Piano baten gainean (I): Elisa eta Teresa
Ludwig Van Beethovenen piano pieza famatuenetakoa izango da seguruenera “Elisarentzat” edo Pour Elise, gaur egun gusturik gabeko jendearen segapotoetan ere entzun daitekeen berbera. Pentsa dezakegu, erromantikoak izaki, musikari gorraren maitasun platoniko eskuraezina zela Elisa edo bere emaztea, ama, arreba... eta berarentzat idatzi zuela Pour Elise. Ez. Elisarik ez zen esistitu. Ez zen Elisa, Teresa zen, Teresa Malffati. Zergatik idatzi zuen orduan Ludwigek Pour Elise eskaintza moduan?
Teresa Beethovenen ikaslea zen eta musikaria erraietaraino zegoen maiteminduta berarekin. Maitasunaren maitasunez, neskarekin ezkontzen ahalegindu zen biziki baina, ikusiko dugunez, zorteak ez zion lagundu. Ezta batere.
Kontua da musika-gau - soirée - batera gonbidatu zutela maisua Teresaren etxera honen gurasoek, Vienako Kartnerstrasse kale dotoreko etxe are dotoreagora. Beethovenen plana argia zen: besapean zeraman partiturako musika estrainekoz jo ondoren, Teresa, honen gurasoak eta Vienako handikiak musika eder harekin liluratuta, denen aurrean eskatuko zuen bere ikaslearekin ezkontzeko baimena. Ezin izango zioten ezetzik esan.
Ignaz Gleichestein Teresaren koinatuaren arabera, neskaren aitak alkohol dexentez hornitutako pontxea eskaini zien gonbidatuei gau hartan eta Ludwigek – urduritasuna baretzeko-edo, agian- nahikoa baino gehiago edan omen zuen mama goxu hartatik. Ondorioz, harrapatutako aitzurraren ondorioz alegia, musikari gizajoak ezin izan zuen interpretatu prest zeukan abestia. Eta ezin izan zion Teresaren aitari ezkontzeko baimena eskatu. Gauza bakarra egiteko kapaz izan zen: partituran Teresarentzako eskaintza idatzi, mozkorrak eragindako dardara eskuetan idatzi ere.
Teresa ezkondu egin zen sei urte geroago, baina ez Beethovenekin, Johan Wilhelm von Drosdick konte hungariarrarekin baino. Ordutik urte askotara, Teresa hil zenean, Beethovenek egun hartan sinatutako partitura aurkitu zuten Teresaren eskutitzen artean gordeta. Musika editore bati erakutsi ziotenean, atoan egin zitzaizkion ezagun maisu gorraren kortxeak eta segituan argitaratu zuen, izentzat berak idazkera dardarti hartan ulertu zuena: Pour Elise, Elisarentzat; Beethovenen lana sailkatu ostean Bagatele WoO 59 izenez ere ezagutuko dena .
Iruzkinak
Utzi iruzkina: