Fantasiazko Etimologiak (3 eta 4): आनन्द ānanda / भारत bhārat
आनन्द
ānanda
'zorion(a)', 'alaitasun(a)', 'gozaldi(a)'
Euskarazko poz-adierazpenetik: "Han, han da!".
Azalpena:
Hemendik hara entzundako paradisuaren bila joandako euskaldunek, gaur egun 'India' izenez ezagutzen dugunera iritsi zirenean, hango baso opariak, lur emankorrak, ibai gardenak hurbiltzen ikusiz, hau da, hango lurraldea bertaratzen ari zitzaiela konturatuz, horixe oguzi zuten pozez gainezka: "Han, han da!"
_______
भारत
bhārat
"India"
"La India"
Euskarazko "Baa... harat!" esaldi erabakiorretik.
Azalpena:
Berriz ere, आनन्द ānanda-ren kasuan bezalaxe, hemendik hara entzundako paradisuaren bila joandako euskaldunak, gaur egun 'India' izenez ezagutzen dugunera iritsi aurretik, khyber mendatea iragan orduko bihurgune garrantzizko batean zeudela konturatu ziren: nora jo? Iparraldera? Hegoaldera? Ekialdera?
Horrenbestez, beren arteko jakintsu-trazarik haundienak zituenari galdetu, eta hara hor zer erantzun zuen (burua pixkoat hazkatu ondoren eta Ekialderantz seinalatuz keinu erabakior batez): "Baa... harat!", kontraziobidez "Bhārat" bezala trasmititu izan dena: hain zuzen ere, hindiz Indiak duen izen ofiziala.
Seguru asko, berehala konturatu zarete Khyber ( خیبر ) mendatearen izena bera ere euskal izena dela: Iber/Ibero eta beste guziak bezalaxe, 'Hi-Ber(o)' izenetik datorrena.
Nolazpait ere (Lakarraren proto-proto-euskararen zain gaudela), gaur egungo 'hi' izenordaina garai batean *khi (edo oso antzeko zerbait) izango zen. Beraz, gorago aitatutako euskaldun haiek gaurko 'Khyber' mendatean nora jo ez jo deliberatzen ari zirelarik, baten batek esanen zuen: "Hi, hau bero!" [*Khi, khau ber(o)] (artikulorik gabe, artean), zeinari arraposturen baitzion beste batek: "Hi bero! [*Khi ber(o)!] Kriston hotza zeok hemen!", ta halaxe geratu zitzaion betiko erantsia 'Khyber' ( < *khi-ber) izena zerari.
Iruzkinak
Utzi iruzkina: