IRAULTZA / MATXINOAK
(Mitxel Usar lagunaren testu hau dakart hona gaurkoan)
"Martxoko Iraultza": ze iraultza klase da hori, datak jartzen dituena, Denboran sinesten duena, Jaun-Goikoek zenba(ki)tu ezin den jendea kontrolatzeko erabiltzen dituzten armak bereganatu eta erabiltzen dituena?
Susmoa dut ez ote den bihurtu "iraultza" pijoen matxinada-ordekoa. Irudi-indarraren aldetik begiratuta ere, alde ederra dago bien artean: ni bezalakoentzat –eta hemen enelako aunitz zaute–, iraultzea belarra goora ta behera aidean boteaz lehortzen edo ihartzen jartzeko bidea da: barrutietan sailka jarriak daude belarrak, eta, behin alde bat ihartuz gero, sardearekin buelta eman beste aldea edo alderdia lehor dadin –gero, garai batean idiek tiratutako gurdiz, ondoren tratorez, ganbarara eramaten zen, pixkana-pixkana negun-eta aziendari jaten emateko–. Horrenbestez, ongi antolatutako lanaren irudia da, modu txukunean ordenatutako eginkizuna, deus ere aldatzen ez duena: berdindu egiten du, ez aldatu. Sasoian eta sasoiz bete beharrekoa da, egutegiak markatzen ditu tenpoak eta erritmoak.
Oso bestelakoa da ‘matxinada’-k demaigun irudia: neri, behintzat, kontrolatu ezin den jardunaren sentsazioa ekartzen dit, berez bezala sortzen dena: inork ez daki nondik, ez baitago Goitik agindua. Matxinada Jaun-Goikoek planifikatu ezin dutena da, ezin baitute “aurre-ikusi”, ez diote susmorik hartzen, igarriezina dute –eta, horregatik, iragarriezina–. Ez diozu politikari bati sekulan entzungo “hartu ditudan neurri hauen ondorioz matxinada egingo didate”, edo antzeko esaldi petralik. Komuna denetik berez hazten baita matxinada, eta Denbora-Lerroan imajinatu ezin diren hamaika bide berri zabaltzen ditu: horrexeri diote beldur, hain zuzen ere, Egitasmoen Jauntxoek, ezin baitute matxinadak ekar lezakeena egutegian jarri, ezin baitute datatu eta kontrolatu.
Hitz bataren eta bestearen sortzezko egiturari so eginda ere berehalakoan konturatzen gara berealdiko diferentziaz: esan genezake kontrako bidea egin dutela, eta bakoitzak ibilitakoa bat dator, izan ere, lehen agertu zaizkigun bereizkuntzekin.
‘Iraultza’ hitz potolo horietakoa dugu: herriaren ahotan kantari zebilen elea hartu –‘irauli’–, eta aldameneko hizkuntzetan ideologoek Jaun-Goikoen aldareetan ipinitako abstrakzioaren isla zuzena egin nahi izan zuten gurean ere. ‘Irauli’-k –eta horretatik eratorritako hitzek– zentzu ugari ditu herri-hizkeran (ez soilik hemen jarri dudana), ‘lurra landu’, ‘gurdia itzuli’ edo ‘hankaz gora jarri’ (gurdiak hankarik balu), eta beste hamaika: horiek denak hartu, eta Etorkizunari begira dagoen kontzeptu bilakatu ziguten. Herri-hizkeratik hartu, eta Jauntxoen mordoilo bihurtu: komunetik pribatura, inorena ez izatetik fededunen jabetza izatera. Horren adibide garbia da Iraultza izen propiyo bihurtu izana.
‘Matxinada’-k, berriz, alderantzizko bidea egin du zehatz-mehatz, pribatutik komunera: sorreran, ‘Matxin’ izen propiyoa omen dago –hau da, ongi dakigun bezala, Martin–, hala esaten baitzen, gaur egun bezalaxe, komunki ahoskatuz (Aita Larramendiren hitzetan, "Machín, así se llama en Bascuence a Martín entre los rústicos y olaguizones"), gero 'matxin' –eta horretatik 'matxino'– ‘olagizon’-en sinonimotzat joaz, eta, azkenik, matxinatzen denarena berarena, alegia. Joera hori –izen propiyo bat hartu ta izen komun bihurtzearena– hizkuntza edo hizkera guzietakoa da, eta gurean bereziki emankorra (hortxe daukagu ‘porlana’ eta hamaika antzeko), spezialki egokia Goi-Jauntxoek darabilten etiketatze-mekanismoa urratzeko. Aurren-aurreneko jabetza pribatua dena –Izen Propiyoa– komun bihurtuz, inongo jaberik behar ez dugula adierazten da sakonki, ez jaberik, ez jabekizunetatik jeitsiarazitako sinesmenik ez idearik. Matxinoa oraintxe matxinatzen da, planezik, egitasmobako. Hementxe aurrean duenak esango dio –barrenak agintzen diolako, barrutik sentitzen duelako– zer egin eta nola. Ez du matxinoak, horrenbestez, gezur potoloa besterik ez den Etorkizuneko Imajinazioen mende jokatuko.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: