Garraio Sailburua eta EuskoTren, ardurak saihestu nahian dabiltza, errepresio sindikala baliatuta

labmetrobilbao 1456150638937 LAB Metro Bilbao | 2009-11-21 00:00

EUSKOTRENeko BATZORDE IRAUNKORRAren PRENTSA-OHARRA

2009ko urriaren 8an Lezaman istripu larria jazo zenetik, EuskoTrengo Batzorde iraunkorra sutsu aritu da lanean, guretzat lehentasunezkoa den EuskoTrengo langile zein bezeroen segurtasunaren alde, eta zentzu horretan egin dizkiogu Zuzendaritzari hainbat proposamen, baina arrakasta handirik gabe. Bien bitartean, irain eta desinformazioz betetako jazarpen mediatikoa pairatu dugu. Horregatik, eta tren garraio arduradunen sentiberatasun eza ikusita, istripuaren gaineko hainbat datu garrantzitsu azaldu nahi dugu, bai eta bere ondorioak ere.

Istripuaren inguruan jazotakoa

1. Ekidin al zitekeen istripua? EuskoTrengo Batzorde Iraunkorrak, BAIETZ erantzuten du irmo. Garraio Sailburuak berak onartu zuen hori, joan den urriaren 21ean, legebiltzarkide baten galdera zuzen bati erantzunez.
2. Azken hamarkadan langileok eskatzen jardun dugun segurtasun sistema ezarrita ekidin ahal izango zen, Euroloop balazta sistema automatikoa hain zuzen ere, EuskoTrenek kudeatzen dituen burdinbideen azken metroetan ezarrita.
3. EuskoTrengo Sail Teknikoak behin eta berriz egin dio uko eskaera sindikalari, gidariek arriskuaren perzepzioa galduko luketela argudiatuta. Argudio barregarria dirudi, Ermuako bazter bidean, zein Bermeoko geltokian sistema ezarria dagoela kontutan hartzen baldin badugu.
4. Enpresa Batzordearen ustetan, jarrera horren atzean segurtasun neurrietan inbertitzeko borondate eza baino ez dago, bai eta eskaera sindikalei etengabeko muzin egitean tematzean.

Istripuaren ikerketaren ingurukoak

1. Ikerketa burutzen ari diren EuskoTrengo arduradunak, ETSrekin batera, balazta sistema automatikoa jarri ez izanaren arduradun dira era berean, bai eta tren unitateen mantenimenduaren arduradun ere.
2. Lan Osasun eta Segurtasun Batzordean ordezkaritza dugun sindikatuok ez dugu ordezkaritzarik izan ikerketan. Ez dakigu nork, noiz eta nola atera diren datuak TELOC-etik (erregistro kutxa, edo kutxa beltza).
3. Zirkulazio Segurtasun Batzordeak ez du ikerketaren jarraipenik egin, eta istripua jazo eta hamairu egunera ezagutu ditu lehen datuak.

Urriaren 9ko egunari buruzkoak

1. Enpresaren Zuzendaritzak, bere Kudeaketa Zuzendariaren bitartez, dolu ekitaldia egiteko erabakia hartu zen bileran parte hartu zuen. Are, Donostia, Bilbo eta Gasteizen biharamunean burututako konzentrazioetako pankartaren leloa Kudeaketa Zuzendariarekin berarekin izan zen adostua.
2. Batzorde Iraunkorrak garbi utzi nahi du EuskoTrenen Zuzendaritzak ez zuela inongo unetan ordezko garraio zerbitzua eskeitzeko aukera mahai gaineratu.
3. EuskoTrengo komunikazio arduradunak Euskadi Irratiko Ganbara saioan, urriaren 9an garraiorik ez zela izango adierazi zuen, istripua jazo eta sei ordutara, horren kontrako adierazpenik azaldu gabe.
4. Arrazoi nagusiena enpresaren utzikeria den arren, langile herritarrei egindako kaltea onartzen dugu, garraiorik gabe geratu ziren eta.

Garraio Zuzendaritza eta EuskoTrengo Zuzendaritzaren astakeriak

1. "Esparru arduragabe" batzuk informazioa lantzeko izan duten fede txarraren lekuko, istripuaren arrazoia "giza faktorea" izan zela berehala filtratu izana dago. Gaur egun oraindik ere ez dugu istripuaren gaineko txostenik ezagutzen.
2. Iñaki Arriola Garraio Sailburuak bere ardurak ezkutatu eta iritzi publikoaren atentzioa bideratu nahian dabil, afera garrantzitsuena -istripua eta lankidearen heriotza- bazterreratu, eta bestelako kalteak azpimarratuz.
3. Asmo honekin, Greba ez legezkotzat joa izan dadin salaketa jarri du, eta Batzorde Iraunkorreko kideei zigor txostena zabaltzea eskatu.
4. Halaber, Iñaki Arriolak Batzorde Iraunkorraren aurka egindako adierazpen guztiak, EuskoTrenen kudeaketa negargarria eta tren garraio arloko segurtasun arazoak ezkutatzeko eginak direla uste dugu.


EuskoTrengo langileon deklarazioa

1. Gaur egun, bezero zein EukoTrengo makinistak, istripu arriskupean daude.
Hori dela eta, Garraio Sail zen enpresa arduradunei (EuskoTren zein ETS), Euroloop sistema premiaz jar dezaten exijitzen diegu, trenbide guztian.
2. Istripuaren ikerketa batzordean, Lan Segurtasun eta Osasun Batzordearen ordezkaritza batek parte har dezan exijitzen dugu.
3. Batzorde Iraunkorrari zabaldutako zigor txostenak erretira ditzaten exijitzen dugu.
4. Greba ez legezko deklaratzeko egindako salaketa erretira dezaten exijitzen dugu.
5. Eskaera hauek langileek burutuko dituzten batzarretan izango dira defendatuak, bai sinadura bilketa bitartez, zein langile eta bezeroen segurtasuna eskatzeko egingo diren mobilizazioen bitartez.

Bilbo, 2009/11/19


Utzi iruzkina: