Tachito, izorra hadi
Tachito Somoza bere autoarekin batera lehertu aurretiko momentua perfektua izan omen zen. Ez dakit. Hori Atlantikoaren bestaldean gertatua zen, ni jaio gabe nengoen. Pasa den larunbatean, Eako moilan, bizirik nengoen (hala uste dut behintzat) eta gaueko udetan bakarrik posible den perfekzio momentu horietako batean sentitu nintzen. Orduan bai.
Ez bakarrik uda zelako eta gaua zelako. Ez bakarrik Eako moilan geundelako. Bagenuen ere zeru garbi bat bere izar guztiekin, eta ardo kopa bat (edo bi?) eta Wieslawa Szymborska, Rosalía de Castro, Sharon Olds, Chus Pato eta beste hainbeste, Miren Agur, Laia, Daniel, Xiana, Xabier, Maite, Iratxe, Leire eta beste hainbesteren ahotan. Zer gehiago? Musika ere bagenuen. Bateria, kontrabaxua, flauta eta saxo intermitenteak. Eta aurrekariak. Ezin ahaztu aurrekariak. Atuna tipularekin beletxean. Ardo gehiago. Eta motor bidaia bat Milia Lasturkoarekin. Hitzaldi psikotropiko bat, Gabriel Arestiren mamuarekin batzarra, bazkalondoko berbaldi sutsua.
Eta oraindik ere bagenuen (guk oraindik ez genekien, baina susmatzen genuen) beste egun oso bat poesiaz disfrutatzeko. Ajearekin, bai, baina horrela ere disfrutatu daiteke poesia (hori igandean ikasi nuen nik).
Tachito, izorrai, zu eta zure leinukoek ez dute momentu perfektu hauekin bukatzen lortu.
Iruzkinak
Patxi 2007-07-28 02:10 #1
Katixa, (erantzun hau irakurtzeko bizirik egongo ote zeran esperantzaz), ze itxura polita zuen Eakoak...<br /><br />Ez kontatu gabe utzi gero, bizitzea tokatzen zaizun hurrengo perfekzio momentua.<br /><br />
ane 2007-07-29 15:33 #2
Gustora egongo nitzake ni ere perfekzio horretan... poesia eta musika, paraje horretan.... segi segi inbidia ematen!!
Utzi iruzkina: