Hautismora?
Anv-k iragarri du hurrengo urteko hauteskundeetara aurkeztu egingo dela. Espainiako hauteskundeetara, alegia. Poztekoa da berria, iruditzen zait niri. 1979an aurkeztu zen Anv azkenengo aldiz. Gero Herri Batasunaren baitan egin zuen, harik eta 2000n ez aurkeztea erabaki zuen Herri Batasunak, eta Anv ere ez zen aurkeztu. Espainiako hauteskundeetara ez, eskerrik asko. Doazela espainolak. Orain irtziz aldatu dute: aurkeztu egingo dira. Berriz ere, buelta erdi eta aurrera egin dute, beste hainbat gaitan eta unetan bezala. Baina onerako denez, ongi etorri esan behar zaie.
Beti baita ona hauteskundeetan parte hartzeari uko ez egitea. Hauteskunde guztietan egoteko ahalegina egitea. Oraingo hauetan egoteko eman duten arrazoia iruzur autonomista berria eragoztea omen da. Bi parlamentarirekin lortu nahi dute. Bejondeiela!
Niri gehiago iruditzen zait borroka politikoan parte hartu nahi dutela: "hauteskundeetan egon ez gaitezen nahi badute, ilegaliza gaitzatela", edo horrelako zerbait. Eta, seguruenik, halaxe egingo dute: ilegalizatu egingo dituzte, aitzakia atentaturen bat harturik, ez baitut uste hemendik eta hauteskundeetara atentaturik egongo ez denik. Ondo egiten du Anvk aurkezteko ahaleginean, helburua ilegalizatzea balitz ere.
Ilegalizatuko ez balituzte, bozgorailu aparta lortuko lukete Espainiako Kongresuan, bi parlamentari behintzat izango lituzketelako: Gipuzkoako bat (EAren kaltetan, Kongresuan duen ordezkari bakarra galdu egingo lukeelako) eta Bizkaian beste bat (Ezker Batua-Aralar koalizioa oztopatuz, herrialde horretan ordezkaririk gabe geldituko bailirateke). Araban ez dute ordezkaririk lortuko eta Nafarroan aurpegikotik gertu geratuko lirateke, iruzur autonomista saiatzeko asmotan omen den Nafarroa Bairen aurrean. Baina horrek ez du inporta, emaitzak irakurtzeko orduan Batasuna beste edozein alderdi politiko bezalakoa baita: norberaren emaitzak beti onak, bestearenak erdipurdikoak.
Espainiako hauteskundeetan aurkezteko asmoa Anvko betiko ordezkari batek eta ezker abertzaleko betiko beste batek azaldu dute. Bitxia egin zait hori ere: seguru nago militanteei ez dietela galdetu. Anvkoei ez dakit, baina Batasunekoei seguru ezetz, nahiz eta erabakia nolanahikoa izan ez: ez da askotan hartzen outismotik hautismora pasatzeko erabakia.
Iruzkinak
anian 2007-10-16 21:38 #1
Ezin asmatuzkoak dira Jaungoikoaren bideak, omen. Baina, ezin esan dezakegu gauza bera Batasunanvasbhz...k hautatutakoaz. Hori asmatutakoa da eta elektoralismoa deitzen zaio. Azken batean, biktimismoaren beharrik ez zuenean, jendeak bere ildoa sinesten zuelako jarraitzen zuenean, ez zuen Espainiako erakundeetara jotzeko beharrik sentitu. Orain, gauzak betelakoak dira. Orain, fede horri eusteko, bere eliztarrei eusteko, larunbat arratsaldeetako manifa osteko sermoia ez denez nahikoa, Ertzainek banatutako hostiak behar dituzte eta, tarteka, hautesontzietara hurreratzeko sasoia gerturatzen denean, beren sigla ilada luzetik bateren bat, Auzitegi Nazionalaren galbaetik pasata irudika dezaketen miraria. Izan ere, besterik ez dagoenean, fedea ere ez da gaitza izaten; gauza galdua edireiteko, har San Antonio Ararteko.
Utzi iruzkina: