HERRI ANTOLAKETARAKO PLAN OROKORRA BERRIRO TRAMITATZEN HASTEA ERABAKI DA
Zalantzarik gabe, egun Markina-Xemeinen udal esparruan dugun gairik garrantzitsuena Herri Antolaketarako Plan Orokorra da, honetan datorren zortzi urteetan herri honek hirigintza arloan izan behar duen norabidea finkatuko da.
Aurreko Kontzekupetan ezker abertzaleak gai honi ematen dion garrantzia agertu dugu. Zinez benetako lana egin dugu Plan Orokor hau ahalik eta egokiena izateaz gain, sostengarritasuna, oreka eta biztanleen premiak, mugikortasuna, natura, ondarea eta etorkizuna uztartzeko bilatu ditugu.
Ezaugarri hauetaz gain, lanketa parte-hartzailea izatea nahi izan dugu eta lortu dugulakoan gaude. Udalak kontratatutako Estudio-K enpresak hiru zirriborroak Uhagonen aurkeztu bezain pronto, Herri Batzarretarako deiak egin genituen eta Markina-Xemeingo eredu urbanistikoari buruzko eztabaida burutu genuen ezker abertzalean.
Hirigintza ereduak finkatuta, aipatutako hiru zirriborroen bateratzetik udal aginte taldeak bere proiektua (EAJ eta Aralar-IUk bere egiten zutena) argitu orduko geure proposamenak, premiak eta babeserako mugak eztabaidatu eta 2008ko abenduaren bukaeran 15 puntutan laburtzen zen proposamen zehatz eta landu bat aurkeztu genion udal aginte taldeari. 2009ko urtarrilean aipatutako proposamenak herriratu eta argitu genituen Kontzekupe berezi baten bitartez eta http://www.blogak.com/kontzekupe internet bidezko bloga sortu genuen guzti honen berri emateko.
Guk aurkeztutako proposamenak kontutan hartu edo/eta aztertu gabe, 2009ko maiatzaren 7ko udal aginte taldeak proposatutako Plan Orokorra onartu zen EAJren botoekin, Aralarren abstentzioa eta Ezker abertzalearen ezezkoarekin. Orduan alegazioak aurkezteko epea ireki zen.
Proposamenen prestaketan egindako lanaren esker ez zitzaigun neketsua suertatu Udalak onartutako Plan Orokorrari hamabi atal desberdinetan garatutako alegazioa aurkeztea. Laburbilduz honako gaiak jorratu genituen:
-1.- Prozesua irekia izan behar zen eta herritarren parte-hartzea bilatu behar zuen.
-2.- Etxebizitza politika herritarren premiak asetzera zuzendua izan behar da, eta ez udalaren diru iturri nagusia bilakatu. Proposatutako 984 etxebizitza berriren kopurua gehiegizkoa da, ez dator premiekin bat, are gehiago aurreko planetik egin gabe baina plan honetatik kanpo geratu diren 100 etxebizitza eta daukagun etxe huts kopuru altuegia kontutan hartzen baditugu. Iparragirre sektoreko 491 etxebizitzak ez dira proiektatu behar, are gutxiago erabakitako aprobetxamenduekin, eredu basatiak erabiliz Murga basoa eskuratzeko. Bidaurreta sektoreko 47 txaletak legedi berrian eta bizikidetza orekatuaren ereduetatik kanpo daude eta ez da jasangarria. Babestutako etxe bizitza ofizialak egiteko lur eremua kalifikatu eta udala promotore bihurtu. Larrialdietarako etxebizitza parkea behar dugu.
- 3.- Futbol zelairako zubia egin beharko litzateke, mugikortasuna bermatu, larrialdietarako prestatu, ekipamenduetan (pasealekuak, aparkalekuak, …) irabazi eta Arretxinagako eremua babestu.
- 4.- Ekipamenduak, planean proposatutako ekipamendu gehienak zehaztu gabe daude.
- 5.- Kareaga Industrialderako bide gorria premiazkoa da, lanera doazenentzako eta Done Jakue bidea indartzeko.
- 6.- Ondare historikoa: Kareaga dorrea egoera tamalgarrian dago eta udalaren esku-hartzea ezinbestekoa da. Urberuaga bainuetxearen berrikuntza bideratu. Hainbat ondasun historikoentzat, Ubilla, errotak, Barroeta, … txostenak ez du inolako proposamenik egiten. Gerra zibileko instalazioak babestu behar dira.
-7.- Industrialdea. Bidepeko zatiari lehentasuna eman eta beste eremuaren erreserba egin. Kareaga dorrearen babes eremua errespetatuz industria eremua urrindu.
- 8.- Herrian hirigunetik at dauden eremuetan ez dago saneamendu sarerik, eta honek biztanle kopuru nabarmenari eragiten dio, txostenean ez da gai hau aurreikusten.
- 9.- Urbitarte eta Uhagon inguruan aparkaleku arazo ageriak daude eta txostenak ez ditu aztertzen. Arretxinaga inguruan aipatzen diren 43 aparkalekuen gestioa ez da azaltzen.
- 10.- Berriz-Etxebarria saihesbidea lehentasunezkoa izan behar da, txostenak ez du agertzen lehentasun hau gauzatzeko eman behar diren pausoak.
- 11.- Ordenantzak ez ditu arautzen nekazaritza tresnetarako txabolak, nahiz eta txostenaren 126. Orrialdean “actuaciones edificatorias aisladas” atala azaltzen den.
- 12.- Onartezina da txostenaren argitalpena gaztelera hutsean egitea.
Alegazio hauek 2009.ko uztailean udal bulegoetan aurkeztuaz gain, beste Kontzekupe berezi baten bitartez kaleratu eta internet bidezko blog-ean jarri genituen.
Nahiz eta egitasmoa 8 urterakoa izan, azken urtean etxebizitza merkatuan emandako aldaketak medio, aginte taldeak bertan bera utzi du planarekin jarraiteta beste txosten berri baten prestatzea eskatu zaio Estudio-K enpresari.
Alkateak agertu digunez, gure alegazioak onargarriak dira %80 batetan eta honek haserako txostenaren itxura nabarmen aldatzen duenez, alegazioak bere sakonean aztertu gabe txosten berri bat egitea eskatu da. Hau eskuartean dugunean, eztabaidatu, onartu eta berriro alegazioak aurkezteko epea irekiko litzateke. Honela azaltzen du Udalak bere web orrian:
“Plangintza Orokorra hasiera batez onartu ondoren jendaurrean jarri zen eta, alegazioetarako epea amaituta, Plangintza egin duen Estudio K ekipoak alegaziogileentzako erantzunen proposamena aurkeztu dute.
Erantzun horiek aztertu ondoren, eta Udalak azkenean onartuko duen dokumentuak ahalik eta adostasunik handiena lortze aldera, 2009ko abenduaren 10eko ohiko osoko bilkurak Plangintza Orokorra berriro tramitatzea erabaki zuen aho batez, eta dokumentuari alegaziorik aurkeztu dioten guztiei jakitera ematea Plangintza Orokorra berriro idatziko dela eta ostera ere hasiera batez onartu beharko dela eta jendaurrean jarri. Bien bitartean aztertu ahal izango dute eta, egoki begitantzera, berriro ere alegazioak aurkeztu komeni izanez gero.”
Argi daukagu EAJren proiektuak porrot egin duela, bere ereduak porrot egin du, porlan adreilu eta etxebizitzen prezio espekulatiboen bitartez herriaren urbanizazioa gauzatzeko eredua ez da egokia. Herritarrentzako natur espazioak irekitzeko beste lur eremu batzuen okupazio basatia erabiltzeak ez du etorkizunik izan behar.
Dirudienez Iparragirre sektoreko etxebizitzen proiektua atzera botako da, ondorioz Murga basoa eskuratzea bertan bera geratuz. Aipatu zaigunez, oraingoan Murga basoari “babes nagusienaren” izendapena ezartzea proposatuko da, berau babestu eta etorkizunerako egoerarik egokienean mantendu dadin.
Futbol zelaiko zubia egiteko asmoa dago. Industrialdean aldaketak eman dira, enpresa batek eremu baten gaineko interes argia erakutsi du eta salmenta ahalbideratuko duen enkante prozedura martxan dago, ondorioz bidearen behealdea betetakotzat eman genezake eta goialdeko eremuaren industrial kalifikazioa gauzatzea komeni da.
Bidaurreta sektorearen berehalako gestioak zailtasunak omen ditu eta Plan Partzialaren epemuga agortzear dago, ondorioz epemuga hori igarotakoan lurrak birkalifikatu eta egungo legedira egokitu behar dira. Badirudi txaletak eraiki gabe geratzeko aukera ageria dela, bertan burutu behar nahi duten basakeria ezerezean gera daiteke.
Baina badira argitu gabeko hainbat atal, garrantzitsuena Babestutako Etxebizitza Sozialena, gai honetan udalak zailtasunak ikusten ditu. Guk argi daukagu, etxebizitza politika inolako bazterketarik gabe gauzatu behar da, etxebizitza duina ziurtatu behar zaie biztanleei eta etxe berriak eraikitzea ez da hau lortzeko bide bakarra, hor ditugu etxebizitza hutsak, inongo kopururik handiena dago gure herrian. Eraiki berriak egin behar badira ere babestutako etxe bizitza sozialak indartu behar dira, erosketa edo/eta alokairuaren formulak erabiliaz, honetaz gain larrialdietarako etxebizitza parke bat sortu eta kudeatu behar da. Norabide hauetan ezinbestekotzat daukagu udalaren interbentzioa, Babestutako Etxebizitza Sozialen promozioa bultzatu eta promotore izanda, soilik babestutako etxebizitza ofizialak egiteko kalifikatuz horretarako behar den lur eremua.
Industrialdeko bidegorriaren egitasmoa bertan behera eroriko litzateke txaletak egin ezean. Egoera hau gainditu egin behar da, bide gorri hau garrantzitsua da, industrialdea handitzeak sortutako kontzesioetatik, Done Jakue bidea izanda Europatik laguntzak lortuz edo beste medio batzuk erabiliz, proiektu hau egitea lortu behar dugu.
Aparkaleku arazoak dauden tokietarako ez da irtenbiderik aurreikusten. Ezin dugu ahaztu ondare kulturala, guk gure arbasoetatik jasoa, kultura, hizkuntza eta nortasunarekin itsatsita jaso ditugunak. Guk jaso dugun bezala, gure oinordekoak jasotzeko eskubidea dute, ez gara utzikerian erori behar, hor dira Ubillako dorrea eta errota, Oxilaingo errota, berehalako erantzuna behar duen Kareaga dorrea, gerra zibileko eraikuntzak eta abar luze bat.
Ezker abertzaleak bere proposamenak aurkeztu zizkion 2008ko abenduan Plan Orokorraren haserako zirriborroari.
2009ko maiatzean Udalak aipatutako plana onartu egin zuen gure proposamenei inolako jaramonik egin gabe.
Legeak agintzen duen epean alegazioak ezarri genizkion planari, aurrez aurkeztutako proposamenean oinarritutako alegazioak hain zuzen, eta hara nola gure alegazioak onargarriak bihurtu direla %80 batetan.
Zer aldatu da hemen?
Zerbait aurreratu badugu ere, oraindik badago zereginik.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: