Markinako beharginak

kurdistan 1456150623462 KURDİSTAN | 2006-05-31 09:58
1

Duela ez hainbeste urte, gure herritik oso gertu, Markinan, gizon asko goiz jaiki eta lanera joaten ziren buzoa jantzita, tailerrera. Logura izaten zuten, eta gosea igual, baina beharra, beharra zen. Fabrikan, mekanikoki, batek pieza bat jartzen zuen, beste pieza bat hurrengoak, eta, klin-klan, klin-klan, azkenean, etxera joaten ziren, bazkaltzera.

Ba orain, historiak horrelako gauzak baititu, Kurdistanen, ume batek ezin du bazkaldu ez daukalako besorik koilara ahora eramateko. Izan ere, Markinan egiten ziren minetako batek lehertu dizkio bi besoak. Mina egiten du gogoratzeak, baina Markinan, hemen alboan, egiten ziren Siria eta Turkiaren arteko mugan dauden mina asko eta asko.

Turkiaren menpeko Kurdistango Mardin hiritik Siriako lautada ikusten da. Goitik lasaia dirudi oso, baina mugaren alde banatako kurduek ez dute elkarrekin egoteko aukerarik Markinan egindako mina haiek medio. Hankak lehertzen dizkiete saiatuz gero, edo besoak. Urtean behin uzten diete elkarrekin hitz egiten, zoriontsuak al zarete mugaz bestaldeko biztanleak?, 400 metroko distantziara jarrita, altabozekin: erdian milaka mina, Markinakoak.

Ez da erraza Markinako minena onartzea, baina bozgorailuek ez dute erru gutxiago. Non egiten ote dira urtean behin kurduen eskuetara iristen diren altabozak? Burutik pasa zait Bruselan ekoitziko direla fabrikaren batean. Logotipo modernoa duen fabrika garbi batean. Hain zuzen, Turkia baita Europar Batasunean sartzeko hurrengo hautagaia. Bere banderako ilargi eta izar eta guzti. Odolez bustitako gau gorri hori eta guzti.

Turkian bakarrik 11.000 preso politiko kurdu daude eta milaka eta milaka desagertu. Desagertuak. Izan ere, han ere badira zipaioak, herriaren traidoreak, herriaren zapaltzaileentzat lanean ari direnak. Eta ordaindu egiten diete. Atxilotutako kurduei begiak ateratzearren, hainbeste; barrabilak ebakitzearren, hainbeste. Bizirik erretzen dituzten gorputz mutilatuak dira desagertuak, familiei sekula itzultzen ez dizkietenak. Familian 30 hildakotik gora duenik ere bada.

Hori gaur gertatzen da. Orain gertatzen ari da. Eta Europak zer emango die Kurduei? Turkian bizi diren 20 milioi kurduei? Urtean behin hitz egiteko aukera? Turkia hiltzailea da, eta gu konplize nahi gaitu. Turkiako ilargiak igitai forma du eta buruak mozten ditu, ez du gaurik argitzen. Ohartu gaitezen zer tailerretan garen behargin. Zer pieza diren klin-klan-klin-klan elkartzen ditugunak.

Besorik gabeko haur batek ezin du bere ama besarkatu.

Boom. Hanka bat gutxiago. Markinan 12etako kanpaiak dilindan, eztandaren hotsa estali dute. Bruselan ez da leherketa entzun. Altabozak beste aldera begira daude.


Uxue Alberdi 

patxi lurra

patxi lurra 2006-05-31 18:37 #1

"Turtles can fly", Bahman Ghobadi zuzendari kurduak gogorarazi euskunez.


Utzi iruzkina: