Metro Bilbaoko 3. lineako lanetan izandako suteak agerian utzi ditu beharginen baldintza txarrak

labmetrobilbao 1456150638937 LAB Metro Bilbao | 2012-06-18 00:00

Uribarriko Gure Etxea auzokide elkarteak azalpenak eskatu dizkio Euskal Trenbide Sareari eta ezbeharra langile faltak eragin badu kaleratutako lagunak berriz kontratatzeko eskatu dio. Lanak azken fasean egon beharko lirateke, elkarte honen esanetan, baina “orain inork ez du esan nahi noiz amaituko diren”.


Sute handia piztu zen atzo arratsaldean Metroko 3. lineako lanetan, Zurbaranbarrin. Ezbeharrean ez zen inor zauritu baina kalteak agerikoak izan dira. Arratsaldekoa 19:30 aldera piztu zen sua Zurbaranbarriko plazatik gertu dauden lanetan eta suhiltzaileek itzali zuten abisua jaso eta minutu batzuetara.

Zoritxarrez ez da Metroko 3. linea egiteko lanetan jazotako ezbehar bakarra. Aurretik hainbat eta hainbat izan dira lanetan gertatutakoak edo lanek eragindako kalteak. Iazko urrian, esaterako, langile bat hil zen Txurdinagako lanetan.

Uribarriko Gure Etxea auzokide elkartearen ustez, atzoko sutea metroko lanetako langileek dituzten “baldintza eskasen isla” da eta “azken fasean beharko luketen lanak atzeratzeko enegarren aitzakia izan daiteke”.

Hori dela eta, azalpenak eskatu dizkiete Euskal Trenbide Sareko arduradunei, matxura zerk eragin duen azal dezaten eta lanak noiz amaituko dituzten esan dezaten. Arazoen jatorria langileen faltan balego orain urtebete kaleratutako beharginak berriz kontratatzeko eskatu die. Izan ere, linearen zati guztietan lan egiten ari direnaren irudia emateko langile taldeak toki batetik bestera ibiltzera behartzen dituztela salatu du Gure Etxeak.

“Ez legoke gaizki egoera ekonomikoaren berri ematea, ezta lanak amaitzeko aurreikusten dituzten epeaz hitz egitea ere”. Lanak amaitzeko aurrekontuak berriz aldatu beharko ez ote dituzten galdetu dute auzokideek.

http://bilbokobranka.info/


Utzi iruzkina: