Pentsamenduen pisuaz
Pentsamenduen pisuaz (Gabonetako Sermoia)
John Bargh eta New Yorkeko Unibertsitateko beste irakasle batzuek ikerketa
[PDF] burutu zuten Journal of Personality and Social Psycology aldizkarirako.
Parte hartu zuten pertsonei hitz desordenatu batzuk erabiliz esaldi koherenteak
egiteko eskatu zitzaien. Parte hartzaileen erdiei zahartzaroarekin
erlazionatutako hitzak eman zizkieten
esaldietan, adibidez: "azala, zegoen, gizonaren, zimurtuta". Beste
erdiei esaldi berberak eman zizkieten baina zahartzaroarekin zerikusia zuen
hitza aldatuta, esaterako: "azala, zegoen, gizonaren, leun". Parte
hartzaileek kontu handiz eraiki zituzten esaldiak eta amaitu zutenean eskerrak
eman zizkieten ikerketan parte hartu izanagatik eta igogailuetara joateko esan
zitzaien. Parte hartzaileek ikerketa amaituta zegoela uste zuten baina benetako
esperimentua orduantxe hasiko zen. Pasabidean ikertzaile bat zegoen ezkutatuta
eta, kronometro bat eskuan, neurtu egiten zuen parte hartzaile bakoitzak
ikerketa-gelatik igogailuetara joateko behar zuen denbora. Ondorioa harrigarria
izan zen: zahartzaroarekin zerikusia zuten hitzak erabili zituztenek besteek
baino denbora gehiago behar izan zuten igogailuetaraino heltzeko; astiroago
ibili ziren. Konturatu ere egin gabe, zahartzaroan pentsatze hutsarekin,
zahartu egin ziren; atso-agureak bezala hasi ziren ibiltzen, pentsatu zutenaren
pisuak abailduta.
Honen guztiaren ondorioa, lagunok, ezin da beste bat izan: Datorren 2009 honetan
saia zaitezte baikor izaten, baikor pentsatzen; ez zaitzatela beltzak gainditu,
ez zaitzatela ilunak eraman.
Hitz bitan, pilosopoak dioenez: Ondo pasatzeko jaio ginen! Edo beste pilosopo
haiek ziotenez: Inguruan ditugun neska-mutil pila / muermoa beheraka eta goraka
zakila!
Amen.
Iruzkinak
2008-12-23 15:40 #1
http://www.diegeneration.net/stefan/wp-content/2007/11/hunger2.jpg
Utzi iruzkina: