Euskal legelarien katalogo biografikoa: Arnaut Oihenart
Arnaut Oihenart (1592-1667)
Euskal legelarien katalogo biografikoa jarraitzeko, Oihenart zuberotarra dakargu oraingoan.
Prestakuntzaz eta ogibidez legelaria dugu Oihenart, idazle gisa historia, olerkigintza eta paremiologia landu bazituen ere. Baina Euskal Herrietako kondaira aztertzerakoan eta auziak askatzerakoan argi baino argiago ikusiko dugu, historiagilearen lumaren gibelean, abokatuaren burua eta pentsakera, legegizonaren argudioa eta zorroztasuna.
Arnaut Oihenart 1592an jaio zen Maulen. Hugonoteek zituzten eskubideengatik protestatzeko Mauleko hiritarrek diputatu hautatu zuten, "Silbiet"-eko sindiko izan zen (1623 - 1627). Nafarroako kantzelariordearen alarguna zen 1667an Joana d'Erdoy noble aberatsarekin ezkondu eta horri esker, Nafarroako noblezian sartu zen. Enrike II.aren garaian Nafarroako Parlamentuko abokatu eta Agramunteko dukearen prokuradore izan zen.. 1653an alargun geratu eta 1667an hil egin zen Donepaleun.
Bere azken hogei urteak historia ikertzen, auziak konpontzen eta auzi horietaz idazten eman zituen: Baigorri, Erro bailara, Luzaide eta Baztanen arteko muga-arazoak konpondu zituen (1660) eta Baionako apezpikuaren eta Orreagako priorearen arteko ondasun-banaketa erabaki zuen (1665).
Oihenart eskolatua eta ikasia zen; lehen euskal idazle zuberotarra izateaz batera, apaiz ez zen lehen kritikari, historialari eta idazlea da. Euskal Herriko historiari buruzko bilduma egiten ari zela hil zen; bildutako dokumentu eta oharrekin hogei mila orrialde osatu zituen, baina gehienak desagertu egin dira.
Bere obrarik garrantzitsuenak hauek dira:
- Notitia Utriusque Vasconiae,ibericae tum aquitanicae [Euskal Herri bien berri, bai Iberiakoa eta bai Akitaniakoa] (1638) Hiru liburutan banatuta dago: lehena, 14 kapitulukoa, Hitzaurrea; bigarrena, 17 kapitulukoa, Nafarroako antzinako historiari buruzkoa; eta azkenik, 13 kapituluko lana, Baskoniari buruzkoa.
- Les proverbes Basques recueillis par le Sr. d´Oihenart. Bi zati ditu:
- Atsotizac edo Refrauac: guztira 706 poema, frantsesera itzulita daude.
- Oihenarteren gaztaroa neurtitzetan amodiozko poemak dira, oso landutako estiloarekin. Obra honekin, euskaraz poesia ezin dela landu dioen ustearekin amaitu nahi du, arau horiek kalte egiten ziotelako euskarari.
- L'art Poéthique. Ez zen bere garaian argitaratu, eta Lafittek egin zuen, XX. mendean, bi ataletan bananduz: poesiaren erregela orokorrak eta erregela horien aplikazioa euskaran.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: