Atzo autobusean nindoala....

juliusland 1456150133745 **TEO SAGARDOTEGIXAN** | 2007-03-21 12:17

Atzo autobusean nindoala bat-batean egoera bitxi batean ikusi nuen neure burua. Elur bustiak  leihoak lurruntzen zituen eta iluntzen zegoenez ez zen ezertxo ere ikusten. Orduan autobusa ohiko abiaduran baino askozaz polikiago zihoan. Autobus geltoki bakoitzean egunero ikusten ditudalako ezagun ditudan pertsona multzoak batzen zituen.

 Baina Ibai ondoko geltokian noizean behin etortzen diren bikotea igo zen, horrek harritu egin ninduen. Eurak Senegaldarrak dira, eta motxila bat eraman ohi dute bizkarrean. Normalean arropa gutxi daramate soinean eta sartu bezain pronto begirada hotz batez  zeharkatzen dute autobusa, baina eseri, berriz, aurrealdean beti.

 Sartu bezain pronto batak besteari motxilan zuena erakutsi zion, Cd pila ziren: Paulina Rubio, Maná, Fito, Golden Apple Quarter, besteak beste eta baita hain “kutreak” izaten diren  Caribe Mix eta antzekoak.

 Baina bat-batean gidariak argiak kendu zituen eta nik musika entzuten jarraitu nuen tunel baten sartu eta argia egon zen arte. Orduan, surrealista iruditu zitzaidan sentitzen ari nintzena. Aspaldidanik Su ta Garreko bateria-jolea (Galder) autobusetako gidari lanetan ibiltzen da. Atzo kasualitatez halaxe izan zen.Hau da, autobusaren aurrealdean bolantean Su ta Garreko kidea, horren atzean, Cd piratak saltzen dituzten “negrituak”, eta horien eskuman ni neu mp3an Emuletik jaitsitako musika entzuten.  Triangelu xelebrea sortu zen bat-batean.

 Non dago bada legaltasun/ilegaltasun arteko muga? Zein da ilegalagoa 17 €-tan saltzen duen musika produkzio-etxe bat zeinak bere langileak (musikariak) beste lan bat egitera “behartzen” dituen diruaren gehiengoa produkzio-etxeak lapurtzen baitu, bere eta Senegalen dauden senideen bizia bermatzeko itsasoa batel batean zeharkatu eta gero behin herrialde horra helduta disko piratak saldu behar dituen Afrikarra, ala Emuletik musika jaisten duen edozein gazte edota zahar?

 Zaila da galdera horri erantzuna aurkitzea, hori bera pentsatu nuen bart iluntzean. Orduan tuneletik irten eta berriro bueltatu ginen iluntasunera, errepidean barrena. Hotza egiten zuen, baina autobusa aurrera zioan. Bizitza moduan. Bertako bidaiariak ez dira ezertxotaz ohartzen, bakoitza bere ordua noiz helduko zain daude. Orduan botoitxo urdinari “klik” sakatu eta autobusetik salto egiten dute.


Utzi iruzkina: