Piano baten gainean (V): Dmitri Shostakovichek bazuen sekretu bat.

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2009-01-18 23:26




"Esku biak moztuko balizkidate ere, luma hortzekin hartuko nuke, eta, guztiaren gainetik, musika idazten jarraituko nuke"

"Heriotzari diogun beldurra giza emozioetan bortitzena izan daiteke. Batzuetan pentsatzen dut ez dagoela sentipen sakonagorik. Baina, ironikoki, beldur horren eraginpean sortzen ditugu gizakiok poesia, prosa eta musika; hau da, bizitzarekiko lotura sendotzen ahalegintzen gara"


                                                                 Dmitri Shostakovich


Dmitri Shostakovich artista ez ulertuaren adibidetzat har dezakegu. Garaiko musika kritikariek "atzeratuentzat edo zortzi urteko umeentzako" musika idazten zuela esan zezaketen, Stravinsky, Shoenberg eta beste batzuk molde berriak zabaltzen ari ziren bitartean Shostakovichek jarraitzen zuelako sinfoniak, laukoteak eta kontzertuak konposatzen. Jendeak maite zituen lanok, ordea, eta honek frogatzen zuen -kritikarien arabera betiere- publikoaren gustu eskasa. Are gehiago, mendebaldeko musika kritikariek "propaganda komunistatzat" hartzen zituzten bere konposizioak eta aldi berean Soviet Batasuneko Alderdi Komunistako burukide zenbaitek "burges eta dekadentetzat" jo zuten Shostakovichen obra.
Gizon urduri moduan deskribatu izan dute batzuek: garbitasunarekin eta ordenarekin "obsesionatuta" zegoen, tik ugari erakusten zituen aurpegian, eskutitzak idazten zizkion bere buruari posta zerbitzua nola zebilen frogatzeko...
Bere biografoen arabera Dmitri Shostakovich erretzaile, edale eta futbolzale -futbol epailea ere bazen- amorratua izan zen baina hiru zaletasunotatik lehenak eraman zuen, antza, mundu honetatik, birikietako minbiziaz hil baitzen 69 urte zituela.
Musikari handiak, baina, bazuen sekretu bat: Oliver Sacks-ek kontatzen digunez, garuneko ezkerreko bentrikuluan lehergailu baten metraila zatia zeukan iltzatuta. Shostakovichek ez zuen inoiz metal zati hura atera nahi izan. Esaten zuen burua alde batera edo bestera okertzen zuenean musika entzun ahal zuela eta doinu guztiak desberdinak zirela beti. Hortik ateratzen zituen bere obretarako ideiak. Dmitri Shostakovichek burua musikaz beterik zeukan. Hitzez hitz.









Utzi iruzkina: