Inkaren bidetik pauso lasaian... (Argentina XI)
Jujuyko San Salvadorren gaude, Loren eta biok. Jujuy Argentinaren ipar-mendebaldean dago, Txile eta Boliviarekin muga egiten duen probintzia da. San Salvador hiria itsas mailatik mila eta hirurehun metrotara aurkitzen da, gutxi gora behera. Hemengo ostatu batean logela bat hartu dugu, eta bi egun atseden hartzen, arropak garbitzen eta internet bidez gure posta elektronikoak eguneratzen pasatu ditugu… Hirugarren egunean, indar berrituta, Boliviarako norabidea hartu dugu. Goi-lautadako paisaia hau txundigarria da, paregabea. Alboetara uzten ari garen mendiak kontu handiz tindatuak izan zirela dirudite, gorriak dira, laranjak, moreak, horiak, berdeak, zuriak eta beltzak… Soberan harritu nauena ingurune ustez lehor hauetan hainbeste sahats eta hainbeste makal ikustea izan da, baina ez da kasualitatea zuhaitzok ibai ertzetan kokatzen direla egiaztatu izana. Ibaien bideak lehor doaz orain, baina beraien zabalerak eta tamainak argi adierazten dute zein urtsu eta zein indartsu datozen euriteen garaian, urtarrila partean…
Hiru mila metrotara igo ahala gero eta kaktus gehiago ikusten da bide ertzetan eta mendi magaletan. Kaktus hauek erraldoiak dira, zilindrikoak, eta agur egiten baleude bezala hazten zaizkien besoak dituzte. Loratzen direnean lore txiki polit horixkak ateratzen zaizkie puntaren puntan. Eta sikatzen direnean beraien egitura egurtsu eta porotsua eraikuntzan erabiltzeko aproposa da… Altuera irabazten goazen heinean paisaia menditsu hau laua bihurtzen da. Zelai idor hauetan lastoaren koloreko gramineoak ikusten ahal dira, eta nagusiki basamortutik hurbil dagoen giroa antzematen da. Hala ere, behi taldeak gurutzatu ditugu, llamak, ardiak eta zaldi gutxi batzu…
La Quiacara iritsi gara, hiru mila eta laurehun metrotara dagoen Jujuyko azken herria da, Boliviara orduko. Muga oinez zeharkatu dugu, eta han lehendabiziko herrian ostatua hartu bezain laster kalerik kale paseatzera atera gara… Bolivian dena dago oso merke, eta erosketa gutxi batzu egiteko beta hartu dugu, kolore biziko jertseak, eskuz egindako mantak… Altuera hauetan ohikoa da jendea koka hostoak murtxikatzen ikustea, arnas falta, zorabioa edo lepoko mina bezalako sentsazioak ekiditeko. Masail bat handituta nabari zaie hosto-bola koskor bat gordetzen dutelako hor, berrehun gramoko txikle bat balute bezala…
Hurrengo egunean bertan bueltatu gara Argentinara, Jujuyra berriro. Lautadatik ingurune menditsura jaitsi gara hiru orduren buruan. Humahuaca herrixkan pausatu gara, ia-ia hiru mila metrotara gaude. Hemen lauzpabost egun lasai-lasai igarotzea erabaki dugu… Suyay izeneko ostatu txiki bat aurkitu dugu, ‘itxaropena’ esan nahi du kitxueraz. Ostatuaren jabea oso emakume irribarretsua da, oso maitagarria… Humahuaca herri turistikoa da, ederra, inauteri garaian bisitariz gainezka dago, jatetxe piloa du, eta artisautza objektuak saltzen dituzten dendak nonahi… Oso gustura gaude hemen, topatu dugun jende oro zinez atsegina izan da gurekin…
Hemendik pasatzen garen gringoetaz aparte, bertako populazioa orokorrean azal ilunekoa da, txikitxoa, ezpain lodiak dauzka, sudur biribildua, begirada sakona eta ile lisoa eta beltz-beltza... Inken ondorengoak dira, zibilizazio zahar bateko partaide dira, gaur egungo estatuetako mugek erabat errespetatzen eta ordezkatzen ez dituzten herrien oinordekoak dira. Bolivia estatu plurinazionala da, Argentinak berriz, besteak beste, jatorrizko komunitate hauekiko zor handia du oraindik… Kultura hauek ez dute lurraren jabego pribatua ulertzen, eta ama-lurrarekiko errespetua beraien bizimoduaren oinarri sendoenetariko bat da. Ez dira subjektu partikular kontsideratzen, subjektu kolektibo baizik…
Gaur txango bat egitera atera gara, Muino Beltza izeneko mendixka bat igotzeko asmoz. Mendi-oinera iritsi garenean, mendiari aurrera egiteko baimena eskatu diogu, eta eskura genituen koka hosto sakratuak eskaini dizkiogu… Ibilaldia benetan ederra izan da…
Iruzkinak
ateop 2010-11-02 14:41 #1
kaktusak eta area,
lurraren eta zeruaren arteko bitartea,
mundua bizi dela ikustea,
sentitzea,
eta aurrera egitea.
Thailandiatar Bediaztarrak 2010-11-04 17:38 #2
Saw Wat Dee Harriketarrok & Chorizo de Locos!!!!!!!!

Zelan doa gauzea Argentina eta Euskal Herritik???? Gu ere Bedia ezagutzen gabiltza, baina ekialdetik. Dana oso ondo doaku, Maialen apur bategaitik mareau iten jata Moai Thai burrukaldie ikusi ostean baina ostantzean oso ondo.

Aupa Athletic!!!!

Thailandia Bedia da!!!!!

Maialen eta Mikel!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!!

2010-11-06 17:20 #3
Aupa Bedia!!!
Thailandian be egon behar... jeje! zelan doa dana hortik???
Eta argentinatik?? Txiki... oso gusture irakurten dodaz zure barriek, nahiz ta zu be urrin egon etxetik hurbilau sentiarazoten daurie eh!! asko disfrutau...
Bueno,ta bueltan zatozienean aber pasetan zarien Bedia ezetan bea hegoaldetik, hemendik be geuzek dauzela ezetako eh!!! Ondo pasau hortik... ta mosu asko danontzat!!
kadizetik.... LAURA!
Utzi iruzkina: