Ahozkotasuna

kontakatiluok 1456150567008 kontakatiluok | 2007-02-02 11:28

Hizkuntza pentsamendua egituratzeko eta errealitatea barneratzeko gizakiok dugun tresna nagusia den aldetik, hizkuntzaren garapen egokia arrakastaren giltzarria izango da esparru akademikoan, neurri handi batean. 

Batetik, ahozkoak garrantzi nabarmena duelako ikaskuntza prozesuan; izan ere, haurrek ez dituzte ezagutzak pilatzen, baizik eta  ingurunearekin eta ingurukoekin elkarreraginean eraikitzen dituzte. Ikuspegi horretatik abiatuz gero, komunikazioa bihurtzen da ikaskuntza prozesuaren giltza. 

Bestetik, “eskolarako” behar den hizkuntzak ezaugarri propioak dituelako eta ez delako ikasleek etxetik dakarten hizkuntza bera: eskolako ikasketa beharrei erantzuteko, ikasleek eguneroko bizitzan erabiltzen duten hizkuntza ez-formala utzi eta testu landu eta zehatzak sortu eta ulertu behar izaten dituzte; hau da, abstrakzio eta konplexutasun handiko hizkuntza egitura eta trebeziak erabiltzeko gai izan behar dute. Are gehiago, arlo bakoitzak bere hizkuntza du eta hori ere ez du ikasleak etxetik ekartzen. Zer esanik ez, ikaskuntzarako hizkuntza ikaslearentzako bigarren hizkuntza denean. 

Gainera, ahozkotasuna lantzeak hizkuntz erabilerarekin zerikusi zuzena duten hainbat aspektu aintzat hartzea, lantzea edo garatzea dakar ezinbestean. Hizkuntza erabiliz ikasten da eta erabiliz ontzen da. Erabiltzen ez den hizkuntza, aldiz, kamustu egiten da, eta atzerakada honek motibazioan ere eragin negatiboa du. Inguruabar horretan, ahozkotasuna lantzea hizkuntzaren erabilera bera sustatzea da, eta, beraz, komunikazioa eta adierazkortasuna lantzea dela esan dezakegu.  

Hau guztia kontutan hartuta, Muskizko Ikastolan  ahozkotasuna era sistematiko batean lantzeko ekimena abian ipini dugu azken bi ikasturteetan. 

Hiruhilabetero Ikastolako ikasle guztiek hitzaldi bat eman behar dute bere ikaskideen aurrean. Banaka edo taldeka, luzeagoa edo laburragoa, formato batean edo bestean, ikasle guztiak trebatzen dira ahozko hizkuntzaren erabileran.


Utzi iruzkina: