Californication

katixa 1456150281693 G&A (Gauez eta Azpikeriaz) | 2008-02-01 10:55
2

La Pollaren kantu mitiko hura parafraseatuz: idazlea zen, orain blogaria baino ez da. Hank Moodyz ari naiz, telebistako pertsonai bati buruz. Barkatuko didazue gustu falta, baina kariñoa hartu diot existitzen ez den gizon horri eta hona ekartzea bururatu zait.

Idazlea zen, bai, eta arrakasta ere bazuen. Hollywoodeko deia jaso zuen arte. Orduan,  akabo. Orduan, God hates us all izeneko bere nobela A crazy little thing called love pelikula bihurtu zen. Tom eta Katie delako batzuek protagonizatuta. Eta Hanken gainbehera geldiezina izan da ordutik. Ezin du idatzi. Gorroto duen hiri batean bizi da. Neska-lagunak eta alabak alde egin diote. Zenbat behar dituen konturatu da. Zurrutean  ibiltzen da goizetik gauera (eta hala ere esaldi zirraragarriak botatzen ditu noiznahi). Eta hori guztia gutxi balitz, bere agenteak blog bat idaztera behartu du. Hau ez bada hondoa jotzea, zer ote?

Gustatzen zait Hankek bere alabarekin duen harremana, elkar agurtzeko darabilten solemnitatea. Gustatzen zait bere neska-lagun ohiak erakusten dion begirada, “maite zaitut, bai, baina ezingo nuke zuregana bueltatu, Hank” esan nahi dionean. Gustatzen zait telesail honen soinu-banda.

Ez zait hainbeste gustatzen Hanken arrakasta sexuala. Ez da gizonari bizitzan daukan poz bakarra ukatu nahi diodalako (egia esanda, Hanken larru-jotzeek nahiko tristeak dirudite) baizik eta Bukowski pose bat praktikatuz Kaliforniako barbie eta lolita guztiak ohera eraman ditzakeen idazlearen klixeak aspertu egiten nauelako. Dena den, barkatu egiten diot. Suposatzen dut telesailaren izenburua justifikatu behar zutela eta hortik silikonazko titi horiek guztiak.

Nihilista, posmodernoa, porno-chic-a, blasfemaria, anti-feminista. Denetariko iritziak irakurri ditut hortik zehar.

Ez dakit ba. Niri samurra eta dibertigarria iruditu zait. Eta horregatik gomendatzen dizuet.

etxekalte

etxekalte 2008-02-01 14:51 #1

Nik ere deskubritu berri dut telesail hauxe eta zinez nolabaiteko maitasuna hartu diot Hanki.

Nik ez dut uste haren larru-jotzeak tristeak direnik, kokaina eta esaldi garratsekin nahastutako sexuak badu bere distira, behintzat ez da haragiaren gose hutsa. Edukitzen dituen kideek ere beren xarma dute: bere neska-lagun ohiaren alabaordea, supermerkatuan topatutako hippy moduko neskatila (azkenean kitarra ta diskak lapurtzen dizkiona) edo txikitan albaitari izan nahi zuen emagaldua. Klitxea ere dudan jartzen dut, idazleek hain arrakastatsuak ote dira arlo horretan? Zuk esan... ;-)

Kina

Kina 2008-02-06 11:46 #2

nik ere orain gutxi deskubritu dut telesaila eta ni ere engantxatuta nago
kuriosoa da nola Hankek bere bizitza izorratzen duen, nola zoritxarreko sentitu nahi duen, daukana galdu ostean faltan botatzen duen...
nik ere uste dut sexua Hankentzat ez dela alaitasuna, drogak bezala, bere mundutik at egiteko erabiltzen duela...
en fin... bai, Hank mutik "gaiztoa" da... erabat desiragarria!

Utzi iruzkina: