Oraingoan bai... Egunkaria Libre!

katixa 1456150281693 G&A (Gauez eta Azpikeriaz) | 2008-02-22 10:30
1

Garai batean, zozketetan parte hartzeko ohitura nuen. Zine-sarrerak, kamisetak, gauza txikiak. Euskaldunon Egunkariaren zozketa horretan ere hartu nuen parte, 1999aren amaieran. Diziplina desberdinetako “Urteko Onenak” aukeratu eta Pariserako bidaia bat irabazteko aukera eskaintzen zuen kazetak. Eta hara, niri tokatu zitzaidan: asteburu bat Parisen!

Orduko mutil-lagunarekin joan nintzen, 2000ko otsailean. TGVa eta hotela musu-truk genuen. Gure poltsikotik ordaindu beharrekoa zen, ordea, Hendaiarainoko trena eta jatekoak. Eta gure poltsikoak makal zebiltzan garai hartan. Metroa hartu barik ibili ginen Parisetik. Biontzako koka-kola bakarra eskatu genuen Montmatreko pizzeria horretan. Ez dut uste bertara eraman gintuen Egunkariagatik topa egin genuenik koka-kola horrekin: inoiz baino geurekoiagoak gara zoriontsu garenean.

Hiru urte beranduago Egunkariaren itxieraren berri ailegatu zitzaidan e-mail bidez. Fakultateko itxialdiak, manifestaldiak. Urrun nengoen orduan, fisikoki zein mentalki. Erasmus bizimodua disfrutatzen, ez nuen horrelako berriek nire egun argitsuak belzterik nahi. E-maila irakurri eta ez nion inori ezer komentatu. Azken finean, bire lagun suediar, alemaniar, kanadarrek ez zuten ezer ulertuko. Beste alde batera begiratu nuen, bai. Neurekoia izan nintzen eta ez bakarrik zoriontsua nintzelako.

Nahiago nuke hala izan ez balitz, baina sentimenduek ez dute atzeraeraginezko izaerarik. Horrela izan zen eta ordukoa ezin da aldatu.

Bost urte joan dira eta egoerak, hoberantz egin gabe, atzera ere egin duela esan dezakegu. Espainiako Justiziak eta Auzitegi Nazionalak nire errorea emendatzeko aukera eskaini didate. Orain bai, prestu nago Egunkariaren alde topa egiteko, atzerriko lagunei astakeriaren berri emateko, orain dela bost urte aurreztutako indarrarekin oihu egiteko. Egunkaria Libre!

xme

xme 2008-02-22 13:52 #1

Oso ederra, Katixa.

Beti ez gara nahi genukeen bezain jatorrak, prestuak, solidarioak. Baina konturatzeko bezain erne baldin bagaude, aitortzeko bezain zintzoak bagara, eta aldatzeko bezain ausartak, orduan esan liteke gizakiak eta gizadiak hobera egin dezaketela.

Zorionak.

Utzi iruzkina: