Herri-galdeketarako Legea eta eztabaida juridikoa
Hizpide ugari eman du honezkero, eta gehiago emango du aurrerantzean ere, Eusko Jaurlaritzak 2008ko ekainaren 28ko bileran onartu eta ekainaren 29an Legebiltzarrera bidali zuen Lege-egitasmoak: Bakea eta normalizazio politikoa iristeko negoziazio-prozesu bat
irekitzeari buruz Euskal Autonomia Erkidegoko herritarren iritzia eskatzeko
herri-galdeketa bat deitzeko eta arautzeko Lege-egitasmoa.
Eztabaida politiko sutsua piztu da, alde batetik, pentsa zitekeen bezala: nazio-nortasun desberdineko euskal herritarron artean berezkoa baita gure herrialdearen statusari buruzko eztabaida
eta Espainiarekiko uztardura juridikorako aukera desberdinen gatazka politikoa. Hala da eta hala izango da luzaroan. Eta gaitz erdi, horrek gure herria, gure nortasuna bizirik dagoen seinale izango baita.
Baina orri honetara ekartzeko arrazoia ez dagokio politikaren esparruari, zuzenbidearenari baizik. Zuzenbidea, Espainiako politikagintzan ohikoa den bezala, politikaren luebaki besterik ez bada ere.
Eztabaida juridiko bat baino gehiago dago mahai gainean. Laburrean:
1.- Zer da, galdeketa/kontsulta ala erreferenduma?
2.- Ondorioz, deitu al daiteke Ministro Kontseiluaren baimenik gabe?
3.- Legebiltzarraren Lege batek deitu al dezake?
4.- Zein hauteskunde-legeria zaio ezargarri?
Hasi berri den eztabaida horretan aipatu dira, besteak beste, Espainiako 1978ko Konstituzioaren 149.1.32 artikulua, Euskal Herriko 1979ko Autonomia Estatutuaren 9.2.e) artikulua, eta Kataluniako 2006ko Autonomia Estatutuaren 29.6 artikulua.
Ahaztu gabe, noski, Eusko Legebiltzarraren Araudia
Eztabaida luze eta aberatsa ikusiko dugu datozen hilabeteetan. Ez da beti maila altukoa izango, baina legezaleok ziur gaude ikasteko eta zuzenbidean eta demokrazian sakontzeko balioko digula.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: