Armairua bataila-eremu

katixa 1456150281693 G&A (Gauez eta Azpikeriaz) | 2006-11-13 12:55
4

(Gurasoek eskaintzen didaten asilo digitala lagun, hona hemen fikzio pieza txiki bat, nire ADSL propioaren zain nagoen bitartean...)

Armairu hura. Gure elkarbizitzaren sinbolo behinena. Gogoan duzu nola egin nizun lekua barra horretan, nola erosi nizkizun pertxa berriak, nola hustu nituen bi kaxoi amoroski, zure kamisetentzako.

Garai horretan armairuko ateak zabaldu eta paisajeari begira geratzea gustatzen zitzaidan. Maitasunaren eremu petoa. Zure alkandora txuriak nire marradun blusa besarkatzen. Nire praka bakeroak zure txinoen artean irristatzen. Eta barruko arropa, auskalo zertan tiraderako iluntasun lizuna aprobetxatuta.

Gero dena okertu zen. Egun batetik bestera ez, baina ia. Gona gorriak tindua galdu eta zure kamiseta txuria izorratu zuen. Nire neguko sueter lodiei bolatxoak ateratzen hasi zitzaizkien (eta zureei ez, zergatik?). Naftalina usainak biok gogaitzen gintuen.

Hala nola eutsi genion, hasieran.

Baina galtzerdiena. Hasieran ez nion garrantzirik eman, banan-banan eta poliki desagertuz joan zirelako, baina handik bolada batera ez nuen ia pare osorik ere.

Zuk kontrakoa esango duzu, baina nik badakit, ondo jakin ere, zure galtzerdiek jokatutako azken bataila izan zela hura, kaxoietako iluntasuna lagun. Bai, laztana, zure galtzerdiek nire galtzerdiak jan zituzten, kanibal alprojak.

Ondo aukeratzen zituzten beren biktimak: bikote bakoitzetik kide bakarra, tiradera galtzerdi alargunez beterik. Beldurrez irekitzen nuen goizero kaxoi hura, sarraskiaren atal berriaren zain.

Etxetik bota zintudanean, zure arropa guztia leihotik behera bidali nuenean, oraindik egozten zenion errua ikuzgailu gaixoari, eta hobeto begiratzeko erregutzen zenidan, batzuetan galtzerdiak tramankuluaren mekanismoan trabatzen zirelako, eta han geratu, garbituz eta garbituz, bueltaka eta bueltaka.

Memelokeriak.

Galtzerdiak erostera joan nintzen arratsalde hartan. Gero labadoraren atea zabaldu nuen, poliki, kontu handiz, zer gerta ere.

axi olano

axi olano 2006-11-13 14:54 #1

Bitxia da... arropak zintzilikatzean ere galtzerdien drama azaleratzen da...

Pareak denak txintxo-txintxo elkarren ondoan zintzilikatu, edo denak nahastuta?

Alanbre zabaletan, arropa handien mehatxupean, edo eskinatako alanbre estuagoetan?

Ta nola deskribatu, pintzarik gabe jartzearen erruz egun osoa lurrean erorita egon den galtzerdi bustiaren bakardadea? Urrikalgarria.

Zer esanik ez, behinola bikotea galdu eta sekula aurkitu ez diogun media beltzaren paraderoa. Hori bai alarguna, ta okerrena,  desagertuarena gainera.

Patxi

Patxi 2006-11-14 07:23 #2

fikzio pieza dotorea, amaiera ezinhobea.

amaixa

amaixa 2006-11-14 12:05 #3

Ba niri oraingoz ez didazu lekurik egin zure armairuan. Espazio batzuk deskolonizatzeko garaia heldu da Katixa maitea.

Muxu.

frida

frida 2006-11-26 15:44 #4

Eta haustura hori, beti bezala biktima errugabeek ordaindu behar; galtzerdi gajoak.

Utzi iruzkina: