Ama eta idazle

katixa 1456150281693 G&A (Gauez eta Azpikeriaz) | 2008-05-09 12:34
2

Bi liburu, eta gai bera: amatasuna. Edo amatasunaren tragedia, hobe esanda. Bi liburu hauek ez baitira amatasunaren laudorioa, preseski.

Lehenengoan, Lionel Shriver estatubatuarrak idatzitako We need to talk about Kevin (gazteleraz Tenemos que hablar de Kevin, Anagrama, 2007), gurasotze prozesuan gaizki atera daitezkeen gauza guztiak, gaizki ateratzen dira. Murphy legea ugalketara eramana.

Txarra da haurdunaldia, eta are okerragoa erditzea. Bi gaitz, gero: erditze osteko depresioa eta mastitis mingarria. Umea, gainera, gorrotagarria da: zaila, oldarkorra eta gaiztoa, ama eta mundua mespretxatzen dituena. Eta bukatzeko, kolofoia: umea nerabe egin da, eta halako batean arku eta geziak hartu eta masakre bat eragiten du bere institutuan. Ze polita.

Bigarren liburua, Rachel Cusk-en Arlintong Park (Lumen, 2008), sotilagoa da. Amatasuna etsipenez eramaten den esklabotza baten gisara aurkezten da: alboratutako karrera profesionalak, norberaren itxuraz arduratzeari uztea, beti amak diren beste emakumeekin egon beharra… Konturatu gabe itotzen zaituen giro bat marrazten du Cusk-ek eta bukaeran Kevinen balentriak irakurtzen sentitutakoa bezain aztoratzailea da geratzen den inpresioa. Eta modu errealistagoan eginda gainera (esan nahi baita, modu beldurgarriagoan).

Amatasunaren idealizazioarekin bukatzea ondo dago, baina beste muturrera joan behar ere! esan nion neure buruari, eta segituan apustua egin: egile hauek ez dute umerik izan, ama ez izatearen damua nobelen bitartez apaldu nahian dabiltza.

Shriver-ekin hasi nuen nire ikerketa biografikoa eta bingo! Ez da ama. Eta ni zuzen nenbilen: liburua idaztea terapia moduko bat izan da berarentzat. Elkarrizketa batean aitortua: bere aukeraren egokitasunaz konbentzitu da Kevinen barrabaskeriak idatziz.

Bigarren egilearekin, ordea, ez dut zorterik izan. Cusk ama da: ume bi. Agian horregatik amatasunaren inguruko bere ikuskera hain da errealista. Eta beldurgarria.

Patxi

Patxi 2008-05-12 00:44 #1

Gure seme-alabak ez dira gure obrak, (hala balira, aberrazio galanta izango litzateke), baina bai da egia, gugandik ikasten dutela, inguruak baldintzatzen dituela guztiz.

Lasai Katixa, zure aldamenean hazitako ume batek nekez hartuko ditu uztaia eta geziak, eragingo du masakre bat unibertsitatean.

Luzeago aritzeko gogoz geratzen naiz, baina ze orduak dira hauek, bihar sei t'erdietan esnatu behar duen batentzat!

marijose

marijose 2008-05-15 15:34 #2

Umeak ez dira gurasoenak, umeak bizitzarenak dira. Edo horrelako zerbait esan zuen behintzat Jibran Jalil Jibranek. Ez dut uste umerik izan zuenik.
Nik bai, hiru izan ditut, eta ditut -betirako dira umeak, ai ene!- eta majina bat aldiz sinestu nahi izan dut Jibranena, amatasuna eramaten zaila zen uneetan...eta une zailenak kulparen batek jaten zaituenean izaten dira. Halabaina, amatasuna bizitza berbera bezela da. Nahiz eta oso zaila izan bizitzen jarraitzea, gehienok nahiago dugu aukera binarioaren beste alternatiba baino! Horrelaxe, umeak izan ditugunontzat, halakoren batetan "zer egin dut"  geure buruari galdetu badiogu ere, ume horiek gure aurretik "joatea" ez da ba guraso ororen amesgaiztoa? Hau idazten ari nintzela, Txinako lurrikarak utzi dituen ume-bakarren guraso-zurtz-en desesperazioa ikusten ari naiz...

Utzi iruzkina: