Bloga ez da bidea

katixa 1456150281693 G&A (Gauez eta Azpikeriaz) | 2006-02-23 17:34
1

“Blogaren bidez” esan dut bloga bide edo tresna hutsa balitz moduan.

Tresna hutsa ote da?

Zinema sortu zenean, orain dela ehun eta piku urte, narratiba egiteko beste tresna baten moduan ikusi zuten zenbaitek. Tresna bulgarrago, herrikoiago bat baino ez. Badaude XIX mendeko pelikula ugari antzezlan filmatu hutsak direnak. Kamara ikusleak behar zuen tokian jarri eta plano orokor baten barruan antzezleek taula gainean egiten dutena filmatzen dutenak.

Zorionez berehala ikusi zuten horrek ez zuela zentzurik, zineak beste baliabide batzuk eskaintzen zituela: plano motzagoak – adibidez aktoreen aurpegiak zehaztasunez ikusteko -, kamararen kokapen desberdinak, muntaia eta abar.

Bada, blogaren berezko ezaugarri eta baliabideak ere baliatu beharko genituzke blogaren bidez literatura egitera animatzen bagara. Eta baliabide horiek edukiarengan eragina izango dutela hasieratik onartu beharko dugu.

Ez duzue argi?

Pentsa dezagun momentu batez bloga literatura argitaratzeko beste tresna baino ez dela, papera, inprenta, editore, argitaletxe eta megadenden babesik gabekoa. Literatura argitaratzeko modu errazago, azkarrago, demokratikoago bat.

Balizko egoera honetan idazleak bere lana gauzatzen du modu tradizionalean: bere etxean idatzi , lasai, berrirakurriz, berridatziz..., eta lana bukatuta, klik egin eta bere obra interneten zintzilikatu.

Berrogeita bi kapituluko nobela, taka, klik batez argitaratuta.

Baina, zintzotasunez: nork irakurriko du halako gauza bat bere ordenagailuaren pantailan? Kexatzen gara jendeak libururik irakurtzen ez duelako. Ez dut uste honek irakurle asko erakarriko lukeenik.

Pantailan irakurtzea deserosoa da. Begiak gorri jartzen zaizkizu, sorbaldak kargatu. Nik pantailaren aurrean ematen dut eguna eta, nire adinerako, zimur gehiegi ditut begi inguruetan.

Inprimatu dezakegu interneten dagoen materiala. Baina kontuak atera: papera, tinta… horretarako nahiago liburu bat erosi!

Honekin zer esan nahi dut? Literatura blogean argitaratzea denbora galtze bat dela? Editorerik topatzen ez duenarentzat irtenbide desesperatua?

Ez.

Baina literatura blogean egiten badugu, blogaren ezaugarrietara moldatu beharko dugu.

Eta zeintzuk dira ezaugarri berezko horiek? Ea ba...

-         Gaurkotasuna. Dataren estigma.

Idatzitakoak idatzita egon den egunarekin lotura behar du izan. Horrelakoa da blogaren logika, zeinetan gure idatzi guztien gainean data agertuko den, estigma baten moduan. Abenduaren 25eko mezuak ez du inongo erreferentziarik egingo gure artean hain kutuna den festa-egun horri? 2006ko otsailaren 23an post bat idatzi, eta nola ahaztu estatu-kolpearen 25. urteurrena? Kazetaritzarekin konpartitzen duen estigma bat. Baina literaturak luzaroan iraun nahi du, eta atzoko egunkariarekin badakigu zer egiten dugun gaur…

-         Maiztasun handia.

Bloga erregularki eguneratzea irakurleak harrapatzeko bide bakarra iruditzen zait. Bi hilabetetan eguneratu ez den bloga egunero errebisatzen jarraituko zenuke zuk? Eta zer gertatzen da bi hilabetetan literatura egiteko premia sentitzen ez badugu? A ze presioa, ezta? Presioa behar da literatura egiteko? Apur bat ez dator gaizki, baina...

-         Irakurleen partehartzea.

Hau izan daiteke agian alderdirik problematikoena. Irakurleak bere iritziak ematea. Kritika literarioa edozeinen esku. Hau beldurra.

Idazle tradizionalak badu feed-back aukera hori. Kritikak ditu, irakurleen gutun edo mezuak ailegatzen zaizkio. Baina noiz? Bere lana bukatu duenean.

Blogean literatura egiten duenak, egunero eta maiztasun erregularrez egiten badu, irakurleen iritzi eta iruzkinak jasoko ditu, eta horrez baldintzatuko du bere lana. Eta pentsa iruzkin horien artean denetarik egongo dela: editore batena eta hamalau urteko mutiko batena.

Etorkizuneko medio guztien xedea interaktibitatea omen da, hartzailearen partehartzea. Hartzaile igorle bihurtu, eta alderantziz. Interaktibitatea telebistan, zineman, interneten. Interaktibitatea literaturan? Idazketa zein ogibide bakartia den negar egiten duten horientzat agian aukera interesgarria da. Arrakasta komertzialaren atzetik dabilenentzat ere bai. Bezeroak beti du arrazoia: aukera ezazue A,B eta C amaieren artean, eta hura izango da nire blog-nobelaren amaiera. Baina bestela?

Beste hainbeste berezitasun izango ditu blogak, baina orain aurreko hiru horiek iruditzen zaizkit inportanteenak.

Orain, baldintza horiei aurre egiteko prest gaude, ezaugarri horietara moldatzeko gai ikusten dugu gure burua?

Ea ba, proba dezagun, esperimenta dezagun. Eta blogean utziko ditugu gure esperimentuen arrastoak.

balaklaba

balaklaba 2006-02-27 21:47 #1

<p>Una vez un enfermo le dio a Andrés un cuadernito encontrado entre papeles viejos que hanbían sacado del pabellón de las hijas de la Caridad.</p>

<p>Era el diario de una monja, una serie de notas muy breves, muy lacónicas, con algunas impresiones acerca de la vida del hospital, que abarcaban cinco o seis meses.</p>

<p>En la primera página tenía un nombre: sor María de la Cruz, y al lado, una fecha. Andrés leyó el diario y quedo sorprendido. Había allí una narración tan sencilla, tan ingenua0 de la vida hospitalesca, contada con tanta gracia, que le dejó emocionado.</p>

<p>Pío Baroja - El árbol de la ciencia.</p>


Utzi iruzkina: