Bakardadea eta psikopatak
Zergatik nahiko luke psikopata batek nire etxean sartu eta ni odol hotzean hil? Mila arrazoi bururatzen zitzaizkidan, eta arrazoiak bukatuta ere, berdin; izan ere, noiztik behar ditu arrazoiak psikopata batek, asasinatzeko?
Nola ailegatuko litzateke psikopata bat nire ohera? Nola zabalduko lituzke atariko bi ateak, etxeko ate blindatua, nik ate aurrean kokatuko barrikada pisutsua? Psikopatek baliabide ugari dituzte, gauza jakina da: giltzen kopia klandestinoak, leherkariak, arnesak, leihotik sartzeko-edo…
Bakarrik nengoen etxean. Bakarrik nire imajinazio morbosoarekin. Ezin nuen lorik hartu. Zer da zaratatxo hori? Eta pausutxo horiek? Behin baino gehiagotan begiratu behar izan nuen armairu barruan, ohe azpian.
Egunean zehar, begi-zuloekin ibiltzen nintzen, goibel. Bakar batentzat afaria prestatzea baino gauza tristeagorik? Sofa aurrean, telebista piztuta eta bakarrik jatea baino gauza miserableagorik? Eta afaria bukatuta, harrikoa egin behar al da? Benetan aurre egin behar al diogu sardexka horri, plater ziztrin horri, gure bakardadearen oroigarri tamalgarri horiei?
Azkenean, bakarrik utzi ninduena itzuli egin zen. Eternidade baten ostean.
- Hiru egun besterik ez dira izan, neska.
Hiru egun? Ez da posible. Niri ximur berriak atera zaizkit.
Maleta zoruan utzi eta berehala hasi dira gure gatazkatxoak. Errieta egin didazu egun guzti hauetan harrikoa egin ez dudalako.
- Hiru egun besterik ez dira izan, gizona.
Gero, zuk egitea erabaki duzunean, nire betiko diskurtsoa bota dizut, harrikoa egiteko modu egokiagoak daudela, ur gutxiago gastatu beharko zenukeela, baliabide naturalak aurreztu beharra dagoela eta abar. Azkenean, ez dakit oso ondo nola, energia nuklearrari buruz eztabaidatzen bukatu dugu.
Baina ni pozik nago. Etxea bero da, eta goxo. Eta ondo egiten dut lo. Afalorduan telebista itzalita dago. Eta psikopaten arrastorik ez dago.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: