LABek salatzen du Metro Bilbaoren zuzendaritzak herritarrei eta lantaldeari bizkar emanez kudeatzen duela hiriarteko trena
- Ez zaio lantaldeari Administrazio-kontseilariaren erabakien berri ematen, eta ez zaie sindikatuen ordezkariei batzar horietara joaten uzten.
- Ez zaizkie langileen ordezkariei ematen zuzendaritzak baliabide publikoekin eskatzen dituen txosten eta azterlanak.
- Marketin eta irudia hobetzeko kanpainak lehenesten dira, gardentasuna eta parte hartzea baino.
LAB sindikatuak salatzen du Metro Bilbaoren Administrazio-kontseiluak eta zuzendaritzak ez dietela informazioa azkar eta garbi ematen hiriarteko langileen ordezkariei.
Gaur, asteartea, abenduak 10, egin dutenak argi erakusten du zein diren Jose Luis Bilbao – Eneko Arruebarrena tandemaren lehentasunak. Kudeaketa bikainaren eta hiriarteko trenaren irudia berreskuratzearen mezua lau haizetara zabaltzea lehenesten dute, informazioa lantaldeari jakinarazi eta erabakietan parte hartzen utzi beharrean.
LAB Metro Bilbaok duela hilabete gutxi itxitako hitzarmenaren negoziazioan sindikatuen ordezkaritza (hitz-eskubidez, botorik gabe) Administrazio-kontseiluaren bileretan egotea proposatu zuen, kudeaketa gardena bermatzeko. Zuzendaritzak ezezko borobilarekin erantzun zuen.
Baina horrez gain, enpresaren informazio ekonomikoa, eskariaren ikerlanak, asetasun-inkestak, diru publikoz ordainduak denak, giltzapean gordetzen dituzte sindikatuen ordezkariek halakoak behin eta berriro eskatzen dizkieten arren. Metro Bilbaoren zuzendaritzak urtea % 83tik gorako estaldura-indizearekin itxiko duela aurreikusten du, eta harro ageri da. 2011 urtean Iñaki Pregok % 85eko estaldura-indizea lortu zuen; beraz, garbi dago aurkezten diren adierazle ekonomikoak ez daudela lantaldearen eta herritarren beharrak asetzeko kudeaketa zuzenarekin lerrokatuta.
Hor ditugu, esaterako, gaur prentsara bezeroen asetasunari buruz zabaldutako emaitzak. Metroko langileen jardunarekin zuzenean loturiko alderdiak balioesten dira (puntualtasuna, lastertasuna, garbitasuna, bezeroen arreta, informazioa eta abar) eta, hala ere, langileok gara egunero trenetan eroan eta geltokietan artatzen ditugun bezeroen iritzien berri jasotzen azkenak.
Azkenik, argi utzi nahi dugu ez direla jokabide eta jarduera puntualak, azkeneko 12 hilabeteotako jokamoldea baizik. Hor dago, adibidez, 2014rako zerbitzuko aldaketen kontua. Letra txikiz sartzen dute eguerdiko puntako zerbitzua berreskuratuko dutela, eta isiltzen dute, ordea, 15:30 – 21:00 artean lehengo kontseilari-ordezkari Iñaki Pregorengandik heredatutako maiztasunarekin segituko dugula, halakorik justifikatzen duen inongo daturik gabe eta ( bi geltoki Kabiezes eta Ibarbengoa) inauguratuko direnean.
Horregatik guztiarengatik, LAB Metro Bilbaok dei egiten dio Metro Bilbaoren zuzendaritzari kudeaketa-politikak aldatzeko, baliabide publikoak, langileen eta sindikatuen parte hartzearen bidez, gardentasunez administratuko direla bermatzeko.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: