Tronpeta irakaslea naiz
Tronpeta irakaslea naiz Tronpetategi Publiko batean. Ez dago gaizki tronpeta irakastea, nahiz eta nabaritzen dudan inguruan tronpeta ez dela jendearentzat, nola esan, ezinbestekoa. Inguruan ez dut ikusten lehengo tronpetazaletasuna eta gero eta tronpeta gutxiago entzuten dut herrian. Eskolan tronpeta ikasi dutenak ere ez dira tronpeta jo zaleak azkenaldion. (Tira, esan behar da batzuek ez dutela oso ondo jotzen, baina gurera baletoz, lagunduko genieke).
Niretzat tronpeta irakasgai bat baino gehiago da. Izango banintz, zer dakit nik, matematika irakaslea, ulertuko nuke ikasleei ez gustatzea edo egun guztian batuketak edo biderkaketak egiten ibili nahi ez izatea... Baina tronpeta? Zergatik ez dute tronpeta jo nahi?
Aurten aurreko urteetan somatzen genuen matrikula beherakada areagotu egin da tronpetategietan -gurean eta beste batzuetan ere bai- eta Tronpetakuntza Politikarako Sailburuordetzatik (TPS) adierazi digute gure Tronpetategi Publikoari dramatikoki jaitsiko dizkiotela dirulaguntzak, total tronpeta jotzen ikasi nahi duenak hor ditu tronpetategi pribatuak. Urte batzuen buruan gureak egin duela susmatzen dugu. Kontua da Tronpetategi Publikoan 300€ ordaintzen dela eta pribatuetan 800€ baino gehiago. Eta nik uste dut tronpeta ikasteagatik ezin dela jendea halako dirutza ordaintzera behartu, matematika edo beste edozer ikasteagatik bueno, baina tronpeta? Hain da gurea tronpeta! Zer gara gu tronpeta jo gabe?
Iruzkinak
Txadonak 2013-09-28 12:16 #1
<p><em>Tronpetakuntza Politika Sailburua gu tronpatzen ahalegintzen da beti. Baina uste dut TPSari tronpeta baino adarra jotzea gehiago gustatzen zaiola.<br /></em></p>
Utzi iruzkina: