Metro Bilbaoren Bezeroen Arretarako Bulegotako ilarak eta jendetza direla eta

labmetrobilbao 1456150638937 LAB Metro Bilbao | 2013-09-09 00:00

Abuztuaren amaieratik hona eguneroko kontu bihurtu dira ilarak eta jendetza Metro Bilbaok Ansio, Areeta, San Inazio eta Zazpi Kaleetako geltokietan dituen Bezeroen Arretarako Bulegoetan.

Hasieran udako ordutegiak eragingo zituela pentsatu genuen, baina neguko ordutegiarekin hasi direnetik, lau bulegoak 8:30etik 19:30era bitartean itxi gabe ari direla, segitzen dute itxaronaldi luzeek eta bezeroen haserrealdiek, behin eta berriro.

Metro Bilbaoren arduradunek ondo baino hobeto dakite 26 urtetik beherakoentzako urteko txartelak (gazte-txartelak) ikasturtea hastean berritzen direla gehien eta, gainera, hiriarteko trena 1995eko azaroan hasi zenez martxan, bezeroen agiririk gehienak irailetik urrira bitartean iraungitzen direla, duela 18 urte agiri gehien hilabete horietan egin zenez gero.

Horregatik guztiarengatik, LAB sindikatuak Metro Bilbaoren zuzendaritzari eskatzen dio:

1.- Irail, urri eta azaroan gutxienez lantaldea indartzeko BABetan lanean, agiri eta txartelok egin eta berriztatzeko itxaronaldiak laburtzen saiatzeko.

2.- Neurriak bilatzeko agirien % 80 hiruhileko honetan berritzea saihesteko, hala nola: aldez aurretik berriztatzeko aukera ematea, iraungitze-data atzeratzea, informazio eta ohar kanpaina bezeroei, internet bidez tramiteak azkartzea, eta abar.

3.- Barik txartelarekin egin den bezala, une jakinetan agiri eta txartelak egin eta berritzeko tokiak gehitzeko.

Era berean, uste dugu jendarteari horren guztiaren berri eman behar zaiola, zer eta zergatik ari den gertatzen, eta barkamena eskatu behar zaiela agiria berriztatzen batez beste ordu eta erdi luze ematen ari diren pertsonei. BABetako langileak ahalegin handia egiten ari dira itxaronaldiak laburtzen baina, hala ere, informazio eta aurreikuspenik ez izateak bulegoetara joaten diren bezeroen arrangura eta frustrazioak langile horiek jasan behar izatea dakar.


Utzi iruzkina: