Fantasiazko etimologiak (1): शान्ति śānti
शान्ति śānti
'bake', 'lasaitasun'
Etim.: Euskarazko 'Xanti' izen propiotik.
Azalpena:
Gaur egun India, La India, Bharat... izenez ezaguna den lurraldeetara iritsitako gure antzina-antzinako arbasoen arteko batek, hango bake ta lasaitasunak liluratuta, behin ta berriz zioen: "Hau bakea! Hau lasaitasuna": Xanti zuen izena, ta halaxe geratu zen sanskritoz (ta gero hindiz eta bangleraz eta besteetan ere bai) hitz komuna bezala, bakea ta lasaitasuna adierazteko.
Azaldutako mekanismoak (izen propioa izen komun bihurtzeareanak) tradizio luzea du euskaraz: 'erraldoi', adibidez, Xarlemañek edo Carolus Magnus-ek gure aurkako gatazkan parte hartzeko ekarritako heroiaren izenetik omen dator (Roldan, Roland, Errolan...), eta antzera suertatu da 'porlana' hitzarekin eta beste hainbeste eleekin.
शान्ति, শান্তি, 'xanti' ahoskatzen dira, izan ere.
Sanskritoz idatzitako antzinako testu fundazionalen artean asko ta asko hasten direla horrela:
शान्ति शान्ति शान्ति
hau da: xanti, xanti, xanti!
Ezbairik gabe, gure arbaso baketsu ta lasai haren gorazarretan.
Txirri, Mirri ta Txiribiton-ek famatutako kanta (Euskal Mantra ospetsua) bera ere garai hartakoa dukegu:
Xanti, xanti, xanti,
txiribi, txiribitero.
Xanti, xanti, xanti,
txiribi, Txiribiton.
Txin pon!
Izan ere, Euskal Mantra entzutetsu hori XX. mendearen hasieran aurkitua izan zen, Himalaya mendietan kokatutako monasterio ezkutu batean. Hona hemen jatorrizko sanskritoz idatzia:
शान्ति शान्ति शान्ति
चीरिबी चीरिबी तेरो
शान्ति शान्ति शान्ति
चीरिबी चीरिबितोन््
चीन्् पोन््
Esan bezala, sanskritoz izkiriatutako testurik zaharrenetakoak (eta aldi berean goretsienetakoak) "Xanti, Xanti, Xanti!" ("śānti śānti śāntiḥ") batez hasten dira, jeneralean aurretik ॐ Oṁ silaba sakratua daramatela.
ॐ शान्ति शान्ति शान्तिः ।।
Oṁ śānti śānti śāntiḥ
Zer esanik ez, ॐ Oṁ (Ommmm!) ezagunaren jatorria hantxe aurki dezakegu halaber: espekulazio ugari egon da eta dago Oṁ horren inguruan, denetariko esplikazio peregrinoak eman zaizkiolarik. Ai, euskara pixka bat balekite! Argi baitago euskarazko 'ON' hitza besterik ez dela, izan ere Xanti-ren gorazarretan falta ezin den hitza: Xanti hura ez baitzen besterik gabe Xanti, ON Xanti baitzen:
ON Xanti Xanti Xanti!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: