Arriaga bizirik

katixa 1456150281693 G&A (Gauez eta Azpikeriaz) | 2006-02-01 10:46
2

Urteurren, mendeurren, milurteko-urren eta dena delakoekin badago arazo bat, eta arazo hori da goraipatu eta omendu nahi den horrekin nazkatu ohi garela. Omendua laudatu beharrean gaizki esaka hasten garela. Gertatu zen Cervantes eta bere Quijotearekin pasa den urtean, eta ziurrenik gertatuko da aurten Mozartekin. Pena da: hildako miresgarri hauen obra ezagutarazi, zabaldu eta distira ateratzeko aukera paregabea behar lukeena topiko setatien zerrenda bihurtu ohi da, ezer berririk eransten ez duena, ez bada aipaturiko nazka eta nekadura.

Mozart bezala, Juan Crisóstomo de Arriaga ere urtarrilaren 27an jaio zen, orain dela berrehun urte. Bere jaiotza ospatu beharrean gaude, hortaz, eta espero dezagun abagune honek Arriagaren obra eta bizitza motza ezagutzeko balioko digunik eta ez soilik bere izena daraman antzokiaren propaganda egiteko. Neronek eskertuko nuke, izan ere ezer gutxi dakit Arriagari buruz.

Bere berri Juanjo Mena zuzendariaren eskutik izan nuen lehenengoz, ume koxkor bat nintzelarik, abesbatzan bere obra bat (O Salutaris, esango nuke) abestu behar genuenean. Hari buruz kontatu zigunen artean gehien inpresionatu ninduena bere heriotza goiztiarra izan zen. Hogei urte bete baino lehen hil baitzen, Parisen, tisiak jota, ganbara bohemio batean-edo. Horra hor gure morbositate naturalaren abantaila: detaile horregatik bakarrik gorde nuen Arriagaren oroitzapena. Orain berreskuratu dut eta detaile horren transzendentziaz ohartu.

Ume nintzenean hogei urterekin hiltzea tragedia bat iruditzen zitzaidan, noski. Gaur egun, hogeiak aspaldian beteak, miraria iruditzen zait hain bizitza motzean konpositoreen panteoi sakratuan bere txokotxoa lortu izana. Gaztaro luze, ia agortezin eta helduaro oparoa (pentsio plan baten jabe bagara, behintzat) etengabe saltzen diguten garai hauetan, ez dago batere gaizki Arriagaren, ez tragedia, baizik eta lorpena gogora ekartzea.

xme

xme 2006-01-30 13:42 #1

Ongi etorri txoko berri honetara.

Zaleen bisitak gutxituko ez direlakoan, ez adiorik.

patxi lurra

patxi lurra 2006-02-01 16:52 #2

<p>Arriaga bizirik? Bai ba, <strong>bizi-bizirik</strong>! Orain dala bi urte&nbsp;jaio ei zan-eta. Neu denpora zaharragoetakoa zalakoan nengoan, XVIII. mendekoa edo. Baina ez, musikariaren omenezko kartel batzuen arabera aurtongoa da Arriagaren jaiotzaren 2. urteurrena. </p>

<p>Jakina, gaztelerazko kartelean dator zuzenketa: <em>"2º centenario."</em> Akastxoa baino ez zan izan beraz, eta ganera euskarazko karteletan bakarrik. Gaitzerdi!</p>


Utzi iruzkina: