erreferentzia-sistema propioa (hizkuntza komunitatea trinkotzen lagunduko duena, berau gehiago sakabanatu beharrean), beti aldameneko hizkuntza-komunitateen araberako erreferentzia-sistemak kopiatzen ibili beharrean (badakizue, gobernu zentrala eta gisako erreferentziak berrogeialdian jartzea eta hori guztia).
- Last but not least, ezagutza denon artean eraikitzea. Hamalau begik beti ikusten dute begi pare soil batek baino gehiago. Horregatik, ziur nik eskoletan gai batzuk ahantzi egiten ditudala, edo ikuspegi batzuk ez ditudala kontuan hartzen, edo zuek ezagutzen duzuela nik aipatu gabeko daturen bat... Ea blog honen bidez apurka-apurka XX. mendeko euskarazko komunikazioaren historia idazten eta interpretatzen goazen!
Bueno, post honen jarraian beste bat jarriko dut laster, eta atzo eskolan azaldutako eskema garatuko dut bertan. Badakizue zer egin behar duzuen behin hori irakurritakoan: bakoitzari banaturiko Hiriart-Urrutiren lau artikuluen iruzkina bertan zintzilikatu (erantzunetan).
Beste barik, ondo ekin goizari
P.S.- Pare bat pista testu-iruzkinetarako. Framazonak zer diren edota Dreyfus afera zer izan zen jakin gura baduzue, begiratu hemen.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: