Sardina bat, bi sardina.

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2008-10-11 19:54
2



Badut lagun bat bizi omen dugun krisia ondo baino hobeto azaltzen dakiena. "Sardina-lataren parabola" deitzen dio berak gaia ilustratzeko erabiltzen duen narrazioari. Berak kontatu bezala kontatzen dizuet nik:

Suertatu ziren irla bakarti batean halako naufrago batzuk. Hondoratutako itsasontzitik atera ahal izan zituzten gauzetatik bakarra geratu   zitzaien hilabeteak pasa ahala:  sardina-lata bat (*),naufragoetako batek ordura arte ezkutuan izan zuena. Lataren jabeak bost kokoren truke saldu zion bigarren naufragoari, honela irlako pertsonarik zoriontsuena bihurtuz. Bigarren naufrago honek, ordea, arin baten saldu zion lata hirugarrenari hamar kokoren truke. Hirugarrenak ere ez zuen asko itxaron eta hilabete gutxiren buruan laugarrenari saldu zion, hogei kokotan oraingoan, prezioa azkar igotzen ari baitzen. Bosgarren naufragoak handik urtebetera lortu zuen lata, ordaindu behar izan zituen berrogei kokoak biltzen ibili baitzen. Seigarren naufragoa kokoak aurrezten ari zen, banan-banan; kostata, baina berak ere lortuko zuen lata. Halako batean, aitzitik, bosgarren naufragoak erabaki zuen irlan erori zireneko bigarren urteurrena ospatzeko -eta irlakideei inbiria pixka bat ematearren ere bai- lata zabaldu eta berak bakarrik jango zituela sardinak. Seigarren naufragoak ez zuen latarik erdietsiko, lastima!. Heldu zen eguna eta lata zabaltzeaz batera ohartu zen bosgarren naufragoa lata barruko sardinak alferrik galduta zeudela, ustel-ustel eginda. Orduan, kupidagabe, esan zion lata erosteko zain zegoen seigarrenak: -Babua! Lata ez zen jateko, saltzeko zen, saltzeko! Babua!





(*) Izatez, uste dut "lata bat sardina" izan beharko lukeela, zeren lata sardinaz beteta baitzegoen, hori argi dagoela ematen du. Baina hau beste istorio bateko auzia litzateke, beste upel bateko ardoa, beste errota batean ehotako irina, alegia: irla bakartian suertatzen diren euskaltzainena. Kontatuko dizuet inoiz ipuin hau ere.



P.S: Ganorabako hauek ere azalduko dizuete krisi hau nondik datorren.





Benito

Benito 2008-10-12 18:58 #1

Bigarren ipuin horrek prometitu egiten du.<br>

Txadonak

Txadonak 2008-10-13 17:32 #2

Jozulin Grimm?<br>Euskaltzaina irla bakartian... leiduteko deseetan gaozak.<br>


Utzi iruzkina: