Flores eta Costanerako loreak... (Argentina II)

karabie 1456150202126 LEMOAKO KARABIE GAZTETXEA | 2010-08-31 20:44

Nicolas, gure amaren lehengusua, Flores auzo zaharrean bizi da, erraldoia den Buenos Aires Hiri Autonomoaren erdigune geografikoan, nolabait esateko. Klase ertaineko auzoa da Flores, auzo herrikoia, non garai desberdinetako eredu arkitektonikoak nahasten diren. Parke apal bat dago San José Basilika historikoaren aurrez-aurre, eta denetariko dendak handik eta hemendik, txikiak eta handixeagoak. Metroz eta autobusez ondo komunikatuta dago Flores. Nicoren etxea Rivadavia etorbidearen ezkina batean kokatzen da, kale estu batean, Buenos Aireseko kaleak normalean zabalak dira, baina kale hau, Pescadores, estua da oso. Rivadavia hogeitamasei kilometro luze dituen etorbidea da, hiriaren iparraldea eta hegoaldea banatzen ditu, eta nahi izanez gero wikipedian baduzue beste hainbeste detaile... Nico eskongabea da, bakarrik bizi da, bigarren solairu batean, etxe txikitxo eta zaharkitu batean, baina dena dago garbi eta txukun hemen. Egongelako altzariak eta sukaldeko tresna elektrikoak antigualekoak dira, hala ere ondo zainduta daude. Komuna zuri-zuria da, beno, badu hezetasun orbain berde bat eskumako horman. Gelak komunikatzen dituen pasabidean, alde batetik pendulua duen eta zutik dagoen erloju handi horietako bat dago, eta bestetik, Picassoren ‘Gernika’, Patagoniako gautxoen irudi tipiko bat, eta familiako argazki pare bat ere. Argia da, behar bada, etxeari falta zaiona. Niri liburuek gainezka egiten duten gelatxo bat atondu dit Nicok. Bertan, kalearteko patiora ematen duen leiho baten azpian, badago ohe bat, bere albo batera egurrezko kulunkaulki bat, eta harrigarriki oraindik badabilen irrati bat ere badago hor, lurrean. Ohean etzan naiz, eta hankak soberan ditudala egiaztatu ahal izan dut, beste behin ere... Usoen gurrugurruak esnatu nau. Asteazkena da, eta eguzkia somatzen da leihoko zirrikituetatik. Kalera atera naiz, artilezko jertsei bat aldean, negua da-eta hemen oraindik. Bai, lili bat hartu eta hostoz hosto eransteko garaiak helduko dira, baina geroxeago... Metroa hartu dut, A linea, urdina, Carabobo estaziotik Plaza de Mayora doana. Metroko istorioek idazlan oso bat merezi dute... Lurpetik atera naiz, Gobernu Etxea atzean utzi, eta Hegoaldeko Costanera ingurura abiatu naiz. Etxeorratz moderno eta akristalatuen gerizpetik noa, Buenos Airesen bertan dagoen babesgune naturalera noa. Costanera Sur 4 Ikusgarria gune natural hau, benetan ikusgarria. Hain hiri handi batean, hain gune natural eta ederra... Izatez, la Plata ibaiari artifizialki irabazitako gunea da hau, baina denborarekin naturalizati egin dena. Begetazio anitza aurki daiteke hemen, eta mota guztietako txoriak... Bertako bide-xidorretatik txangoan noala, petalo luzedun lore batekin egin dut topo, lili bat da, Lulu du izena, eta berarekin egingo nuke gaur pozik lolo...


Utzi iruzkina: