Pentsatzen jarrita... (XXV): Uharteak

jozulin 1456149998367 Baga, biga, bloga! | 2012-11-27 13:52
3

Uharteak aipatzen ditu gaur Anjel Lertxundik Berrian; “Uharteak ziren gure gaztetako irudimena aberasten zuten lurraldeak” dio. Pentsakor geratu naiz eta gogoratu ditut neure gaztaroko uharteak:

Kirrin uhartea izango da nerabezaroan gehien bisitatu nuen irla, Bostak -Los Cinco zen orduan- Enid Blyton-en abenturak behin eta berriro irakurtzen nituenean.

Bigarrena Robinson Crusoe irla da, zalantza barik. Gaztaroko garai batean urtero irakurtzen nuen, uda garaian beti, Robinson Crusoe. Urtero hunkitzen nintzen Viernes ezagutzen zuenean eta urtero beldurtu kanibalak ingurutik ibiltzen zirenean.

Zergatik maite ditu irlak gazteak? Nago uharteak ematen dizkiola gazteari behar dituen mugak. Bestalde, uharteak zulo oteizarrak ere badira, inguratuta sentitzen gara bertan, isolatuta baina ziur, beste lurraldeetako jendearengandik urruti, itsasoak babestuta. Kanibalak agertzen diren arte...

Eta, pentsatzen jarrita, ez dira, ba, abentura handi guztiak irla batean gertatu? Zer dira, irlak baino, Nostromo espaziountzia izarrarte amaigabean, edo Discovery Lurra eta Jupiterren arteko distantzia erraldoian? Zer dira, esaterako, Pequod -edo Acushnet bera ere- zazpi itsasoetan zehar doazen irla errariak ez badira?

leire

leire 2012-12-06 19:42 #1

Txikitan, uste nuen independentzia oso erraza zela. Pentsatzen nuen, Euskal Herriko mugetan pala banarekin jarriko bagina zuloa egiten, marratik zuzenean zanga luuuzea egin, errekortableetan bezala moztu, eta Euskal Herria irla bihurtuko genuke.
Horrela lortuko genuke independenteak izatea, lan eginez, denok batera gure herria uharte bihurtuta Kantauri itsasoan. Irla berria ginateke.
Ez dauka zerikusi handirik idatzi duzunarekin, baina txikitako burutazio hori etorri zait, bere naif-tasunean, bere sakontasunean.
Ondo izan!

Haitz Gibeleta

Haitz Gibeleta 2012-12-06 20:51 #2

Egun uharteak interneten bila daitezke barra-barra, bertan eraikitzen ditu norberak lurralde isolatuak; nik ere badut neurea.

idoitxu

idoitxu 2012-12-07 00:45 #3

Uharteak edo irlak baino nik piraten abenturak eta beraien irlak liluratzen ninduten: Salgari, Verne eta aabarrekoak maite nituen

Utzi iruzkina: