Aulki hutsak
Asteazkenean erabateko greba egin zuten (tira, genuen) EHUko irakasleek. Aspaldiko partez bat egin dute unibertsitate-sindikatu guztiek greba deialdi bateratua luzatzeko unean. Grebaren arrazoia: soldaten igoera eskatzea. Diru aferei dagokionez, jakina denez, ideologiak lurrindu eta pankarta beraren atzean jar gaitezke guztiok.
Ez zen eskolarik egon, beraz, pasa den asteazkenean. Arabako Campusean, baina, master class berezi bat disfrutatzeko aukera izan genuen. Irakasle gonbidatua: ez eskirol bat baizik eta hitzen aztia den Harkaitz Cano idazlea. Ahulkiak errezitaldi antzeztua eskaini zigun Patxi Santamaria eta Itziar Lamuedra aktoreekin batera, Cano bera antzezle moduan saiatu zelarik (erronka duinki garaituz, gainera).
Beraz azti, idazle, aktore eta irakasle (greba egun batean). Ez da gutxi gero. Batez ere kontutan hartuta irakasle papera ez dela xamurra batere. Ez da erraza, eta ondo egiten dutenek eskubide osoa dute beren soldaten duintzea eskatzeko. Hara, galdera: zer da irakasle ona izatea?
Irakaslearen papera ez da, askok uste duten moduan, dizipulua eskutik hartzea eta gizateriaren aurrerapen, lorpen eta sormenaren galeriatik paseoan eramatea. Irakasleak ateak, leihoak edota zulotxoak ireki beharko lituzke. Aterki-puntarekin, besterik ezean. Ezagutza deitzen dugun izate argitsura eramango gaituzten zirrikituak. Zulo horiek igaro ala ez, zirrikitutik begiratzea ala ez, ikaslearen esku dago. Harkaitzek ondo bete zuen bere irakasle rola: ateak zabalik utzi zizkigun, hain ohikoa zaigun altzari horren mundu magikora daraman sarbidea erakutsiz. Eta guk sartzea erabaki. Aulkiak, ahulkiak. Nork esango luke hain funtsezkoak direnik.
Baina badira, gure ingurura begiratzea besterik ez dugu. Burura etorriko zaigu, halabeharrez, Sorbonneko ikasle horrek poliziari botatzen dion aulkia. Marbellako alkateak bakean utzitako aulkia. Alderdien mahaiaren inguruan kokatuko diren aulki kopurua.
Eta asteazkenean EHUko irakasleek, batzuek arrazoiz, beste batzuek ez hainbeste, hutsik lagatako aulkiak eta ahulkiak.