ABTX 2011: 1. Kanporaketa, Laudio
Hemen daukazue larunbatean Basalarrinan gertatutakoaren kronikatxoa eta pare at argazki. Andereño zuzenean sailkatu zen finalerdietara eta Bingen fin aritu zen.
Larunbat gauean, otsailak 12, Laudioko Basalarrina elkartean hasi zen aurtengo Arabako Bertsolari Txapelketaren ibilbidea. Lehen kanporaketa jokatu zen bertan. Aiarako Bertso Eskolakoek, bertaratu ziren hirurogei bat lagunei afaria goxoa eman ostean, saioa giro onean hasi zen. Afal ostean ere bertsozale andana hurbildu zen bertara eta azkenean 80 bat pertsonek txaloz bete zuten elkartea.
Ainhoa Comas eta Bingen Sainz gazteek ondo debutatu zuten Rikardo, “Betto”, Oihane eta Igoaren aldamenean. Orohar nahiko saio txukuna egin zuten sei bertsolariek, urduritasunez aparte, ongi erantzun zioten Lierni Altuna aurkezlearen gaiei.
Baina txapelketako saio denetan bezalaxe epai bat eman zen bukaeran, eta kanporaketetako hiru epaileek, Patxi Aizpurua, Mikel Fernandez de Arroiabe eta Hodei Lopez de Arkautek, honako sailkapena eman zuten: Oihane Perea (158 puntu), Xabier Igoa (142,5 p.), Rikardo Gonzalez de Durana (139 p.), Alberto Martinez “Betto” (134 p.), Ainhoa Comas (132 p.) eta Bingen Sainz (113,5 p.).
Horrela Pereak lortu zuen finalerdietako lehen pasea, eta besteek beste lau kanporaketetako puntuazioei itxaron beharko diote pasatzen diren edo ez jakiteko. Hurrengo bi kanporaketak datorren asteburuan jokatuko dira, ostiralean Oionen eta larunbatean Ilarduian. Aurtengo txapelketaren botila betetzen besterik ez da hasi, eta apirilaren biko finalean gainezka egin artean gozatzeko asko gelditzen da oraindik.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: