Piano baten gainean (II): Nicaren ametsa
Jazzalea bazara, seguru hamaikatxo aldiz entzun duzula Horace Silver-en Nica’s dream. Bertsioak ere asko topatuko dituzu hortik zehar eta Real Book-en ere hortxe duzu. Egun batean, baina, galdetzen diozu zeure buruari: Nor da, nor zen Nica hori? Nicanor? Nicasio?
Nica, Panonnica Koenigswarter baronesa zen, Lord Rothschilden alaba. Munduko diru guztiaren jabe, garai hartako jet society-aren luxuzko bizimodu hutsean geratzeko jaioa zirudien. Bere izenaren orijinaltasunak, baina, beste bide batzuetatik eraman zuen. Izena. Entzun duzue inoiz Pannonica izena?
Lord Rothschild tximeleta ehiztaria zen, beste gauza askoren artean –badakizue, aberatsak nahi dutena izan daitezke- eta halako batean espezie berri bat aurkitu zuen aspaldi Pannonia baina gaur egun Hungaria izenez ezagutzen dugun herrialdean; hortik Pannonica, Nica lagunentzat: pianojolea, margolaria, drogazalea...
Nica izan zen be bop-aren sortze garaiko musikari handi askoren laguntzaile handia, bereziki Thelonious Monk pianojole erraldoiarekin izan bazuen ere harreman estuena. Nicak ordaintzen zizkien musikari beltz haiei etxebizitza eta bizioak, Nicak eramaten zituen estudioetara grabatzera bere limusina luzean, Nicak ordaintzen zizkien medikuak eta ospitaleak gaixotzen zirenean eta abokatuak nahi baino gehiagotan legearekin arazoak izaten zituztenean. Nicak hartu zituen etxean nora jo ez zeukatenean. Thelonious Monk eta Charlie Parker, Bird, Nicaren etxean hil ziren. Parkerri azken atea zabaldu zion Nicak, Stanhope hoteleko bere gelarena, saxofoilariak kalean hil beste aukerarik ez zuenean. Monk, bere gelatik apenas irten barik eta denbora gehiena hormari begira, hamar urtez bizi izan zen Nicaren etxean, Weehawkenen, Hudson ibaiaren beste aldean, New Yorkera begira zituen miradore erraldoidun jauregian. Diotenez, Manhattaneko skyline famatua bertatik ikusten da ederren.
Nica’s dream Horace Silverren doinu ezagunaz aparte beste asko eskaini zizkioten Pannonicari bere lagun musikariek esker onez: Pannonica, Thelonious Monkek; Nica’s tempo, Gigi Gryce-k; Blues for Nica, Kenny Drew-k; Tonica, Kenny Dorham-ek; Thelonica, Tommy Flanagan-ek...
Zer dagoen abesti baten atzean!
Iruzkinak
Utzi iruzkina: