Intzestua
nik hizkuntza asko jakin nahiko nituzke, baina hiru besterik ez dakizkit. Beste pare bat ikastera jarri naiz, baina ez diet denbora nahikorik eskaini eta ez daukat beste batzuen abilezia inbidiagarria, hizkuntzak azkar batean zurrupatzekoa. Maite ditut ezagutzen ditudan hiru hizkuntza horiek, eta inoiz besteren bat ikasiko banu, hura ere maiteko nuke dudarik gabe. Horregatik munduko hizkuntza guztiak aurre-maitatzen ditut, maitale potentzialak diren heinean.
Eta hiru hizkuntza horien artean, neure buruari galdetzen diot: euskara al da nire hizkuntzarik kuttunena? Gaztelera baino gehiago maite dut? Ingelesa baino gehiago? Ez nuke horrelakorik esango. Baina hori bai: euskara babesgabeago, ahulago ikusten dudanez nire amatasun instintua pizten duen hizkuntza bakarra da. Euskara nire kezkabidea da. Gaztelera edo ingelesa, ez. Katarroa hartuko du? Konpainia onetan ibiliko da? Noiz bidaliko diote hurrengo obusa? Zein periodikotan argitaratuko da?
"Euskarari maite zaitut! esaten gabiltza hamarkada askoan, baina eskua sartu ere egin beharko diogu ba! Larrua ere jo beharko diogu ba!" idatzi zuen orain urtebete Pako Aristik. Eskua sartu, larrua jo… nik ezin dut. Momentuz. Intzestu moduko bat litzateke hori. Keith Johnson-i bota diezaioket errua, edo El Mundo-ri. Beren erasoaldiek ez dute euskara oso sexy bilakatzen. Hizkuntza behartsua bihurtzen dute, errukigarria. Euskara gaixoa. Etorri amatxorekin.
Baina ez diet haiei errua botako. Funtsean arazoa nire barnean baitago, eta hura gainditzeko, neuk egin beharko dudalako ahalegina.
Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da gaur. 2008ko Euskararen Nazioarteko Egunerako kapaza izango naiz maite zaitut! amatiar hori baztertu eta euskarari larrua jotzeko? Kontatuko dizuet.
Iruzkinak
Aitor 2007-12-03 17:20 #1
Euskaldunok beti berdin gabiltza. Maite asko maite dugu gure hizkuntza,
baina bizitzako eremu guztietan erabili... Hori aiii beste kontu bat da.

Kilometroak, Herri Urrats, Euskararen eguna... Mila eta bat jai
ospatzen ditugu. Oso jai eta parrandero zaleak gara baina eguneroko
jardunean beste erdal hizkuntza erabiltzen dugu. Naturaltasun osoz.

Azken finean konplejuak alde batera laga eta txipa aldutu beharko
genuke. Naturaltasunaren txipa erabili behingoz eta berba egin,
irakurri, idatzi, entzun eta larrua gustora jo "geurean" egin behingoz.
Gure hizkeran EUSKARAZ!

Olegario ohia 2007-12-03 21:46 #2
Polita artikulua!

patxi lurra 2007-12-04 18:46 #3

Beste ikuspuntu bat, Juan Carlos Etxegoien "Xamar"rengandik jasoa: Euskararen eguna ospatu ordez euskaradunen eguna izatea, hizkuntzarena baino hiztunona. Euskara kanpoko gauza bat izan ordez geure barrukoa izatea, edo hobeto esanda geure mingainarena. "Euskararen alde" egon ordez hizkuntza geure baitan egotea.

Hau da, inork ez dau euskara zapaltzen edo baztertzen. Inork ez ditu hizkuntzak erasotzen. Zapaltzekotan, baztertzekotan eta erasotzekotan pertsonek pertsonak. Hiztunok erasotzen gaituzte, hiztunok pairatzen ditugu mesprezuak-eta. Hizkuntzek ez dabelako sentitzen, ez deukie sentimendurik (guk maite ditugu baina esker txarreko horiek gu ez). Berba kodeak baino ez dira. Eta euskara ez da inoiz hilgo berba kode moduan, ondo baino hobeto jasota dagozalako gramatika osoa, hiztegiak, euskalkiak, fonotekak... Hiztunak gara hilgarriak garenok.

Eta larrua jotzekotan, noski, hiztunak hiztunekin, lizunkeriak sortuz, ogean be hizkuntzagaz jolastuz, Asisko Urmeneta eta koadrilakoei kasu gehiago egin eta Axular, Etxepare eta enparauak gitxiago adoratu. ETB-3 sortu pornografia azpitituludunagaz (azpitituluak beharrezkoak badira), Patxi Traperok aurkeztutako programa katxondoekin (Estitxu Fernandezegaz batera, jakina). Agian goxegi da Santurtziko Udalari (edo) "Berbalaguna" egitasmoak antolatzeaz gain "Txortalaguna" ekimen lizunak eskatzea, baina tira, Pellok agian ikusiko dau holako zeozer...

Utzi iruzkina: