Horiek garaiak
Ama ari zitzaidan kontatzen garai horretan bertan ezagutu zuela berak aita. Hogeita bi urte bete berriak, moja-eskola batean zebilen klaseak ematen. Egun horretan, martxoaren hiruan, ez zen, ohi zuenez, Zaramagara inguratu, bere ama –nire amona– gaixo zegoela eta zaindu behar zuelako. Baina berehala enteratu zela gertatutakoaz, hiri osoa enteratu zen moduan.
Hitz egiten duen bitartean aitari begiratzen dio. Gu baino aurreratuago dago, lepoa luzatzen. Pausua moteldu dugu eta konturatu gabe, geldirik geratu. Zer gertatzen da? Geldirik dago manifestaldia. Hor aurrean, bi edo hiru furgoneta, eta kasko ugari.
Amak bere kontaera moztu du, goazen aurrerago, esaten dit, ea zer gertatzen den. Aurreratzen gara, beraz, ia lehenengo lerrora hurbildu arte. Ika-mikak. Hainbat oihu eta jendea urduri. Baina zer gertatzen da? galdetzen du amak. Eta pilotakada baten soinuak erantzun dio. Pum.
Korrika hasi gara apal, gertatzen dena sinistu gabe. Pinu baten atzetik begira gelditu gara. Beste pilotakada batzuk. Alde egiteko esaten digute gure ingurutik pasatzen direnek. Taberna baten atarian kokatuta, aita galdu dugula konturatzen gara. Nebaz kezkatzen da gehiago ama, manifestaldira bere lagunekin etorri dena. Ez nuen espero, ez nuen espero, txundituta dago ama, ez hemen, gaur bezalako egun batez.
Baina, bai, ama, 2006ko martxoaren hiru honetan, hemen gaude, aterpe bila.
Hogeita hamar urteren buruan, nire seme-alabei gaur gertatutakoa kontatzen badiet, harrituko dira? “Horiek garaiak” esango al didate?
Hala espero dut, benetan.
Iruzkinak
Olegario 2006-03-06 18:30 #1
Oso esanguratsua da egunotan gertatu dena, batez ere, ertzaintzaren eta Balza jaunaren jarrera. Ez naiz gehiegi luzatuko, gaur ezker abertzaleko kide batek nik baino hobeto espresatu duelako esan gura dudana: "zipaysmo politikoa" dela esan du. Eta arrazoi osoa du.

Niretzako gauza bakarra da norberaren herria masakratzea baino nazkagarriagoa. Norberaren herria diruarengatik masakratzea.

maria 2006-03-06 19:37 #2
Nik ere, hala espero dut, benetan. Gure jarrera eta ekintza guztiek badute bere barne logika, baina horrek ez du justiziarekin zerikusirik. Pakea da bidea, ez helmuga. Bakoitzari, dagokiona hortan. Besarkada haundi bat.
iturri 2006-03-12 11:40 #3
Martxoaren 3a gogoratzeko manifan gertatutakoak ezin ditut konprenitu.
Batez ere hori. Dorpe izan beharra da horrela ateratzeko herriaren
aurka egun horretan. Aste tristea joan zaigu, bai.

Udaberria dator? Ez dakit. Izan ere, batzuetan tunelean ikusten den argia guregana datorren beste tren batena izan daiteke eta.

Ez dut uste oraingoan horrela denik, baina batek daki.

Utzi iruzkina: