Txinako eguraldia
Emakumea udan ezkonduko da. “Zorionak” esan dio bidaia-agentziako langileak, “eta? nora joateko asmoa?” Emakumeak ez dauka argi: ideia bila etorri da agentziara. Katalogo bat atera du gizonak. Asia hartu du abiapuntutzat. Tailandia edo India. Zeren bila dabiltza gutxi gora-behera? Hondartza, mendia, oihana? Emakumeak argi ez duela errepikatzen du, sorbaldak goratuz. Tira, ba hor duzue Vietnam…, Txina oso ondo dagoen destinoa da. “Txina? Baina ze eguraldi egiten du Txinan?”
Agentziako gizonak hasperen egin eta eskaintza azaltzen jarraitu du. Zeelanda Berria izan daiteke beste aukera bat. “Baina hori oso urrun dago, ezta?” Gizonak pazientzia bildu eta tipikorantz jo du: Karibetik kruzeroa, Cancun, Kuba, Brasil, oso modan jartzen ari den Costa Rica… “Uff, ez dakit, baina horiek ez dira oso pobreak?” Kenia eta bestelako destino afrikarrak alde batera utzi beharko ditu. Katalogoa lehen munduko orrialdeetatik zabaldu du beraz. Kalifornia, Italia, Kanada, Grezia, New York… denari ikusten dizkio alde txarrak emakumeak: beroa, hotza, urrunegi, gertuegi.
Ni atzean eserita nengoen, nire txandaren zain. Emakumea besotik hartu eta astindu on bat emateko gogoa neukan. Aizu, emakume, ezkonduko zarela? Primeran! Baina argi dago bidaiarik ez duzula egin nahi. Berdin zaizu herrialdea, kontinentea, lehenengo edo laugarren mundua, klima tropikala edo polarra, hondartza edo mendia. Mapek ez dizute zirrararik sortzen. Garraiobideak deserosoak iruditzen zaizkizu. Hizkuntza arrotzak erasotzat hartzen dituzu. Zer egiten duzu bidaia-agentzia batean? Zergatik eztei-bidaia? Ezkontzearekin batera bete behar den beste obligazio horietako bat? Lagunen aurrean kontatzeko zerbait izateko? Argazki exotikoekin etxebizitza dekoratzeko? Aurreztu ezazu diru hori, emakume, eta eros ezazu poster pare bat!
Ez diot ezer esan baina nago, animatu izan banintz, agentziako langileak ere bat egingo lukeela nirekin.
Iruzkinak
Gari 2008-01-29 15:35 #1
eta bidaia saltzeko aukera galdu? Saiatuko da, behin eta berriz, asmatu arte.<br>
Uxo 2008-01-29 17:12 #2
Zuk zer egiten zenuen bidai agentzian? Ezkontzera zu ere?<br>
Utzi iruzkina: